UPV/EHUko errektoreak bikaintasunean oinarritutako eredua aldarrikatu dau

Bizkaie! 2018-09-11 08:05   Kulturea

Errektoreak nabarmendu dau ikerketeak dauen garrantzia UPV/EHUren unibersidade eredurako.

Euskal Herriko Unibersidadeak hasierea emon deutso 2018/19 ikasturteari. Unibersidade publiko bikaina eta ez-elitistea: horixe da Euskal Herriko Unibersidadeak helburu izango dauen eredu akademikoaren muina, Nekane Balluerka errektoreak adierazo dauenez. Esangura horretan, errektoreak eskatu dau 2019-22 aldirako Unibersidade Planean finantzabide egonkorra eta nahikoa ezartzea, baina ahaztu barik unibersidadearen beraren ardurea baliabideak lortzeko prozesuan.

Adierazpenok 2018/19 ikasturteari hasierea emoteko ekitaldian egin ditu errektoreak, horretarako zeremonia izan baita Euskal Herriko Unibersidadeko Areto Nagusian. Hor izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria; Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria; Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeria, Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte, Lan eta Justiziako sailburu Maria Jesús San José, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otadui, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Eider Mendoza eta Manuel Lezertua arartekoa. Era berean, bizitza akademikoaren, euskal gizartearen eta Legebiltzarreko partidu guztietako hainbat ordezkari bertaratu dira.

Lehenengo, unibersidadeko idazkari nagusi Pedro Iriondo irakasleak 2017/18 ikasturteko memoria aurkeztu dau; horren ondoren, Ana Zubiaga irakasleak, Zientzia eta Teknologia Fakultadeko Genetikako katedradunak, ikasturte hasierako berbaldia emon dau Stitching together our genetic patchworks (Gure adabaki genetikoak alkarregaz josten). Berbaldian, Zubiaga irakasleak azaldu dau DNA sekuentzietako errendimendu handiko teknologien garapenak bide barriak urratu dituala gizakiaren benetako aniztasun genomikoa ulertzeko.

Bestalde, UPV/EHUko errektore Nekane Balluerkak ondokoak azpimarratu ditu: Euskal Herriko Unibersidadeak ikasturte barrian zain izango dituan erronka nagusiak, batez be, bikaintasunaren aldeko hautu garbia egin dau: Unibersidade publiko bat ezin daiteke elitistea izan, eta, beraz, ezin dau oztoporik jarri bere sarbide sisteman, edo gaitasun intelektualaz bestelako eskakizun erispiderik erabili. Baina unibersidade publiko bat izan daiteke, eta izan behar da —eta duda barik gurea holakoa da— bikaintasuna gidari dauen gunea, egunetik egunera hobea izaten lehiatuko dana arlo profesional, intelektual eta instituzionalean, eta persona bakotxari ahalegin eta prestasunik handiena eskaini eta eskatuko deutsona, helburu profesionalak lortzeko lanean eta besteakanako zerbitzuan. Era berean, errektoreak azpimarratu dau orain ontzen dabizen planak UPV/EHUren etorkizunerako izango dauen garrantzia. Hori dala eta, eskatu dau euskal unibersidadearen helburuak beteteko eta kalidadea hobetzeko bestekoa dan finantzabide eredu bat, baina gaineratu dau UPV/EHUk hori eskatzen dauela ardura partekatuaren ikuspegitik, izan be, unibersidadea ez da baliabideak eskatzen mugatu behar; bere eginkizuna be hartu behar dau beregan, helburu biren bidez: lehenik, bere baliabideak sortzea; eta bigarrenik, legez esleitzen jakozan baliabideak ahalik eta modurik eraginkorrenean erabiltea.


Ikasturte barria, proiektu barriak

Errektoreak nabarmendu dau ikerketeak dauen garrantzia UPV/EHUren unibersidade eredurako. Horri jagokonez, eta euskal unibersidade publikoak ikasturte honetarako daukazan proiektuen artetik, nabarmentzekoa da 2019-22 aldirako Ikerketa Plana, izan be hor jasoko dira arlo horretako erronka eta ekimen nagusiak datozen urteetarako. Ikasturte honetan UPV/EHUk beste plan batzuei be ekingo deutse: Eleaniztasun Planari, Euskerearen III. Plan Gidariari eta Garapen Jasangarrirako Plan Estrategikoari.

Era berean, unibersidadeak lan eskaintza publikoak abiarazoko ditu bai administrazino eta zerbitzuetako langileentzat eta bai irakasle-ikertzaileentzat. Arlo akademiko hutsari jagokonez, ikasketa barriak ezartzeko asmoa dago: gradu bikotxak, masterrak, doktorego programak eta prestakuntza dualeko ibilbideak.


Graduko 33.000 ikasle

Graduko 33.000 ikaslek baino gehiagok 2018/2019 ikasturtea hasi dabe UPV/EHUn. Eskainitako 86 graduetan 8.300 ikasle barri matrikulau dira. Emakumeak dira % 55 eta gizonak, % 45. Hizkuntzeari jagokonez, % 52 euskerazko taldeetan matrikulau dira, eta % 48, gaztelaniazkoetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu