Euskadiko 103 euskaltegiek 35.000 ikasle inguru jasoko ditue
2018-09-10 12:39 Euskerea berbagaiEusko Jaurlaritzeak % 44 igon ditu ikasleentzako diru-laguntzinoak.
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak 2018-2019 ikasturterako euskaltegien matrikulazino kanpaina barria aurkeztu dau Barakaldoko Udal Euskaltegian. Euskaldiko udal euskaltegirik handiena dan zentro hori ordezkatuz, Barakaldoko Hezkuntza, Kultura, Euskera eta Gazteria zinegotzi Nerea Cantero izan da, bai eta euskaltegien sareko hainbat ordezkari be. Aurkezpenean azaldu dabenez, Euskadiko Autonomia Erkidegoko 103 euskaltegiek 35.000 ikasle inguru jasoko ditue, eta horreek inoizko diru-laguntzinorik handienak jasoko ditue matrikulea pagau ahal izateko. Eusko Jaurlaritzeak, esate baterako, % 44 igon dau ikasleentzako diru-laguntzinoetara bideratutako aurrekontua, 1.800.000 euro onartuz (igaz 1.250.000 euro izan ziran).
Euskaltegien ordezkariakaz eta aitatu agintariakaz batera izan dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran, HABEko zuzendari Jokin Azkue, bai eta aldundietako, EUDEL, UEMA eta beste erakunde batzuetako ordezkariak be.
Euskerea nabarmen gaztetu eta sendotu da azken hamarkadetan, eta egun bizi dauen egoerea euskarazko hezkuntzearen aldeko apustua egin daben milaka familiei eta euskerea euskaltegietan ikasteko esfortzua egin daben milaka herritarrei esker izan da posible. HABEren datuen arabera, 1986tik, 460.000 herritar izan dira momenturen batean euskaltegiren batean matrikulauta. Apustu hori autortzera gatoz gaur. Eta euskerea ez dakiten herritarrak hizkuntza horretara hurreratu daitezan nahi dogu. Aparteko ahalegina eskatu arren, euskerea ikasteak emoten deutsuna bizitza guztirako da; seguru gagoz erabagi hori hartzea ez jakela damutuko, adierazo dau Bingen Zupiriak.
Zupiria sailburuak Barakaldo jarri dau euskereak hainbat tokitan bizi izan dauen suspertzearen adibide: udalerri horretan, euskaldunak herritar guztien % 2,6 ziran 1986. urtean; egun, % 23 dira; 'Orain dala hiru hamarkada, euskeraz egiteko kapaz ziranak 2.790 persona ziran udalerrian. Barakaldok, egun, 22.000 euskal hiztun ditu; eta euskerea ulertzeko kapaz diran beste 16.000 persona. Saltoa upealakoa izan da, aitatu dau.
Udal Euskaltegiaren izenean, Nerea Cantero zinegotziak berba egin dau: Udalerriak momentu oso egokia bizi dau euskerea sustatzen jarraitzeko; eta nik, euskerearen alde egiteko gonbita luzatu nahi deutset barakaldar guztiei. Azken urteotan lan asko egin dogu herritarren beharrei erantzun ahal izateko, euskerea ikasteko prozesua bateragarri egiteko lan eta familia-biziteagaz. Eta lortu dogu. 700 ikasle izatetik 1.250 ikasle izatera igaro gara, adierazo dau.
Ikasleei erraztasunak emateko apustua izan da, hain zuzen be, izena emoteko epearen edegiera-ekitaldi honetan gehien nabarmendutako alderdietako bat. Zupiriak adierazo dauenez, Eusko Jaurlaritzearen laguntzek % 44 egin dabe gora. Beste erakunde guztien laguntzinoak gehitu ezkero, B2 mailara arteko euskerearen ikaskunteza epe laburrean dobakoa egiteko apustua lortzetik hurrago gagoz: 'Ikasleei laguntza ekonomikoak eskaintzeko apustua garbia da, eta gero eta nabarmenagoa. Eta euskaltegiek gero eta erraztasun handiagoak eskaintzen ditue ordutegien malgutasunari, teknologia barrien erabilereari eta ikaskuntza-epearen bateragarritasunari jagokenez. Helburua da euskerearen ikaskuntzea dobakoa egitea, laster, B2 mailara arte, komunikazinoa bermatzen dauen maila dan neurrian, gaineratu dau.
Eusko Jaurlaritzeak % 6 areagotu dau HABEren (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea) bidez euskaltegi pribatuei egiten deutsen ekarpena; eta % 1,5 udal euskaltegiei egiten deutsena. Guztira, euskaltegien sareak 2018-2019 ikasturterako jasoko dauen ekarpena 32.817.000 eurokoa izango da (20.752.000 euskaltegi pribatuentzat eta 12.065.000 euro udal euskaltegientzat).
Ikasleen profila
2017-2018 ikasturtean, 34.225 ikaslek emon eben izena Euskal Autonomia Erkidegoko 103 euskaltegietako batean. Aitatu ikasketa-zentroetan, 1.300 irakaslek lan egiten dabe. Ikasleen % 80ak euskaltegi pribatuetan emon eban izena. Ikasleen erditik gora B2 eta C1 (% 28,8ak) mailetan emon eban izena. Zupiriak datu hori nabarmendu dau: Egun, maila baxuenak ez dira ikasle gehien dituenak; aldaketa bat emon da maila altuagoen mesedetan. Euskaltegietako ikasle askok beren gaitasuna hobetzea dabe helburu, eta hori oso positiboa da, lotura zuzena baitago hizkuntza-gaitasunaren eta hizkuntzearen erabilerearen artean.
Euskaltegietan izena emoteko kanpaineak, aurten, keinua egingo deutse esaera zaharrei, zabal dabizelako euskal hiztunen artean eta, kasu honetan, ikaskuntza-prozesuari lotu jakoz. Irailean zenbait ikaslek ikastaroetan parte hartuko daben arren, ikasle gehienek urrian hasiko ditue eskolak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!