Maialen Chourraut palisteak zidarra irabazi dau Seu d´Urgellen

Bizkaie! 2018-09-10 08:00   Kulturea

Txapeldun olinpikoak zidarrezko dominea irabazi dau K-1 kategorian Munduko Kopako azken proban.

Basque Team-eko txapeldun olinpikoak zidarrezko dominea irabazi dau K-1 kategorian Munduko Kopako azken proban, Seu d´Urgellen. 2017an brontzea irabazi eban bertan eta urrea 2016an.

Lasartearra oso sendo ibili da astegoien osoan, ondo baino hobeto ezagutzen dauen eta askotan dominak emoten deutsozan kanalean. Maialenek hirugarren postuan bamaitu eban K-1eko lehen sailkapen txandea eta finalera igaro da kategoriako finalerdietan bigarren amaituta.

Olinpiar Jokoetan domina bi dituen kirolariak postua errepetidu dau zapatuko final handian. Bigarren tokian amaitu dau eta ez dau garaipenik lortu 21. atean egindako ukutuagaitik jasotako puntu biko zigorragaitik. Ricarda Funk alemanak eroan dau urrea (102.68), zilarrezko dominea Chourrautek (+1.77) eta brontzea Mallory Franklin britainiarrak (+2.66).

Min eta lesinoakaitik azken urteak Maialen Chourrautentzat errezak izan ez diran arren, gipuzkoarrak ez dau aurten hutsik egin hitzordu handietan. Laugarren izan zan Pragan jokatutako Europako txapelketan eta bigarren izan da egunotan, Munduko Kopako finalean. Hilebete honetan beste erronka bategaz zarratuko dau denporaldia, Rio de Janeiron jokatuko daben Munduko txapelketeagaz.

Maialen Chourrautez gan, Irati Goikoetxea eta Ander Elosegi be ibili oraintsuko jardunaldian, K-1 eta C-1 kategorietan, hurranez hurran. Biek 29. postuan bamaitu dabe finalerdietan, eta ez dabe finalera pasetako txartela eskuratu.


Maialen Chourrat (Lasarte-Oria, 1983-03-08)

Umezaroan Maialen Chourrautek ez eban uste piraguismoa bere ogibidea izango zanik. Albaitaria edo astronautea izateagaz egiten eban ames, kirol hau ezagutu eban arte. 12 urte zituala, 1995ean, hasi zan piraguismoan Atletico San Sebastian klubean. Bratislavako Munduko Junior txapelketan parte hartzeko deitu eutsien lehenengoz Espainiako selekzinotik, 2000. urtean. Oraindino juniorra zala, selekzino nagusian sartu eta ordutik bertako kide da. 2004an irabazi eban nazinoarte mailako lehen dominea (Europako txapelunorde 23 urtez azpikoen mailan). Handik aste bira ezker sorbaldako ebakuntzea egin eutsien birritan. Sei hilebetera, barriz, Europako Txapelketa bezperan eskuineko sorbaldea atera eban eta barriro ebakuntzea egin behar izan eutsien. 2008an, Beijingo Olinpiar Jokoetan parte hartu eban, hamaseigarren amaituta. 2009an, Munduko txapelunorde izan, eta handik aurrera munduko lehen bosten artean egonkortu zan. 2011an Munduko txapelketan brontzea irabazi eban, eta 2012 oparo bati Londresko Olinpiar Jokoetan emon eutson errematea brontzezko dominea kolkoratuz. 2013ko maiatzean, Ane alabea jaio zan. 2014an, barriro lehiaketetara itzuli eta nazinoarte mailako dominak pilatzen jarraitu eban: Europako txapelunorde taldeka eta La Seu d’Urgell-eko Munduko Kopan irabazle.

2015ean, nazinoarteko egutegiari Europako txapelketea irabaziz ekin eutson, Munduko rankingeko hirugarren postuan jarriz, eta garrantzitsuena, olinpiar txartela eskuratuz. Rioko Olinpiar Jokoetan hainbeste desiratutako urrezko dominea irabazi eban.

Orain 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoetan dau jomugea. Igazko urtea eta aurtengoa sano gogorrak izan diran arren, aitagarriak dira igazko Taceneko Europako txapelketan taldeka irabazitako zidarra eta aurten Pragako Europako txapelketan banaka irabazitako 4. postua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu