Jantza Plazetan-eko programazinoak Abandoibarra animauko dau irailean
2018-09-07 13:15 KultureaIrailaren 9, 16, 23 eta 30ean, gure folkloreaz gozetako aukerea egongo da.
Bilboko Udalak gure folkloreagaz lotutako lau jarduera programau ditu iraileko domekatan, euskal folklore herrikoia sustatzeko helburua dauen Jantza Plazetan ekimenaren programazino bereziagaz.
Jarduerak irailaren 9, 16, 23 eta 30ean izango dira, Ramon Rubialen eskulturearen ondoko zabalgunean, Aiko Taldearen, Haatik Jantza Konpainiaren, Tio Teronen semeak-en eta Andoni Aresti Jantza Eskolearen eskutik.
Programazinoak, partaidetzan oinarritutako udal aurrekontuen barruan onetsi ziran herritarren proposamen bati erantzuten deutso: bisitetan gaituenei eta Guggenheim Museoaren inguruan ibilten diranei euskal jantzak hurreratzea. Holan, erromeria tradizionaletik, garaikideagoak izan arren sustraiak gure folklorean dituen beste ikuskizun batzuetara doazen lau jarduera proponiduten dira.
Gauzak holan dirala, egitarau berezia domeka honetan hasiko da, Aiko Taldeak zuzendutako erromeriagaz. Jantza tradizionala pasino handiz bizi daben musika eta jantza profesionalek osotutako taldea da. Hamar urte baino gehiago daroez jantzak zabaltzeko lanean. Erromeria horrek, euskal jantza ezagunenen lehen pausuak ezagutzeko eta modu aktiboan parte hartzeko aukerea eskainiko dau.
Hurrengo domekan, irailaren 16an, Haatik Jantza Konpainiaren Itsas lapurrak ikuskizuna izango dogu. Euskal herriak beti izan dau lotura berezia itsasoagaz, nabegazinoan, arrantzan edo piraterian. Haatik jantza konpainiaren helburua garai hareetako bizipenak ezagutarazotea da. Konpainiaren helburua gure kostaldeko bizimodua jantzen bitartez irudikatzea eta kulturen artean itsasontzietan sortzen zan bizikidetzea aurkeztea da, itsasoko gizonek eta emakumeek zituen sinismenetan sakonduz.
Irailaren 23ko emonaldia Tio Teronen semeak taldearen Festamentua proposamenaren eskutik etorriko da. Ikuskizun bitxia, barritzailea, umorez, jantzaz eta erritmoz betea. Izan be, adiskide talde bitxi bati, zorigatxeko egoera batean batzea egokitu jako: hileta batean. Atzera eta aurrera ibiliko dira, jazotakoa ulertzeko ahaleginean.
Jantza Plazetan ekimeneko programazino berezia zarratzeko ardurea Andoni Aresti Jantza Eskolearen eskutik etorriko da, hilebeteko azken domekan. Ekarriko daben lana, hainbat estilotako zenbait konposizino koreografikotan dago oinarrituta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!