Euskaltegirik ez daben herrietakoek be euskerea ikasteko kanpainea

Bizkaie! 2018-09-07 10:50   Euskerea berbagai

Ikasi euskerea herrian bertan kanpainea martxan ipini dau UEMAk.

Ikasturte barriagaz batera, matrikulazino kanpaineari ekin deutsie euskaltegiek. Herri txiki batzuetan, baina, ez dago euskaltegirik eta, hortaz, leku horreetako bizilagunek zailtasunak ditue euskerea ikasi nahi izan ezkero. Hori dala eta, beste urte batez, Udalerri Euskaldunen Mankomunidadeak, UEMAk, Ikasi euskerea herrian bertan kanpainea abian ipini dau.

Mankomunidadeko kide diran herri txikietako ikasleei laguntzinoa emongo deutse UEMAk 2018-19 kursoan. Batetik, euskaltegirik ez dagoan lekuetan ikasle-taldeak sortzeko koordinazinoa egingo dau, jagoken eskualdeko euskaltegiakaz alkarlanean. Bestetik, diru-laguntzino, ordenantza eta halakoen inguruko informazinoa zabalduko dau interesdunen artean.

Euskerea ikasi nahi daben herritarrek, hortaz, euren udalagaz bat egin beharko dabe kanpainearen onurak lortzeko. Udalak berak bideratuko dau guztia, UEMAren bitartez. Udal batzuek modu berezian landu dabe gaia. Legorretako Udalak, esaterako, deialdi berezia egin deutse euskeraz berba egiteko gai ez diran herritarrei. Azken urteotan euskerea ikasi dabenen esperientzia batu dabe bideo baten.

Euskalduntzean ez eze, herri txikien garapenean be eragin nahi dau UEMAk kanpaina honen bidez, bertako biztanleek zerbitzua herrian bertan izan deien. Era berean, euskalduntzeari ekarpen garbia egiten deutso, euskaltegien matrikulazino kanpainearen garrantzia nabarmenduz eta ikasle gehiago lortzen ahaleginduz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu