Euskerea eta mendizaletasuna buztartuko ditue Himalaian
2018-09-06 10:29 Euskerea berbagaiEuskal Herri guztiko 15 gaztek hartuko dabe parte Oxigenoa euskereari 6.000 metrotan be bai proiektuan.
Urriaren 10ean, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 15 gazte eta xerpa etniako beste hamar lagun Everesteko Behe Kanpalekura joango dira, euskerearen eta herrien arteko alkartasunaren aldeko proiektu barri baten parte hartzera. Felipe Uriarte mendizale laudioarra da bultzatzailea eta Eusko Jaurlaritzeak, Nafarroako Gobernuak, Euskal Elkargoak, aldundiek eta beste erakunde ugarik babesten dabe.
Laudion sortu eban egitasmoa Uriartek, mendia eta euskerea lotzeko helburuagaz, baina pixkanaka egitasmoa hazten joan zan, eta azkenean Nepalera heltzea lortu dau, Euskal Herri osoko mendigoizale, ikastetxe, udal, eskualdetako eragile eta enpresen partaidetzeari esker.
Gazteek Everesten magalean hilabete inguruko trekking-a egitea da asmoa. Euskaldunen eta xerpen arteko loturea oinarri dala, egitasmo ugari ditue buruan. Esate baterako, euskerea-ingelesa-xerpa hiztegia sortzea. ETBn saio bi egingo ditue hango bizipenak kontetako. Taldea moltsotan banatuko dabe, finantzaketea, materiala, argazkigintzea eta bideo lanketea, komunikazinoa... lantzeko.
Euskerearen erabilerearen aldeko mezua be eroango dabe Himalaiara. Espedizinoaren leloak idea hori azpimarratzen dau: Oxigenoa euskereari 6.000 metrotan be bai. Estibaliz Alkorta, Eusko Jaurlaritzako Euskerea Sustatzeko zuzendariaren arabera, mugak ez dira sekula oztopo gaindiezinak izan euskerearentzat. Ganeratu dauenez, ez dogu mugarik nahi euskerearentzat. Pirinioen alde bietan bizi-bizirik nahi dogu, bai eta askoz urrunago be. Euskerea bizi-bizirik nahi dogu unibersidadean, esparru sozioekonomikoan, kultura adierazpenetan, aisialdian, jai giroan, kirol jardunean, mendian.
Asmo horretatik jaio da Euskaraldia, erakundeetako ordezkarien arabera, eta Felipe Uriartek bultzatutako proiektu honek be ekarpena egingo dau bide horretan. Horregaitik babestu dabe. Gipuzkoako Foru Aldundiko Garbiñe Mendizabalen ustez, euskerearen erabilerea indartzeko ahaleginari ekarpen polita egingo deutso Oxigenoa euskereari 6.000 metrotan be bai ekimenak: Oraingoan gazteei eskatu deutsegu zeregin berezi hori, euskerea eta gailurrak buztartzeko, indarra eurek dabelako, bai mendiak igoteko, baita hizkuntzeari bultzadea emoteko be.
Kontzertua Oñatin
Himalaiako proiektuari babesa emoteko, kontzertu berezia antolatu dabe, irailaren 16an, Oñatiko San Miguel parrokian. Bertako Udalak lagundu dau antolakuntzan. Et Incarnatus orkestrea izango da emonaldiaren ardatza, Oñatiko Ganbara Abesbatzearen laguntzinoagaz, eta honeek abeslariek be parte hartuko dabe: Mikel Urdangarin, Niko Etxart, Naia Robles, Petti eta Maiderrek. Aurkezlea Pello Zabala izango da.
Felipe Uriartek azaldu dauenez, kontzertuak hainbat helburu izango ditu: Balioko dau Himalaiara joango garen espedizinokideei agur esateko. Bigarrenik, emonaldia eskerrak emoteko erabili nahi dogu, egitasmo hau egia bihurtzen langundu deuskuen erakunde, enpresa eta personei. Hirugarrenik, kultur ekimen bat eskaini nahi deutsagu herriari. Kontzertuak be balioko dau espedizinorako azken aurrekontua osotzeko. Uriartek azaldu dauenez, kontzertuaren bidez, baloreak plazaratu nahi ditue, esaterako, euskerearen erabilerea sustatzea, baita beste hizkuntza gitxituak be -xerpa hizkuntzea tartean-, mendizaletasuna, musikea, alkarlana, alkarbizitzea eta alkarrekintzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!