Euskerea Nafarroa osoan ofizial izan daitela eskatuko dau Kontseiluak

Bizkaie! 2018-09-06 09:01   Euskerea berbagai

Manifestazinoa antolatu dau Iruñean, urriaren 27rako.

Paul Bilbao eta Garbiñe Petriati, Iruñean egindako agerraldian (argazkia: Kontseilua) | Ikusi handiago | Argazki originala

Kalera urteteko deia egin dau Kontseiluak, nafar guztiei euskeraz bizi izateko eskubidea bermatuko deutsan ofizialtasuna eskatzeko. Manifestazino handia egingo dabe, urriaren 27an, 17:00etan hasita, Iruñeko kaleetan, Euskara ofiziala Nafarroan, behingoz lemapean. Paul Bilbao eta Garbiñe Petriati Kontseiluko kideek aurkeztu dabe mobilizazinoa, Iruñean bertan egindako agerraldi baten.

Hizkuntza politikearen alorrean zabaldu dan aro barria aprobetxau nahi dau Kontseiluak aldaketak eskatzeko. Euskaldun guztiak, bereizkeria barik, bardin hartuko dituan egoerea sortzeko aukerea ikusten dogu, adierazo dau Paul Bilbaok. 1986ko Foru Legeak, euskaldunen eskubideak bermatu baino, mugatu egiten dituala dino. Ganera, herrialdea hiru zatitan banatzen dauela gogoratu dau Bilbaok: Euskeraz biziteko eskubidea eremu euskalduneko herritarrei baino ez jake autortzen.

Aurten, euskerearen garapenaren aldeko leihoa zabaldu da Nafarroako Parlamentuan eta aukera hori erabili dau Kontseiluak Euskerearen Lege barria egiteko herritarrakaz alkarlanean. Behin lanketa hori eginda, alderdiei jagoke oinarri barri eta sendoak jartea. Parlamentuak lege barria proponiduteko agindua emon dau hiru erespideren arabera: nafarren hizkuntza-eskubideen bermea, hizkuntza-zonifikazinoa eta euskerearen ofizialtasuna Nafarroa osoan.

Orain ikusten dogu aukerea euskaldunontzat egokia izango dan egoerea bermatzeko. Lege barria, hizkuntza-eskubideak autortuko dituana, egin behar da. Lortu daitekeen zeozer dala uste dogu eta aukera hau pasetan ixten badugu, eragina epe luzekoa izango da, esan dau Bilbaok. Bada garaia urtetan egindako kaltea konpontzeko.

Egoera barrira igarotzeko bidea alkarlanean eta guztiok alkarregaz egin beharra nabarmendu dau Kontseiluko ordezkariak. Guztioi eragiten deuskun zeozer dan neurrian, guztioi jagoku, bakotxari bere lekutik, jagokona egitea. Eragileakaz partekatuko dogu egoerea eta hareek be honen parte izatea nahi dogu.

Alderdi politikoei dei zehatza egin deutse Bilbaok: Neurri baten hareen esku dago aldaketea. Euskeraz bizi nahi daben herritarrei erantzun egokia emon behar deutsie. 2011n izandako jarrerea berreskuratu deiela eskatzen deutsegu. Oposizinoan egozanean erakutsitako irmotasuna izan deiela benetako aldaketea lortu ahal izateko.

Kontseiluak eta bertako bazkideek euskal herritarrei eta, batez be, nafarrei dei egite deutsie urriaren 27ko mobilizazinoagaz bat egiteko eta behingoz zonifikazioa amaitu eta ofizialtasuna Nafarroa guztian lortzeko. Manifestazinoaren ezaugarriak aurrerago aurkeztuko badira be, Bilbaok aurreratu dau hainbat gauza irudikatuko dirala bertan: zonifikazinoa gainditu beharra, alkarlana eta abar.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu