Produkzino osoaren % 40 Euskal Sagardaoa Jatorri Izendapenekoa da dagoeneko

Bizkaie! 2018-09-04 08:25   Jan edanak

Danetara, 4 miloe litro sagardao egin dira Euskal Sagardaoaren Izendapenaren barruan.

Bigarren uzta honetan 48 sagardaotegi eta 270 sagardaogile izan dira guztira Euskal Sagardaoa Jatorri Deitureagaz lan egin dabenak.

Gipuzkoako Sagardaogileen Alkarteak urtero Donostian ospatzen dauen Sagardo Egunean aurten 37 upeltegik hartu dabe parte. Hitzordu hau erakusleiho bihurtzen da Euskadiko produktu izarretako bat probetako, eta gonbidapena, urte osoan zehar sagardaoa edateko ohiturea zabaltzeko. Jaira Eusko Jaurlaritzearen izenean, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua eta Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea batu dira.

Sagardaogileak sektorea profesionalizau eta kalidadea hobetzeko pausu sendoak emoten dabiz, eta bide honetan azken urteetako proiektu esanguratsuena Euskal Sagardaoaren Jatorri Izendapenaren sorrerea izan da.

Donostiako Konstituzino plazan, Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak Euskal Sagardaoaren bizitza laburraren balantzea egin dau. Urte bi daroaz proiektuak martxan eta gero eta sagardaotegi eta sagardaogile gehiago dabiz batzen proiektura, eta ondorioz, jatorri izendapeneko sagardao kopurua be gora doa. Tapiak esan duenez, datuak pozteko modukoak eta sektorea zoriontzeko modukoak dira.

Orain konsumiduten gagozana 2. uzteari, 2017ko uzteari jagokon sagardaoa da. Lehen uztan (2016 produzidu eta 17an konsumidutakoan) 35 sagardaotegi eta 200 sagardaogile egozan Jatorri Deituran eta miloe bat eta erdi sagardao produzidu zan.

Orain, barriz, 48 sagardaotegi (41 Gipuzkoan, 5 Bizkaian eta 2 Araban) eta 270 sagardaogile dira Jatorri Deituran dagozanak. Danetara, 4 miloe litro sagardao egin dira Euskal Sagardaoaren barruan, produkzino osoaren % 40 inguru.

Sailburuak esan dauenez, 2018ko uztea aurrekoa baino txikiagoa dator kopuruan, baina kontuan izan behar da 2017koa ohikoa baino askoz be handiagoa izan zala. Sagardaogileek dinoenez, uztea nahiko aurreratua dator igaz legez eta martxa honetan irailean hasiko dira sagardaoa egiten zenbait upategitan.

Sagardaotegien % 70 dagoz Jatorri Deituran, eta Jaurlaritzeak 2030erako guztia bertoko sagar hutsez egiteko konpromisoa dauka.

Sagardaoaren produkzino gehiena Euskadin konsumiduten da. Esportazino datuak ez dira oso handiak sagardaoaren kasuan, % 3 baino ez da saltzen Euskaditik kanpo.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu