Juan Orobiogoitiaren jaiotzearen 300. urteurrena gogoratuko dabe
2018-09-04 11:28 Euskaldunak munduanLiman eta Iurreta jaioterrian egingo ditue ekitaldiak.
Iurretako semerik ospetsuenetako bat izan zan Juan Orobiogoitia merkataria (1718-1794) eta haren jaiotzearen 300. urteurrenean gogoan hartuko dau Gerediaga alkarteak, Iurretako Udalagaz eta Juan Orobiogoitia institutuaren laguntzinoagaz.
Eusko Jaurlaritzako Gazteria Saileko ordezkaritza batek bidaia egingo dau Perura, hango proiektuak eta eskolak bisitetako eta, bide batez, Juan Orobiogoitiaren omenezko ekitaldi baten hartuko dau parte, Lima uriburuko San Frantzisko komentuko Euskal Nazinoaren Kaperan. Han dago lurperatuta merkatari iurretarra.
Lora eskaintzea egingo dabe Ander Añibarro Jaurlaritzako Gazteria zuzendariak eta Itziar Irazabal Gerediaga Alkarteko kideak Liman, irailaren 9an. Data esanguratsua da hori Limako euskaldunentzat. Arantzazuko Ama da euren jagolea, 1612an Euskal Nazinoko Zalduntxuen Anaiartea sortu ebenetik, eta urtero ospakizun eguna izaten da.
Irailaren 13an, ostera, Iurretan antolatuko ditue ekitaldiak, Juan Orobiogoitia 1718ko irailaren 13an jaio zan eta. Herriko gaztetxuentzat egurrezko jolasak atonduko dira Olaburu pilotalekuan, 17:00etan hasita. 19:00etan, Xabier Lamikiz EHUko irakasleak berbaldia emongo dau, Orobiogoitiari eta Limara joandako euskaldunei buruz.
Udaletxeko batzar aretoan izango da ekitaldia, eskola zaharra eregi eben lekuan, Orobiogoitia gogoratzeko jarrita dagoan haretxaren aurrean jantzan egin eta gero. Iurretako eskola zaharra, hain zuzen be, Orobiogoitiaren ekimenez zabaldu eben.
Juan Orobiogoitia Oromiño auzoko Orobiogoitia baserrian jaio zan eta gazterik joan zan Perura, San Juan de los Reyes (gaur egungo Lima) urira. Euskaldunen esku egoan orduko Limako merkataritzea. Orobiogoitiaren bizitzaz gitxi badakigu be, merkataria zala garbi dago. Limako konsuladuko epaitegiko kontseilaria izan zan eta Hermandad de los Caballeros Hijosdalgos de la Nacion Vascongada-ko kidea be bai.
1794an hil zan, oinordekorik itxi barik. Iurretako herriari 6.000 peso itxi eutsazan, Hil-kaperea egiteko. Ganera, beste 4.000 peso emon zituan Iurretan Lehen Letren Eskolea egiteko. 1801ean sortu eben eta sasoi haretarako metodo aurrerakoiak erabilten ziran han.
Eskola zaharra 1972ra arte egon zan Iurretako plazan, baina gaur egungo lekura eroan eben orduan. Juan Orobiogoitiaren izena emon eutsien 1997an eta, gaur egun, Maiztegi eskolea da. DBH eta Batxilergoko ikastetxeak, ostera, Juan Orobiogoitia izenari eutsi deutso.
Gerediaga Alkarteak antolatu eta Iurretako Udalak eta Juan Orobiogoitia ikastetxeak lagundu dabe ekitaldietan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!