Munduko herri eta etnia izenak arautu ditu Euskaltzaindiak

Bizkaie! 2018-09-04 07:58   Euskerea berbagai

177 izeneko zerrendea dakar 190. arauak.

Euskaltzaindiak 190. araua onartu dau, munduko etnia eta herrien izenei jagokena. Bost kontinentetako herri ugariren forma arautua dakar zerrendeak: Guantxeak, khoikhoiak, txetxenak, tartaroak, rohingyak, komantxeak, maputxeak…baita forma horreen oinarrian dagozan erespideak be.

Etnien izena mailegatzeko orduan, kontuan hartu da tradizinoa eta entziklopedien, eskola‑liburuen eta komunikabideen erabilerea, baita nazinoarteko jokerak be. Aldagai horreek guztiak kontuan izanda erabagi ditu Euskaltzaindiak 190. arauko erespideak eta zerrendak.

Etniaren izena egoten da hizkuntza-izen askoren atzean. Berbarako, amharera hizkuntzea amhara etniaren hizkuntzea da, eta balutx etniaren izenetik eratorria da Balutxistan leku‑izena. Bestetik, batzuetan, nahasian agiri dira etniaren izena eta lurralde bateko herritarren izena, baina, gehienetan, biak bereizi beharra dago. Adibidez, kirgiz etniakoen lurraldea Kirgizistan da, baina Kirgizistango herritarrak kirgizistandarrak dira berez, eta kirgizistandar guztiak ez dira kirgizak. Hau da, kirgizistandar berbea Kirgizistango herritartasunari jagoko, eta kirgiz berbea, barriz, etniari.

Zerrendan bost kontinentetako 177 etnia eta herriren izenak sartu ditu Akademiak, alfabetoko hurrenkeran. Ohiko moduan, izen horreen gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko ordainak be badakarz.

Arau honek loturea dau munduko herritartasunen eta hizkuntzen inguruko beste arau batzukaz. Horregaitik, arau barri honek lehenagoko besteren bat aldatzea eragin dau. Esate baterako, paxtun etnia izena onartu da eta, hortaz, hizkuntzea be paxtunera izango da aurrerantzean, orain arteko paxtuera baztertuta. Euskaltzaindiaren Hiztegian, 38. arauan (Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak) eta 53. arauan (Munduko estatuetako hizkuntza ofizialak) aldaketa hori egin barri dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu