Gorka Alvarez: 'Diasporeak Euskadin erakutsi gura dau egiten dagoan lana'

Dabi Piedra 2018-09-03 08:00   Barriketan

Kanpoko Euskal Komunidadearentzako Eusko Jaurlaritzako zuzendaria.

Atzerriko euskal komunidadeen aspaldiko eskakizun bati erantzunaz, irailaren 8an, zapatuan, lehenengo aldiz ospatuko da Euskal Diasporearen Eguna. Mundu zabalean dagozan euskal etxeen ekimenez, Eusko Jaurlaritzeak emon deutso bultzadea ospakizunari, atzerriko euskaldunek egiten daben ahalegina erakutsi eta jaioterritik urrun joan behar izan ebenen historia gizarteratzeko asmoz.

Kanpoko Euskal Komunidadearentzako zuzendaria da Gorka Álvarez Aranburu, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritza Sailean. Berak azaldu deuskunez, munduko 25 herrialdetan dagoz euskal etxeak eta guztiei dei egin deutsie irailaren 8an ekitaldiak antolatzera. Gasteizen be, ekitaldi instituzionala egongo da.

 

1.- Lehenengoz egingo da Euskal Diasporearen Eguna. Zer dala eta sortu dozue halako egun bat?

Hau diasporako euskal komunidadearen eskaera historikoa izan da aspalditik, atzerrian bizi diran euskaldunakaz egiten doguzan kongresuetan beti aitatzen izan da zeozer egiteko beharra.  Batetik, Euskal Herrian diasporea hobeto ezagutzeko eta, bestetik, diasporako herritarrek euren nortasunagaz lotutako egun bat izan deien. Urteotan proposamen ugari egin dira eta, aurten, urte hasieran, Kanpoan diran Euskal Komunidadeen Aholku Batzordean erabagi genduan irailaren 8a ezartea horretarako. Lehenengo urtea danez, ez genkian oso ondo zelan bideratu egun hau, baina azkenean atal bitan banatuko doguz ekitaldiak: Batetik, ekitaldi instituzionala egingo dogu Gasteizen, Lehendakaritzearen egoitzan, Iñigo Urkullu lehendakaria egongo da bertan. Bestetik, munduko euskal etxeei deia egin deutsegu eurek be ekitaldiak atondu deiezen eta guztiakaz agenda zabal bat egingo dogu. Pentsau 25 herrialdetan egongo dirala ekitaldiak egun hau ospatzeko.


2.- Euskal nortasuna indartzeko eguna izango da?

Ez horrenbeste. Atzerriko euskal komunidadearen kezkea da luzaroan egindako ahalegina zabaltzea. Diasporako euskaldunen lana Euskadin erakusteko gogoz dagoz. Hemen kontziente izan behar dogu euskaldunak dagozala munduko hainbat lekutan.


3.- Irailaren 8a aukeratzeko arrazoi jakinik badago?

Gobernuak egun hau aukeratu eban, baina gogoan izan behar da ez dala Gobernuaren gauza bat, komunidadearena baino, guk enkargua jaso eta martxan jarri dogu, besterik ez. Ze data aukeratu ez genkian hasieran, galdeketa bat egin genduan euskal gizartean eta diasporan eta hainbat proposamen jaso genduzan. Horreek aztertu eta gero, Aholku Batzordeak erabagi eban zein zan egokiena. Kontuan izan behar da munduaren hegoaldeko hemisferioan orain negua dala, esaterako, eta egun hau munduko leku guztietan ospatzeko modukoa izan behar da. Ezin zan data erlijiosoa izan, politikoa be ez, hau danontzako da.


4.- Euskal etxeek zelako ekitaldiak antolatu ditue egun horretarako?

191 euskal etxe dagoz 25 herrialdetan, bakotxak askatasuna izan dau nahi izan dauena antolatzeko. Euren herrialdean euskaldunek izandako eragina erakusteko ekintzak egingo ditue batzuek, beste batzuek jantzak, koruak, picnic-ak... Ekimen guztiak jasoten gabiz, laster agenda osoa zabaltzeko.


5.- Euskal Herrian bizi garenok zelan hartu geinke parte?

Aurten ekitaldi instituzionala baino ez da egingo hemen, baina inportantea da Lehendakariak aitatzea irailaren 8ak aurrerantzean diasporearentzat izango dauen esangurea. Hurrengo urteetan nahi geunke hemengo herri eta erakundeek be ardurea hartzea. Esaterako, herrietan egin leikie historiara begiratzeko saioa, kanpora joan diran herrikideak gogoratu edo omendu. Ikasi behar dogu gu herri migrantea izan garela eta ondo hartuak izan garela beste herrialdeetan, hortik asko dogu ikasteko.


6.- Euskal diasporea aktibetako balio leike honelako egun batek?

Berez, euren eskakizuna izan da hau antolatzea. Asko gustetan jake Euskadin erakustea zelako gauzak egiten dituen, euren herrialdeetan euskal nortasuna gordeten dabela agertzea. Euskaldun sentiduten dira eta hizkuntzea, kulturea, ohiturak, gastronomia eta abar lantzen ditue modu aktiboan. Ahalegin hori autortu behar geunke Euskadin gagozanok. Ez da gauza barria, urteak daroez lanean, pentsau Euskal Etxerik zaharrenak, Argentinan, 140 urte bete dituala. Euskal nortasunari eusten deutsie eta, ganera, harro dagoz.


7.- Euskal diasporea, batzuetan, Ameriketara joandako artzainakaz edo iraganeko irudiakaz lotzen dogu. Gaur egungo atzerriko euskal komunidadea zelakoa da?

Artzain joan ziranen sasoia ez da horren aspaldikoa, halakoak badagoz oraindino, jakina. Euskaldunok era askotako emigrazinoak izan doguz, XV. mendean hasita: Lanerako emigrazinoa, politikoa... Gaur egun gazte asko joaten dira atzerrira, batez be, ikasketak amaitzeko, esperientzia hartzeko eta beste hizkuntza batzuk ikasteko. Gaur egungo emigrazinoa desbardina da lehengoaren aldean, gehienek bertora bueltetako proiektua daukielako, aurreko belaunaldi asko han geratu ziran bitartean.


8.- Atzerrian errotuta dagozan euskaldunen artean, euskal nortasunari eusten deutsie ala lotura hori galduz doa?

Gaur egun informazinoaren aroan gagoz, euskal nortasunari hemendik urrun eustea askoz errazagoa da orain. Interneten sartu eta hor dozuz pilo bat baliabide, ETB Sat be badago... hartu-emonak estuagoak dirala esango neuke. Halandabe, teknologia barriek badakarre arazo bat be, ze lehen, euskal komunidadeagaz batzeko euskal etxera joan behar zan jentea eta orain, ostera, norbere etxean bakarrik, ordenagailuari esker euskal mundua eskura daukie. Horrek ekarri leike inguruko euskal komunidadea baztertzea, herrialde bateko euskaldunak alkarregaz gitxiago batzea. Euskal etxeak sustatu behar doguz. Hain zuzen be, Euskal Diasporearen Egunak horretan lagundu leike.


9.- Lehenengo edizinoa da aurtengoa, baina urteroko ekitaldi bihurtzea da asmoa, ezta?

Hori da asmoa, bai. Hemendik aurrera gogoan izan beharrekoa da: Irailaren 8a, Euskal Diasporearen Eguna. 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu