Bizkaiko ondare arkitektonikoaren historia aztertu dau EHUko Eva Diez Patonek
2018-08-30 09:47 KultureaBizkaitarrak euren inguruko aberastasun artistiko eta monumentalaz jaubetzeko prozesua luzea izan zala dino.
Eva Diez Paton EHUko Letren Fakultadeko Artea eta Musikearen Historia Saileko ikertzaileak egindako dokumentazino-lan handiak agirian itxi dau zelakoa izan zan Bizkaiko gizartean lurraldeko aberastasun artistiko eta monumentalaz jaubetzeko prozesua. Azterlanean atera dauen ondorioa da, prozesu luzea izan zala, ehun urte ingurukoa.
Gaur egun, ia edozeinek aitatu leike bere herri edo uriko jauregi edo tenplu bat. Baina XIX. mendean eta XX.aren lehenengo hamarkadetan, irudipen orokorra zan Bizkaia monumenturik eta ondare historiko-artistiko esanguratsurik bako lurraldea zala, azaldu dau Eva Diez Patonek. Uste oker hori sasoi baten horren zabaldua egonik, Diez Patonek arretea jarri eban horretan. Orduan ekin eutsan ondokoa bilatzeari, zer dala eta sortu zan irudipen hori, eta, batez be, zelan apurtu zan, zelakoa izan zan biztutea, hau da, lurraldeko aberastasun artistiko eta monumentalaz jaubetzeko prozesua.
Ikerketako datuak batzeko, milaka agiri aztertu ditu: Monumentuen konserbazino eta zaharbarritzeen espedienteak, Bizkaiko Foru Aldundiaren Agiritegikoak, San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiakoak eta hainbat udal-artxibotakoak. Artxibo-lan horretan, argitalpenak bilatu dodaz, fotografikoak zein idatzizkoak, 1844 eta 1936 urteen artekoak, monumentuen batzordeak sortu ziran urtetik Gerra Zibila hasi zan artekoak.
Diez Patonek ikusi dauenez, jazoera jakin batek eragin eban, batez be, Bizkaiko gizartean ondare historiko-artistikoa aintzat hartzen hastea: Historiografia Artistikoa garatzeak, hau da, historiari buruz idazten hasteak, edo monumentuei buruzko monografia txikiak argitaratzen hasteak. Prozesu horretako beste mugarri garrantzitsu bat izan ziran Bizkaiko Monumentuen Batzordea (1844an sortua), Euskal Kultura Batzordeko konserbazino-atala (1921ean sortua) eta antzekoak. Horregaz batera, museoak agertu izana be bultzadea izan zala uste dau EHUko ikerlariak: Jenteari interesa, maitasuna, estimazinoa biztu jakon iraganetik jatorkun ondarearen inguruan.
Erakundeen funtsezko zeregin hori ahaztu barik, norbanako jakin batzuen ekarpena azpimarratu nahi izan dau Diez Patonek bere ikerketan: Jesús Larrea, Manuel María Smith, Manuel Torcida Torre... Horrezaz gan, euskal baserria be aztertu dau, ondare arkitektonikoaren ikuspegitik. Sasoi haretan sortu zan abertzaletasuna, eta baserria identidade haren elementu sinbolikoa zan. 1929an plazaratu zan baserriak babesteko legea eta bide horretan Andrés de Arzadunek egindako lana gogoratu dau Diez Patonek.
Eva Diez Patonek (Bilbo, 1981) EHUko Letren Fakultadeko Artea eta Musikearen Historia Sailean egin dau ikerketea, bere doktore-tesiaren barruan. Tesiaren izenburua da Alma y piedra. Ideologías, conservación, restauración. Política del patrimonio arquitectónico en Vizcaya (1844-1936)/Arimea eta harria. Ideologiak, konserbazinoa, zaharbarritzea. Bizkaiko ondare arkitektonikoaren politikea (1844-1936). Zuzendaria Nieves Basurto Ferro izan da, sail bereko irakasle titularra.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!