Zerbitzaria robot bat da (eta II)

Zigor Aldama 2018-08-29 12:10   Bidaide

Shanghaiko Robot.He jatetxe automatizadua ohartarazpen serioa da, anekdota deigarria baino gehiago.

Txinan zerbitzariak zakarrak diranez eta bezeroakaz hartu-emon handirik ez dabenez nahi izaten, Alibabak Shanghain zabaldu barri dauen jatetxe automatizaduan robotak sartzea aukera egokia dala emoten dau. Behargin askoren gitxiespeneko begiradak eta akatsak baino gurago dodaz, dino Hu abizeneko bezero gazte batek. Alibabak 7 miloe yuan (900.000 euro) inbertidu ditu Robot.He jatetxearen sistemetan, eta enpreseak dino lau hilean inbersinoa berreskuratuko dauela. Gaur jente askorik ez dabil, eguazten bateko 14:00ak diralako, bazkalorduko ordu puntatik kanpo, baina jatetxeak 1.500 laguni emoten deutse jaten asteburuko egunetan.

Itxura oneko hasikerea da. Halandaze, Shanghai erdialdean bigarren Robot.He establezimendua zabaltzekotan da Hema. Bere zabalkundearen inguruko detailerik emoten ez dauen arren, esan leiteke ze lehiakide nagusiaren, JD-ren, bideari segiduko deutsola: 2020a bitartean JOY izeneko mila jatetxe robotizadu edegi dituala aurreratu dau JD-k. Ostalaritzearen industrian estandar barria sortu nahi dogu, batez be bezeroek egunero edo oso sarri erabilten dituen janari errazeko jatetxeen kasuan, azaldu eutsen Txinako hedabideei Hemako kontseilari ordezkariak, Hou Yi-k.

Gure sistemeak eraginkortasuna eta produktibidadea sendotzen ditu, baina badauka hobetzeko tartea. Robotentzako bideek leku handia hartzen dabe eta platerak modu automatizaduan batu eta garbitzeko formularik topau ezinda gabiz. Baina, laster, gizakien laguntzinoa orain baino txikiagoa izango da, horreek zereginak robotek egingo dituelako, baita sukaldarienak be, aurreratu eban Hou-k. Hain zuzen be, AGV roboten bigarren belaunaldia prest dago hurrengo jatetxe barrian erabilteko. Lanerako modu hau egonkortzen danean beste uri batzuetara zabalduko dogu, zehaztu eban agintariak.

Gaur egun robotak bere jatetxeetara jentea erakarteko amua diran arren, nobedadea diralako, Hemaren asmoa ez da hori. Horregaitik, beste establezimendu batzuetan ohikoak diran zerbitzari-androiderik ez erabiltea erabagi dau Alibabak: Selfie ugariren jopuntua badira be, eraginkortasun eta mobikortasun aldetik hutsune nabarmenak daukiez eta Txinako multinazional pragmatikoak beste sistema bat nahi dau, produktibidadea areagotu eta langileen kostuak murriztuko dituana.

Enpresa hori ez da, baina, era horretako helburuak dituan bakarra. OCDE erakundeak egindako azterlan baten arabera, gaur egungo enpleguen % 14 automatizetako apropos-aproposak dira. Ondorioz, lanpostu horreetan dabizan gizakiek % 70 edo gehiagoko aukerea daukie makinen mesedetan lana galtzeko. Txostena zuzen badabil, hurrengo urteotan 66 miloe lanpostu galduko dira aztertutako 32 herrialdeetan. Pentsetakoa dan moduan, eraginik okerrena formakuntza gitxien behar daben postuetan izango dau horrek, eta nazinoarteko erakundearen arabera, ikasketak eta lantzean behineko lana buztartzen dituen gazteen enpleguetan.

Honenbestez, Robot.He jatetxea ohartarazpen serioa da, anekdota deigarria baino gehiago. Horren erakusgarri, Hema supermerkaduetan kutxazainak kendu ditue eta laster ezarriko ditue Txinan garapen bidean diran mezularitza automatizaduko teknologiak. JD eta Amazon lehiakideen dronetatik hasi, eta Baiduk garatu eta laster erabilten hasiko dan ibilgailu automatikoetaraino. Zalantza barik, inork ezin izango dau esan abisau ez deutsienik.

Gero eta alor gehiagotan agertzen hasi diran robotak ugaritzea gauza positibotzat dabenek, arrazoi nagusi bi emoten ditue: Suntsitutako lanpostuak orekatzen ditue teknologion garapenaren arloan sortzen diranek; eta ez da logikoa gizakiek euren denporea alferrik galtzea makinek egin leikiezan lan errazetan. Bigarren arrazoiari kontra egitea gatxa da, baina lehenengoari jagokonez, agirikoa da mundu guztiak ez daukala robotak garatu edo hareekaz lan egiteko gaitasunik. Edozein kasutan, Shanghaiko Robot.He horren adibide garbia da: Kontratau beharrik izan ez daben hogei zerbitzarien ordez, teknikari bi hartu ditue.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu