Zerbitzaria robot bat da (I)

Zigor Aldama 2018-08-14 13:49   Bidaide

Eskaner batek QR kodea irakurten dau eta sistemeak mahai bat emoten deutso jatetxeko bezeroari. Hemendik aurrera, ez dago gizaki gehiagogaz hartu-emonik izan beharrik.

Ironikoa bada be, Alibabak Shanghain zabaldu dauen robot-jatetxe barriko atean lehenengo ikusten doguna gizaki bat da, ondoetorria emoten. Honen arrazoia ez dago roboten hutsuneetan, hazur-haragizko bezeroenetan baino. Jentea oraindino ez dago ohituta hartu-emon guzti-guztiak makinakaz eukiteko, azaldu deusku bezeroei mahaia aukeratzen laguntzen dabilen neska irribarretsu batek.

Horman ipinitako pantaila bitan, Robot.He jatetxeko bezeroek tamainu biren artean aukeratu behar dabe: Mahai txikia gehienez lau lagunentzat da, handian sei be jezarri leitekez. Ondoren, eskaner batek erabiltzailearen telefonoan sortu barri dan QR kodea irakurten dau -internet bidezko Txinako supermerkaduen kate barriaren Hema aplikazinoak sortzen dau kodea-, eta sistemeak mahai bat emoten deutso bezeroari. Gurea C6-a da. Hemendik aurrera, ez dago gizaki gehiagogaz hartu-emonik izan beharrik.

Menua aukeratzeko bide bi dagoz. Lehenengoa aukeratu ezkero, jatetxearen alboko Hema dendatik osterea egin behar da. Sektorea hankaz gora jarteko Alibabak Txinako 13 uritan zabaldutako 57 establezimenduetako bat da. Ez da beharrezkoa orgatxua eroatea, telefonoen bidez nahi doguzan produktuen barra-kodeak irakurri eta gure otzara birtualean kargetan dira. Ordainketa elektronikoetarako Alipay aplikazinoagaz erosketak pagau eta hazur-haragizko behargin batek guk aukeratutako produktuak poltsetan sartzen ditu. Poltsak sabaitik zintzilik dagoan zinta batetik doaz biltegira eta han mezulariak dagoz zain, erositakoa ordu erdi eskasean bezeroaren etxera eroateko.

Uriaren ipar-mendebaldeko Jiading barrutiko supermerkaduan, jatetxearen alboan dagoan horretan, bigarren aukera bat be badago: Erositakoa etxera bialdu beharrean, jatetxearen sukaldera eroateko modua emoten dabe. Kasu honetan, bezeroak jan nahi dauena aukeratzen dau eta zinteak, Aliens filmeko munstroari irabazteko Ripley tenienteak erabilitako exoeskeletodun besoaren antzeko robot eta guzti, sukaldera eroaten dau produktua. Sistema dibertigarria da, bezeroek itsaskia eta arrainak harrapau leikiezelako, ganba, karramarro, abakando eta era guztietako animaliaz betetako ur-biltegi erraldoietan. Hau baino genero freskoagorik ezin topau.

Datil arrainak aukeratu doguz -Pakistanetik ekarriak!-, baita vieira itxurako batzuk be. Azken horreek gordinik atera ditue, hortaz produktua bera baino ez dogu pagau, baina datilen kasuan 20 yuaneko (2,6 euro) prezio gehigarria ordaindu dogu, sukaldean preparau ditue eta. Arrazoizkoa da gainkostu hori, baina Shanghaiko bataz bestekotik gora igon dau fakturea.

C6 mahaian jezarri eta beste plater bi gehitu deutsaguz menuari, jatekoa eskatzeko bigarren metodoa erabilita: Hema aplikazinoaren bidez bazter baten dagoan QR kodea eskaneau eta aukeran dagozan jatekoen zerrendea agertu da pantailan. Udabarri-bilkari batzuk eskatu doguz -bai, Txinan be badagoz-, eta piperrak Shanghai erara, gero damutu egin garen arren, pikanteegi dagoz eta. Telefonoaren bitartez pagau dogu guztia eta gure izena dakarren pantaila baten gure eskari guztia agiri da.

Ordu erdi baino gitxiagoan, auto txikien itxurako Ibilgailu Gidatu Automatiko batzuek (AGV dira ingelesezko siglak) platerak ekarri deuskuez mahaira. Ez dago zerbitzaririk, garbitzaileak bai, ostera. Izan be, Txinan ez da ohikoa jan eta gero bezeroek mahaia garbitzea eta robotek ez dabe ikasi trapua pasetan.

Harritzekoa da jatetxearen neurri zabala. Robotentzako norabide biko zirkuitu ikusgarria dauka, perpendikularrean jarritako mahaietara joateko dozena bat urteera eta guzti. Sukaldea -Kanton erako barbakoa, dumpling-ak eta antzeko kapritxoak egiteko tresneriaduna- atzeko aldean dago. Robotek ilaran itxaroten dabe, sukaldariek jateko egin barria emoten deutsien arte. Lehenengoak estalki gardena zabalik dauka, eta itxaroten dagoan platera adierazoten dau pantaila baten. Holan akatsik ez dago.

Mahai bakotxeko pantailan, robot guztien kokapena denpora errealean erakusten dauen planoa dago. Gure ibilgailu automatikoa hori kolorez agiri da, ganerako urdinetatik bereizteko, eta sukaldariak ganean ipinitako plateraren pisua igarten dauenean, estalkia zarratu eta martxan jarten da. Bataz beste 40 segundu behar dabe mahaira heltzeko, dino bere izena esan nahi ez dauen arduradun batek.

Robota gero eta hurrago dago eta C6 mahaia zehatz-mehatz non dagoan esaten deutsan QR kodeari esker, jagokon lekuan geratu da. Cai lai la! dino, hemen nago, umeenaren itxurako ahots distorsionadu batez, estalkia zabaltzen dauen bitartean. Platera hartzeko denporea behar izan ezkero, ezinegonak hartzen dau robota eta bizkor ibilteko esaten deusku. Azken baten, robot bakotxak plater bakarra eroan leike eta horrek prozesua geldotu egiten dau. Hutsik dagoala igarri eta berehala, AGV-ak estalkia zarratzen dau -kontuz ibili behar da, bapatean egiten dau eta-, bueltea emon eta badoa sukaldera, zeregin barri baten bila.

Platerak heldu bitartean, bezeroek edariak eskatu leikiez jatetxearen hondoko partean, sukaldearen beste aldean, dagoan autozerbitzu tabernan: Garagardoa botetako kañeroak dagoz, freskagarri latak eta botilak, baita ura be. Mobilaren bidez pagetan dira, baina ura doban da. Hau guztia zelan dabilen ikusteko etorri gara, deigarria da, dino Han abizeneko andra batek, hamar urteko semeagaz esperientzia honetaz disfrutetan dauen bitartean. Itsaskia freskoa izatea eta ondo egina egotea gogoko dot. Ganera, robotek ondo entreteniduta daukie semea, dino barrezka. Barriro etorriko dala ziurtatu dau.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu