Bost domina ekarri ditu Iñigo Llopisek Dublingo txapelketatik

Bizkaie! 2018-08-23 09:02   Euskaldunak munduan

Ugerketa egokituko Europako kirolaririk onenak egon dira bertan.

Iñigo Llopis, Dublinen (argazkia: Basque Team) | Ikusi handiago | Argazki originala

Lan bikaina eginda, lepoan bost domina dituala egin dau etxerako bidea Iñigo Llopis ugerlari donostiarrak. Lesino baten erruz, igaz ezin izan zan lehiatu ia-ia, baina guztiz errekuperauta dagoala erakutsi dau Dublingo Ugerketa Egokituko Europako Txapelketetan. Bakarka zein taldeka jantzi ditu dominak BAT Basque Team-eko ugerlariak.

Urrezko domina bat, zidarrezko bi eta brontzezko bi dira Llopisen uztea. Estilo libreko 400 metrokoan irabazi eban urrea, aurkariak nagusitasun handiz atzean itxita. Ondoren, lepo estiloko 100 metrokoan zidarra eskuratu eban, S8 kategorian. Michal Golus poloniarra izan zan onena eta Llopisek burruka estua izan eban Sergio Martos atzean ixteko, bigarren posturako lehian.

Estilo libreko 100 metrokoan beste zidar bat eta 4x100 metroko erreleboetan brontzea jantzi zituan. Azkenik, 4x100 estiloetan, hori be taldeka, biribildu dau txapelketea, brontzea lortuta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu