Fermin Muguruzari emongo deutsie Aste Nagusiko Euskera Saria

Bizkaie! 2018-08-20 10:03   Euskerea berbagai

Hau Pittu Hau konparsearen ekimenez emoten dabe, 2003tik.

Urteotan euskerearen alde erakutsitako konpromiso sendoagaitik, arlo profesionalean zein pribaduan, bere burua euskalduntzeagaitik, eta, batez be, ahal izan dauen guztietan euskereari bultzadea emoteagaitik. Horreek arrazoiak aitatu ditu Hau Pittu Hau konparseak, 2018ko Euskera Saria Fermin Muguruza musikari, abeslari eta dokumentalgileari emoteko.

Konparsa horren ustez, Fermin Muguruzak koherentzia handia izan dau euskaldun legez. Haren ekarpena eta babesa etenbakoak izan dira, Euskal Herriaren eta bertako jaien euskalduntzearen alde. Sariaren bidez, ahalegin hori eskertu eta Muguruza omendu nahi dau Hau Pittu Hauk.

Bere fazeta internazionalistan euskerea mundura eroan eta mundua gurera euskeraz ekarteagaitik, euskerearen aldarrikapenei beti babesa emoteagaitik, bai bere kanten bidez bai hainbat ekimen bultzatuz eta babestuz, eta, zelan ez, hainbat eta hainbat euskal talderi ateak edegiteagaitik be saritu dabe, Hau Pittu Hauk ohar baten azaldu dauenez.

Eguenean, hilak 23, emongo deutsie 2018ko Euskera Saria Fermin Muguruzari, Hau Pittu Hauren txosnearen alboko agertokian egingo dan ekitaldian. 17:00etan hasiko da.

Hau Pittu Hauk, euskerearen aldeko konparsea dan ezkero, 2003tik urtero emoten dau Euskera Saria Bilboko Aste Nagusian, euskerearen garapena, normalizazinoa eta ofizialtasunaren aldeko lana egin daben alkarte edo personak saritzeko asmoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu