Zorion Egileor: 'Jai herrikoiak eskatzeko ahotsa izan nintzan ni'
2018-08-20 08:05 BarriketanBilboko Aste Nagusiko pregoilaria.
Domekara bitartean martxan dagoan Bilboko Aste Nagusiko pregoilari izentau dabe Zorion Egileor aktore mundakarra. Gaur egungo jai ereduaren 40. urteurrenean, Aste Nagusi herrikoiaren bultzatzaileetako bat gogoan hartu nahi izan dabe Udalak eta Konparsek. Izan be, 1977an, Zorion Egileorrek jai herrikoien aldeko manifestazinoa antolatu eban, sasoi haretan Herri Irratiko esataria zala aprobetxauta. Deialdiak arrakasta handia izan eban eta ha izan zan 1978tik aurrerako Aste Nagusiaren lehenengo hazia.
Bederatzi eguneko zeregin nekeza da pregoilariarena, Aixeberri konparsako Saioa Dominguez txupinereagaz batera atzera eta aurrera dabil egunotan. Baina bere burua animoz beteta ikusten dau. Egitaraua asko aldatu dan arren, gustura dabil Egileor, orain dala 40 urte aldarrikatutako printzipioei eusten deutselako Aste Nagusiak.
1.- Pregoilari izateko proposamena egin eutsuenean, zer sentidu zenduan?
Lehenik eta behin, sorpresea izan zan. Horrenbeste denpora pasau eta gero nigaz gomutau izana eskertzekoa da, gauza handia da niretzat. Honek poztasun handia emon deust. Egia da hasikeran urduri-urduri jarri nintzala, baina poztasunak pisu handiagoa dau.
2.- Bederatzi egunotan Aste Nagusiko ordezkaria zara. Aktore lanetan batutako esperientziak laguntzen deutsu karguaren alde publikoa lasaiago beteten?
Baina horreek aparteko gauzak dira! Pelikula edo antzezlan baten papela ikasita daukazu, badakigu nor eta zelakoa izango zaren: Ona, gaiztoa, lehoia, txakura, edo dana dalakoa. Ikasi eta pertsonaia horrekin urteten dozu jente aurrera. Baina Aste Nagusian desbardina da, zu zeu izatea gogorra da, ez da horren erraza.
3.- Bederatzi egunez zabiz bete-betean, prest ikusten dozu zeure burua?
Bai, bai. Atzera eta aurrera, leku guztietan nabil, gaur egungo gazteak zelakoak diran ezagutzen. Ze neu izango naz, seguruenez, egon dan pregoilaririk zaharrena, nik Aste Nagusi guztiak bizi izan dodaz. Nik beti esaten dot beharrezkoa dala indarra eta alaitasuna eukitea, datorrena datorrela, aurrerantz egin.
4.- 1977an kalejirea antolatu zenduan Herri Irratiko mikrofonoetatik, jai herrikoiagoen alde. Hori da gaur egungo Aste Nagusiaren abiapuntua, zelan gogoratzen dozu momentu ha?
Kalejirea baino gehiago manifestazinoa izan zan, kalejira eran egina. Guk eskatzen genduzan herriko jaiak, eta halako gauza bat eskatzeko, manifestazino alaia izan behar zan. Denpora haretan manifestazino piloa egoten ziran, baina danak ilunak, zeozer desbardina egin gura genduan.
5.- Irratitik egindako deiari erantzunaz 5.000 bat lagun agertu zirala dinoe kronikek. Espero zenduan halako erantzunik?
Ezta pentsau be. Nik irratian planteau neban joko baten moduan, lagunarteko gauza bat. Baina eguna heldu zanean han agertu zan pilo bat jente, kontau be ez neban egin zenbat, ikaratu egin nintzan, dardaraka nengoan. Biharamunean, egunkariak hasi ziran gitxi gorabeherako zenbakiak emoten, 5.000 edo ez dakit zenbat. Hurrengo urtean, 1978an, antolatuago egon zan dana, orduan hasi zan Aste Nagusia, baina ni hor ez nintzan antolatzaileen artean egon. Ni izan nintzan jai herrikoiak eskatzeko ahotsa, ahots harek urten eban irratiaren indar guztiagaz eta herriak bat egin ebanean, konparsak eta alkarteak hasi ziran lanean, Udalagaz, ni geroko nahaste horretan ez nintzan sartu.
6.- Zelako jaiak eskatzen zenduezan?
Ordura arte Bilbon ikusi bako gauza batzuk, herri kirolak kaleetan, txistulariak egunero kalerik kale... lehenago txistulariak baegozan, baina Arenalean egun bakar baten joten eben. Urian jai giroa igarri behar zan, Zazpi Kaleetan, San Mamesen, leku guztietan. Herritarrek egindako zeozer eskatzen genduan, Udalaren kontu ofizialak bakarrik ez.
7.- Zelan gogoratzen dozuz Aste Nagusiaren lehenengo urteak?
Danetarikoak egon ziran, gauza guztien moduan alderdi onak eta txarrak egon ziran. Nahasteak be bai, eta politizazinoa. Politikan sartutako taldeak txosnak ipinten hasi ziran, gorabehera batzuk egon ziran. Baina hori normala da neurri baten, inportanteena esentzia da. Eta esentzia hori hor dago oraindino. Gauzak asko aldatu dirala garbi dago, ohiturak beste batzuk dira. Esaterako, orain ardaoa ez da bardina eta ganera garagardaoa edaten da gehiago. Modako gauzak sartzen joan dira, baina espiritua hor dago, Bilboko jai herrikoiak egiteko gogo hori. Gauza barriak hartu doguz jaiak jazteko, lehengoa ahaztu barik.
8.- Lehen aitatu dozu Aste Nagusi guzti-guztietan egon zarela.
Bai, baina orain ez naz askorik joaten, urtero egun baten edo bitan. Antzerkian lan asko egoten da udan eta ezin izaten dot Bilbora egunero joan. Eskapadaren bat egiten dodanean, Alde Zaharrera joaten naz giroa ikusten, gero gorantza be joaten naz, barraketara be bai... Urtetik urtera sortzen diran gauza barriak ikusten dodaz.
9.- Aste Nagusitik zer da gustukoen dozuna?
Jentea pozik ikustea, hori da inportanteena. Arpegietan irribarre handiak ikustea da politena.
10.- Belaunaldi barriak Aste Nagusiaren izakereari eusteko prest ikusten dozuz?
Konparsetan sartuta dagozan neska-mutilek badaukie gogoa. Pregoilari nazenez, Konparsetako jenteagaz asko egon naz azkenaldion eta gogotsu ikusi dodaz. Baina honeen atzetik datozanen kasuan, ostera, ez dot horren argi ikusten. Konparsetan urte guztian lanean ibilten dira jaiek aurrera egin deien, gogorra da, konpromiso handia. Ez dot ikusten konpromiso hori hartzeko gogorik. Erratuta banengo, hobeto.
11.- Aixeberri konparsako Saioa Dominguez dozu lagun Aste Nagusian, bera txupinera eta zu pregoilari. Zelan konpontzen zarie alkarregaz?
Ondo. Bederatzi egun egingo doguz alkarregaz, lagun handiak egingo gara edo haserre handiak euki, nork jakin. Neska jator-jatorra da, gaztea danez, berak emoten deust indarra. Gure aldetik ahalegina egingo dogu dan-danak ondo urten deian.
12.- Eta pregoilariaren jantziagaz eta kapela dotoreagaz eroso zoaz?
Egia esan, ez da oso erosoa. Eroan egin behar da, baina. Txapel baltz edo bikornio horregaz ez dakit, aurrera begiratu eta puntea ikusten deutsazu, baporea balitz legez; atzera egin ezkero be, jezarteko, atzekoa joten dozu. Baina arazorik handiena eskunarruena da, gauza ofizialetan eroan behar dodaz baina gogorra da, udan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!