Joxan Artze omenduko dabe Aste Nagusian

Bizkaie! 2018-08-17 12:55   Musikea

Txalapartearen doinuan gogoratuko dabe aurten hildako artistea.

Bilboko Konparsek eta txalapartearen munduak omenaldi bateratua egingo deutsie Joxan Artze artisteari (Usurbil, 1938-2018), hilaren 19an, Aste Nagusiko lehenengo domekan. Besteak beste, txalapartearen bultzatzaile eta tradizinoaren barritzaile izan zan Artze. Gure kultureari ekarpen oparoa, ederra, kalidadezkoa eta herrikoia egin eutsan, Konparsen arabera.

Aste Nagusiko urteroko ekimen bat, Txalaparta Festa Mundiala dalakoa, aprobetxauko dabe omenaldia egiteko. Artze gogoan, izen berezia be ipini deutsie aurtengoari: Txalaparta alkar une bat eta Joxan Artzeri omenaldi xume bat: Ttakun Ttakun berba egiten dauen poeta hilezkorra. Konparsek adierazo dabenez, Joxan Artzeri omenaldia egitea beharrezkoa dala sentidu dabe: Dana zor deutsagu.

Hainbat artistak bat egingo dabe oholtzan: Beltran eta laukotea (Hots – Larretan); Kimu, Txomin, Dhers eta Julen; 3 Taula Txalapartariak; Kolpez-kolpe Txalapartariak; Txkurtzo Txalapartariak; Astrabuduko Txalaparta Eskolea; Nando eta Siscu Txalapartariak; Peio Txalapartari Eskolea; Mikel Txalapartaria “Jotzen”; eta Fika Fik Txalapartaria. Saioa 17:15ean hasiko da, Arriagan.

Urtarrilean hil zan Joxan Artze sortzaile eta kultura eragile polifazetikoa. Haren ibilbide oparoak arrastoa itxi eban disziplina artistiko ugaritan: Idazle, letragile, poeta esperimental, txalapartari... ibili zan eta tradizinoa eta abangoardia lotu zituan. Ez Dok Amairu taldeko kide izan zan. Gaur egungo euskal abesti gogokoenetako eta sinbolikoenetako batzuen berbak berak idatzitakoak dira, berbarako, Mikel Laboak kantautako Txoria txori eta Gure bazterrak.

Euskal kulturea hil ala biziko egoeran egoanean egin eban Artzek bere ekarpena, euskerea baztertuta, debekatuta eta gitxietsita egoanean, nabarmendu dabe Konparsek. Iluntasunean argia biztu eban, beste hainbat emakume eta gizon sortzailegaz batera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu