Joxan Artze idazle eta kulturgilea hil da
2018-01-12 09:57 KultureaEz Dok Amairuko kide izan zan, eta euskal abesti ezagun askoren berbak harenak dira.
Batez be, poetea izan zan Joxan edo Joxe Anton Artze usurbildarra, hamar poesia-liburu baino gehiago argitaratu zituan eta. Estilo poetiko berezi baten bidez, euskal literatureari bide barriak zabaldu eutsazan. Ganera, txalapartea joten eban, anaiagaz batera. 1960ko hamarkadan hasi zan nabarmentzen eta, hain zuzen be, sasoi haretan sortu eban Ez Dok Amairu taldea, beste artista askogaz batera.
Ez Dok Amairuren ibilbideak ospea emon eutsan Artzeri euskal kulturearen eremuan eta orduko abeslari ezagunenakaz alkarlanean ibilteko modua izan eban. Gaur egungo euskal abesti gogokoenetako eta sinbolikoenetako batzuen berbak berak idatzitakoak dira, berbarako, Mikel Laboak kantautako Txoria txori eta Gure bazterrak.
Musikearen eta ikuskizunen atalean be lan gogoangarriak itxi zituan, Ez Dok Amairun ebilen sasoitik. Baga, biga, higa ikuskizun barritzailean parte hartu eban eta txalaparta disko bat be plazaratu eben anaiak eta biek.
Euskaldun gehienek noz edo noz kantau dituen abestiez gan, euskal kulturea eta literaturea barritu izana da Artzeren ekarpen nagusia. Ganera, sarritan aitatzen dan esaldi bat be berea da: Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakienak ikasten ez dauelako, dakienak berba egiten ez dauelako baino.
Joxean Artze Usurbilen jaio zan 1939an eta gaur hil da, 78 urtegaz. Azkenaldion gaixorik ibili da.
Erreakzino ugari eragin ditu Joxan Artzeren heriotzeak. Andres Urrutia euskaltzainburuak zera adierazo dau, joan jaku olerkari fina, musikari leberra eta kulturgile parebakoa, euskal kultureak asko zor deutso letraz eta espirituz. Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura sailburuak, ostera, Artzeren abesti ezagun bati erreferentzia eginaz gogoratu dau haren ekarpena: Maite ditugu, maite, zure bertsoak heriotzaren lanbroak ezkutatzen dizkigunean. Zure poemak gugaz geratuko dira, idatzi dau sare sozialetan. Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak dinoanez, geugaz bizirik jarraituko dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!