Lander Otaola: 'Pitxitxiri omenaldia egiteko formatu aproposa da kabareta'

Dabi Piedra 2018-08-13 08:02   Barriketan

Yo soy Pichichi antzezlaneko gidoilari eta aktorea.

Rafael Moreno Aranzadi, Pitxitxi, XX. mendearen hasikerako Athleticeko golegile ospetsuaren bizimoduan oinarritutako antzezlana da Yo soy Pichichi, Bilboko Pabilioi 6 aretoak uda honetarako dakarren apustua. Abuztuaren 22an izango da estreinaldia eta, gitxienez, 31ra arte eukiko dabe programazinoan.

Kabaret formatuko antzezlan hau ez da futbolaren ingurukoa, orain dala ehun urteko Bilboko giroaren ingurukoa baino. Jaia eta ondo pasetea gogoko zituan Pitxitxik eta joan dan mendearen hasikerako uri zoriontsuaren sinbolo da. Tragediatik eta, batez be, ospakizunetik daukan kabaret honen arimea Lander Otaola da. Berak idatzi dau gidoia eta Pitxitxiren pertsonaia berak antzeztuko dau. Dana dala, inguruan talde bikaina daukala ez da ahaztu behar: Patxo Telleria eta Aitor Borobia zuzendaritzan; Jon Fresco eta Naiel Ibarrola musikearen arloan; eta aktoreen artean, Ylenia Baglietto, Itziar Ituño, Iñaki Urrutia eta Felipe Loza. Oraingoz, gaztelaniazko bersinoa baino ez dauka kabaret honek.

 

1.- Zergaitik erabagi dozue Pitxitxiren bizitzan oinarritutako antzezlana egitea?

Pitxitxik garrantzi handia dauka ez bakarrik futbolean, bere sasoiko gizartean be bai. Espainiako lehenengo futbolari famatua izan zan, 29 urtegaz hil zan... historia hau kontetako modukoa da. Baina orain arte inork ez dau bere historia kontau, geure buruari galdetu geuntsan zergaitik ete zan hori. Orain dala bost urte hasi ginan gaia lantzen eta gogoetea egiten, bizitza interesgarria izan ebala ikusi eta aurrera egitea erabagi genduan. Ganera, uste dot geuk kontau behar dogula istorio hau, taldeko gehienok bilbotarrak edo bizkaitarrak gara, Bilboko txirenismoa ezagutzen dogu. Oso kabaret zalea zan Pitxitxi eta horregaitik erabagi dogu antzezlana formatu horretan egitea.


2.- Deigarria da kabareta aukeratzea futbolari bategan oinarritutako antzezlan baterako.

Gogoan izan behar dogu Bilbon kabaret piloa egozala XX. mendearen hasikeran, Gorte kalean, San Frantziskon, Bilbo Zaharrean... Partiduen ostean, Pitxitxi kabaret horreetara joaten zan jantzan egitera, abestera eta edatera. Horregaitik, Pitxitxiri omenaldia egiteko formatu aproposa da kabareta, berari holan gustauko jakon.


3.- Hortaz, pertsonaiagaz batera, orduko giroa be erakutsi nahi dozue.

Hau ez da musikal hutsa, bidaia bat da. Gau baten, XX. mendearen hasikerako Bilbora joango gara, espero dogu jenteak hori sentidutea.


4.- Istorio tragikomediko bat kontauko dozuela dinozue. Momentu txarrak ahaztu barik, baina alaitasuna transmitidu nahi dozue, ezta?

Nahi dogu jenteak pixka bat alaiago urtetea antzokitik. Bere buruari galdetzea ia zoriontsua dan, bizi nahi dauena hori ete dan. Hori pentsetan badabe, zeozer irabazi dogu. Disfrutau, ondo pasau nahi dogu eta amaieran jenteak pentsetea bizitzea laburra dala eta aprobetxau egin behar dala.


5.- Gidoia idazteko orduan, Pitxitxiren inguruko benetako jazoeretan oinarritu zara ala fikzinora jo dozu?

Kontetan dogun ia guztia, % 90 inguru, benetakoa da. Pertsonaien arteko alkarrizketak eta halakoak asmau behar izan doguz. Datuak benetakoak dira, baina euren arteko hartu-emonak pixka bat fikzionau doguz, jazoeraren baten kronologia be ikutu dogu, baina biopic bat da hau eta ez dogu askorik aldatu. Jakina, dan-dana ez dogu kontau, gauza batzuk kendu egin doguz, bestela hiru orduko lana izango zan. Ordu eta erdiko kabareta geratu jaku azkenean.


6.- Telesforo Aranzadiren eta Miguel Unamunoren lobea zan Pitxitxi. Horreek biak agiri dira antzezlanean?

Bai, protagonismo ikaragarria dabe. Pitxitxi ardatza dan arren, beste pertsonaia batzuek be pisu handia daukie. Neskalagunaren istorioa kontetan dogu, Telesforo Aranzadi eta Unamunoren bizitzak be kontetan doguz... ez dago protagonista bakarra.


7.- Pitxixi zeu izango zara antzezlanean. Zelan preparau dozu?

Intuizinoz nabil, ganera, beste aktore batzukaz ibili naz hau lantzen. Nik ez daukat metodo zehatz bat pertsonaiak gorpuzteko. Hau danon arteko lana da, beste aktoreena eta zuzendariarena be bai, pertsonaia ez dau aktore bakarrak egiten, danon artean gabiz lantzen pertsonaia guztiak.


8.- Gidoia be zeuk idatzia da. Zeregin horretan eroso zabiz?

Bai, nik beti esaten dot ez dodala neure burua gidoilaritzat ikusten, baina gidoiak idazten dodaz kontetako istorio bat daukadanean. Pitxitxigaz hori pasau jat, nik istorio hau kontau nahi neban eta horregaitik neuk idatzi dot. Baina, bestela, ni aktorea naz batez be, eta batzuetan zuzendu egiten dot edo gidoiren bat idatzi.


9.- Patxo Telleria da obra honetako zuzendaria. Zer moduz beragaz?

Oso ondo. Hamar urte egin doguz alkarregaz lan egin barik. Debuta Patxo Telleriagaz eta Aitor Mazogaz egin neban, La máquina de pintar nubes pelikulan, eta hamar urte geroago beragaz barriro lan egitea sekulakoa izan da, ohorea da Patxo taldean eukitea. Antzezlana asko hobetu da berari esker. Aitor Borobia laguntzaileagaz batera ikaragarrizko talde ona egin dabe.


10.- Pabilioi 6 aretoan estreinauko dozue antzezlana. Leku aproposa da era honetako proiektuentzat?

Orain dala hiru urte Ramon Bareagaz proiektu honen inguruan berba egin nebanean, berak baiezkoa emon eustan eta oso eskertuta nago. Azken hamar edo hogei urteotako euskal antzerkiaren barririk onena Pabilioi 6 martxan jartea izan da. Gureaz aparte, beste euskal antzezlan asko bere lekua topetan dabiz Pabilioi 6ri esker, publikoa erakarten gabiz.


11.- Aurreko Aste Nagusietako proposamena izan da Chichinabo Cabaret. Haren arrakastea presino ala eredu da zuentzat?

Hau guztia Cabaret Chihuahua-gaz hasi zan, 2014an, haregaz be arrakastea izan genduan. Gero, Chichinabo Cabaret-en ni ez nintzan egon. Oraingo hau be kabareta da, baina ez dauka besteakaz zerikusirik. Egia da aurrekoei esker kabaretari ateak edegi jakozala.


12.- Yo soy Pichichi euskeraz emoteko asmorik badozue?

Momentuz ez, baina ikusiko dogu. Epe luzera ezin da jakin, ezin dot ezer aurreratu. Orain dakiguna da abuztuan Pabilioi 6-n egongo garela eta gauzak ondo badoaz, beharbada irailean be bai.


Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu