Lekeitioko Garraitz islako indusketa arkeologikoetan auzolana egingo dabe
2018-08-08 13:25 KultureaAbuztuaren 11tik 14ra, lau jardunaldi antolatu ditue, antxinako ermitearen beheganea eta ingurua arakatzeko.
Atabaka alkartea 2015ean sortu zan, Lekeitioko ondarea ikertu, jagon eta zabaltzeko. Urte haretan bertan hasi zituan ikerketa arkeologikoak Garraitz ugartean, boluntarioen laguntzinoagaz, bedar eta hatx artean izkututatutako aztarnak argitara ekarri eta herriaren iraganaz datu gehiago batzeko asmoz. Lan arkeologiko eta etnografiko baliotsua egin dau urteotan Atabakak, Aranzadi Zientzia Alkarteagaz lankidetzan.
Egunotan, beste ekinaldi bat egingo dabe Garraitzeko aztarnategian eta, hortaz, nahi daben herritar guztiei dei egin deutsie, lagundu deien. Abuztuaren 11n, 12an, 13an eta 14an izango da auzolana, goizez, baina ez egunero ordu berean (lehenengo egunean 09:00etan, hurrengoetan 09:30etan, 10:00etan eta 10:30etan hurranez hurran). Besteak beste, mareak kontuan hartu behar dira islara sartzeko eta handik urteteko.
Aurtengo kanpaina honen helburua ugartean egon zan ermitearen hondakinak eta aztarnak aztertzea izango da. Eraikin horren beheganea eta inguruko lurra arakatuko dabe Atabakako kideek eta boluntarioek, Aranzadiko arkeologikoen laguntzino teknikoagaz.
Orain arteko hiru kanpaina edo auzolanetan, ehundazak lagunek parte hartu dabe Garraitz ugartearen ondare arkeologikoa azaleratzen. Alberto Santana arkeologoa ibili izan da aholkulari, Atabakakoen eta Aranzadikoen lanaren osogarri. Egindako lan horri guztiari esker, Garraitz 25 proiektua sortu dabe, Lekeitio uribildu izentau ebeneko 700. urteurreneko ospakizunetan (2025ean) Garraitz parte historiko-kultural bihurtuko dauena.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!