Nao Victoria Bermeora dator, galarrenaren 106. urteurrenerako
2018-08-08 09:30 KultureaOhiturazkoak bihurtu diran itsas-prozesinoa eta lora-eskaintzea ez dira faltauko asteburuan.
1912ko abuztuaren 12ko galarrena tragikoa gogoratuko dau Bermeok egunotan, egitarau zabal baten bidez. Orain dala 106 urte jazotakoaren memoria barritzeko ekitaldiak eta itsasoaren munduagaz lotutako jarduera ludikoak tartekatuko ditue egitarauan. Idurre Bideguren Bermeoko alkateagaz eta Unai Bilbao Galerna alkarteko ordezkariagaz batera, Nao Victoria ontziaren erreplikearen logistika arduradun Alvaro Lecaro egon da aurkezpenean, Nao Victoria Bermeon egongo dalako hilaren 10etik 13ra.
Abuztuan inguruko hainbat portutan izango da Nao Victoria, eta galarrenaren urteurreneko ekitaldiak aprobetxauta, ez dau galdu Bermeora osterea egiteko aukerea. Gogoan izan behar da Nao Victoriak Euskal Herriko historian dauen garrantzia: Juan Sebastian Elcanok erabili eban orain dala bost mende, munduari lehenengo bira osoa emoteko. Bizirik heldu ziranen artean, lau euskal herritar egozan, tartean Juan de Acurio bermeotarra. Orduko ontzi haren erreplika zehatza da Bermeora etorriko dana.
Nao Victoriara sartzen diran bisitariek, 1519-1522ko munduko birearen jakingarriak eta datu historikoak ezagutuko ditue, informazino panelei esker eta gaur egungo tripulazinoko kideek emoten dituen azalpenen bidez. Zalantza barik, historia berbiztuteko aukera bakarra eskainiko deusku Nao Victoriak, azpimaratu dau Bideguren alkateak. 10:00etatik 21:00etara egongo da ontzia zabalik.
Horrezaz gan, 1912ko galarrena gogoratzeko ekitaldi ugari atondu ditue Udalak eta Galerna alkarteak, barikuan hasita. Itsas Market dalakoa egingo dabe Olatu kaian, food track, artisau eta bertoko produktu eta guzti. Galernako Unai Bilbaok adierazo dauenez, ekitaldi horrek astialdi jasangarria, artea, bertoko konsumoa, uretako kirolak eta genero bardintasuna sustatzen ditu.
Bermeoko itsas historiari keinua eginaz, Nao Victoriako kide izan zan Juan de Acurioren inguruko berbaldia egongo da barikuan eta, zapatuan, ostera, belaontzien estropadea. Zapatu arratsaldean, Juan de Acurioren ganeko beste berbaldi baten ostean, atuna erreta dastatu ahal izango da eta 20:00etan Kanta Kanta Lorue izango da protagonista.
Domekea izango da, baina, egunik bereziena, galarrenaren urteurrena da eta. Egunean zehar, berbaldi gehiago, Itsas Market, kontzertu akustikoa eta abar egongo dira. Iluntzean, itsasontzien prozesino isila egingo dabe, lehorrean dagozanek kandelak biztuten dituen bitartean (21:00). Bokalean itsasontziak eta lehorrekoak alkartuko dira, lora eskaintzea egiteko, galarrenak hildakoen omenez (21.30).
Bestetik, Idurre Bidegurenek gogoratu dau Aita Guria baleontzia eta Arrantzaleen Museoa doban bisitau ahal izango dirala 11n eta 12an. Ekitaldietan parte hartzeko deia egin dau alkateak: Gure arrantzaleak, gure historiaren momentu garrantzitsua eta itsasoagaz dogun loturea gogoratzeko.
1912ko abuztuaren 12an galarrena gogor batek txikizinoa eragin eban itsasoan egozan euskal itsasontzien artean. Matxitxakotik 45 miliara egozan 143 arrantzale hil zituan ekaitzak, horreetatik 116, bermeotarrak. Elantxobetarrak, ondarroarrak eta lekeitiarrak be hil ziran. 1912ko galarrena XX. mendeko lan istripurik handiena izan zan gure mugetan eta Bermeoko herriak arrantzale horreei guztiei eta familiei omenaldia egin nahi deutse, dino Bidegurenek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!