Makailaoa izango da Bilboko Arrain Fish Festival-en protagonistea

Bizkaie! 2018-08-07 13:20   Jan edanak

Aste Nagusiko eguaztenetik zapatura egingo ditue jarduera gastronomikoak Arenalean.

BKAFF-en aurkezpena (argazkia: Bilboko Konparsak) | Ikusi handiago | Argazki originala

Dagoeneko bosgarren ekitaldia beteko dau BKAFF, Bilboko Konpartsak Arrain Fish Festival dalakoak. Ganera, Aste Nagusiak 40 urte beteko ditu aurten eta, zenbaki biribil horren atxakian, edizino berezia atondu dabe, bertoko produktuetan oinarrituta eta, batez be, makailaoaren inguruan. Makilaren Kofradiakoek eta hainbat sukaldarik lagunduta aurkeztu dabe Bilboko Konparsek 2018ko BKAFF.

Batetik, gazteei erraztasunak emongo deutsiez makailao lehiaketetan parte hartu deien. Era horretako ekimenen izakera herrikoia berreskuratzeko asmoz, alderdi ekonomikotik parte-hartzaileek ez dabe ahalegin handirik egin beharko. Helduen zein gazteen arteko edozein sukaldaritzazalek bildurra kendu eta lehiaketan aurkeztu ahal izango dau, inozko erosoen, azpimarratu dabe antolatzaileek.

Makailaoari egingo deutsien omenaldi zabalaren barruan, ganera, 500 makailao-pintxo banatuko ditue eguenean, hilak 23. Pil-pil, bizkaitar eta Club Ranero estiloan eginda egongo dira. Biharamuneko Euskal Txiki Master tailerrean be, makailao-kokotxak pil-pilean preparauko ditue neska-mutilek. Egun horretan bertan, Zigor Iturrieta eta Juantxu Larrucea sukaldari ezagunek makailaoa egiteko hainbat era azalduko ditue.

BKAFF aurkezteko ekitaldiaren barruan, V. Koilara Handia Saria emon dabe Bilboko Konparsek. Bilboko Herri Irratia saritu dabe, bilbotarren egunerokotasunean egindako ekarpenagaitik eta sukaldaritza kontuak zabaltzeagaitik. Jesus Mari Orella irratiko gerenteak hartu dau oroigarria, lankide guztien partez.

Festibalak hasieratik daukan filosofia gogora ekarri dau Pedro Prietok, Txapelketa Gastronomikoaren eta BKAFF-en zuzendariak. Munduan slow food filosofiagaz eta kalean egiten dan lehiaketa bakarra da. Lau egunean honako arrain honeek prestau beharko ditue Areatzara hurreratzen diranek: tximinoiak saltsan, marmitakoa, makailaoa bizkaitar erara eta makailaoa pil-pil saltsan. Bilbotarrek, ingurukoek zein kanpoko bidaiariek parte hartu leikie.

Bilboko Konparsek azpimarratu dabenez, BKAFF-ek gure jai-ereduaren isla argia emoten dau: jai herrikoiak eta parte hartzaileak lapikoetan be bizi izaten doguz. 1978tik gure zuztarrakaz batera hazi da Txapelketa Gastronomikoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu