Mexiko, Italia eta Valentziako taldeak, Bermeoko XXXII. Folklore Jaialdian
2018-08-07 11:30 KultureaZapatuan, abuztuak 11, egingo dabe, Alkartasuna taldeak antolatuta.
Mundu guztiko jantzak eta ohiturak bermeotarrei erakusteko antolatzen dan Nazinoarteko Folklore Jaialdiaren aurtengo edizinoa zapatuan, hilak 11, egingo dabe Artza frontoian, 21:00etan hasita. Oraingoan, Valentzia, Italia eta Mexikoko ordezkariak etorriko dira eta Alkartasuna jantza taldekoakaz batera igongo dabe oholtzara.
Bermeoko Udalaren laguntzinoagaz antolatzen dau Alkartasuna taldeak Folklore Jaialdia. Egoitz Barrena, Arantza Ormaza eta Ainhoa Begoña Alkartasunako ordezkariek eta Aingeru Astui Bermeoko Kultura zinegotziak aurkeztu dabe 32. edizinoa. 1986tik urtero egiten da Nazinoarteko Folklore Jaialdia.
Alkartasuna taldeko kideek azpimarratu dabenez, jaialdiaren helburua da atzerriko folklorea ezagutu eta erakustea eta Bermeoko ohiturak eta kulturea beste herri batzuei be ezagutarazotea. Horrezaz gan, taldeko kideek beste herrialde batzuetako jantza taldeakaz egoteko aukerea dabe eta era horretara alkar ezagutzea bultzatzen dogu, adierazo dabe.
Aurtengo parte-hartzaileak Mexiko, Italia eta Valentziatik etorriko dira. Compañía de Danza de México 22 lagunek osotutako taldea da eta Mexikoko jantza talde biren arteko fusinotik sortu da, indar handiagoa dauen lana aurkezteko helburuagaz. Musikeari jagokonez, tanborrak, haize instrumentuak eta gitarrak entzuteko aukerea izango da hareen ikuskizunean.
Italiako Aria Di Casa Nostra taldea Alatri izeneko herritik dator. 1950. urtean sortu zan taldea eta, gaur egun, 35 jantzarik eta musikarik osotzen dabe. Talde honek, abuztuan bertan, jaialdi ospetsu bat antolatzen dau, Flavio Fiorletta Nazinoarteko Folklore Jaialdia. Akordeoi txikiak eta panderoak lagunduta egiten dabe jantzan talde honetakoek.
Valentziako Asociación Cultural L´Aljama de Bétera taldeari jagokonez, 2004. urtean sortutako talde barria da, 28 lagunek osotua. Campo de Turia eskualdean kokatutako Bétera herritik datoz (23.000 biztanle ingurukoa). Euren ikuskizuna instrumentuz beterik dago: biolinak, flautak, klarinetea, gitarrak…
Folklore Jaialdia ikusteko sarrerak 3 euroan salduko ditue, egunean bertan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!