Luis Paret-en Bermeoko ikuspegia Arrantzaleen Museora heldu da

Bizkaie! 2018-08-03 13:20   Kulturea

Bilboko Arte Eder Museoaren koadroa Bermeon ikusi ahal izango da irailaren 2ra arte.

Luis Paret y Alcázar madrildarra XVIII. mendeko margolaririk esanguratsuenetako bat da Espainian. Euskal Herritik be egin eben ostera luzea eta orduan marraztu eban Bermeoren bista (1783) koadroa. Bilboko Arte Eder Museoaren jaubetzakoa dan margolan hori Bermeoko Arrantzaleen Museoan egongo da hilabetez, Paret Bermeon erakusketearen barruan.

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Miguel Zugaza Bilboko Arte Eder Museoko zuzendaria, Idurre Bideguren Bermeoko alkatea, Andoni Iturbe Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusia eta Aingeru Astui Arrantzaleen Museoko zuzendaria egon dira erakusketearen inaugurazinoan.

Hain zuzen be, Pareten obrea da erakusketa barriaren ardatza. Haren inguruan informazino testuak dagoz hainbat hizkuntzatan eta ikutzeko pantaila bat be bai. Horrezaz gan, Bermeoko portuan informazino-panela ipini dabe, Paretek koadroa marraztu eban lekuan bertan, handik pasetan diranek jazoera horren barri izan deien.

Bermeoren bista koadroak balio handia dau alderdi artistikotik zein historikotik. Batetik, Espainiako rococo artearen erakusgarri nagusietako bat da; bestetik, Bermeo agertzen dauen irudi zaharrenetako bat da eta, hortaz, informazinoa emoten dau herriak izan dauen bilakaeraz.

Koadroak zehaztasun handiz erakusten dau portu zaharra, Santa Eufemia eleiza gotikoan hasten dan itsaslabarren ikuspegi panoramikoa, Ertzila torretxea koadroaren erdian, eta orain desagertuta dagoan Santa Maria Talako eleizaren hondakinak.

Bilboko Arte Eder Museoak 2017an eskuratu eban margoa, BBK-ren babesari eta Museoaren Lagunen ekarpenari esker. XVIII. mendeko espainiar pinturako lanik bikainenetako bat izateaz gan, Luis Pareten Bermeoren bista herri euskaldun bati buruz konserbatzen dan lehenengo irudi moderno eta guztiz artistikoa da, adituen ustez. Orduko Asturiasko printzearen, gero Karlos IV.a erregea izango zanaren gelea apaintzeko sortu eban Paretek. Bermeoko portua ekaitzaren erdian erakusten dauen beste koadro bategaz bikotea osotzen ei eban, baina beste hori galduta dago.

Paret Bermeon erakusketea irailaren 2ra arte egongo da Arrantzaleen Museoan. Astelehenetan zarratuta egoten da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu