Erasoen kontrako 'EraStop' aplikazinoa, doban
2018-08-02 08:46 KultureaEmakumeen segurtasuna handitzea eta erasoak saihestea dira tresna barriaren helburuak, Bilboko Udalaren arabera.
Dagoeneko doban deskargau leiteke AgreStop/EraStop aplikazinoa iOS eta Android sistema eragiledun telefono adimendunetan, Bilboko Udalak jakitera emon dauenez. Hainbat funtzino ditu tresna barriak. Esate baterako, erasoren bat egon ezkero, segiduan emoten deutso abisua Udaltzaingoari, deitzen ibili beharrik barik.
Bilboko Udala igaz hasi zan aplikazino hau atontzeko zereginean. Uriko emakume taldeen laguntzinoagaz, indarkeria matxistea jasan daben emakume batzuk berau probetan ibili dira azkenaldion. Behin diseinua finduta, publiko egin da eta orain nahi daben guztiek deskargau likie EraStop, doban.
Emakumeei segurtasuna emoteko sortu dabe aplikazinoa, baina aurrerago herritar guztientzako izatea nahi dabe, edozein erasori aurre egiteko. Aplikazinoak bere lana bete deian, erabiltzaileak bere datuak sartu eta geolokalizazinoa aktibau behar dau. Era horretara, erasoren bat jasaten badau, udaltzainak berehala joango dira aplikazinoak esaten deutsen leku zehatzera.
Bilboko Udalak zehaztu dauenez, jaietan ez eze, beste edozein momentutan erabilteko moduko aplikazinoa da. Zerbitzu publikoa emoteko asmoz sortu dabe eta, erasoren bat egon ezkero, Udaltzaingoagaz bat egiteko dagozan ganerako bideen (berbarako, 092 telefono zenbakiaren) osogarri da.
EraStop aplikazinoak hiru funtzionaltasun daukaz:
-Eraso bat jasaten nago. Larrialdietako botoia da. Botoi hori sakatzen dauenak berehalako seinale bat bialduko deutso Udaltzaingoari, geolokalizazino eta guzti. Horri esker, agenteak laguntza emotera joan ahal izango dira azkar baten.
-Salatu eraso bat. Edozein indarkeria-ekintza ikusten dauenak salatu egin leike. Aukera honegaz, alerta bat bialduko jako poliziari.
-Etorri nigaz. Aldez aurretik, norbere kontaktuetan adierazo behar da nor izango dan laguntzailea. Erabiltzailea etxera doan bitartean, laguntzaileak mapa birtual baten ikusiko ditu haren urratsak. Uneren baten erabiltzailea bidetik aldendu edo ez dauela aurrera egiten ikusten badau, laguntzaileak Udaltzaingoari deitu leikio.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!