Ion Errea EHUko ikertzaileari ERC Starting Grant diru-laguntzinoa emon deutsie

Bizkaie! 2018-08-01 11:07   Kulturea

Europako Ikerketa Kontseiluak 1,5 miloe euro emongo deutsaz, hidrogenotan aberatsak diran konposatuetan tenperatura altuetan supereroale izan leitekezanak bilatzeko taldea osotu deian.

Ion Errea (argazkia: Tere Ormazabal/EHU) | Ikusi handiago | Argazki originala

EHUko Fisika Aplikatua 1 saileko irakasle eta DIPC, Donostia International Physics Center guneko ikerlari Ion Erreak Europako diru-laguntzino mamintsua eskuratu dau. Europako Ikerketa Kontseiluak emoten dauen ERC Starting Grant laguntzinoetarako aukeratu dabe, 2018ko deialdian. Azken zazpi urteotan doktorautzea egin daben ikerlariei emoten deutsie babes ekonomiko hori, taldea eratu eta ikerketa-proiektua martxan jarri deien.

EHUk ohar baten jakitera emon dauenez, Ion Errea oso pozik dago, honako hau oso deialdi lehiakorra dalako: Europako Ikerketa Kontseiluaren arabera, 3.000 eskari baino gehiago jaso ditue, eta horreetako % 13 baino ez ditue diruz lagundu. Errearen esanetan, sekulako aukerea da ikerketa-talde bat sortzeko eta nire ikerketa-proiektua aurrera eroateko. Lortu izan ez baneu, seguruenez hamarkadak beharko neukez egin nahi dodazan gauzak egiteko. Ganera, nire ikerketa-ibilbideari be aintzatespena egiten deutso, eta oso maila altuan kokatzen nau. Jakina, ardura handia be bada, baina erronka polita da.

Hidrogenotan aberatsak diran konposatuak izango ditue aztergai Erreak eta haren lantaldeak. Ikerketa teoriko honen helburua izango da aurresatea zein konposatu izan leitekezan tenperatura altuan supereroale, azaldu dau ikertzaileak.

Metal gehienak dira supereroaleak tenperatura oso-oso baxuetan, hau da, egoera horretan erresistentzia elektrikoa guztiz galtzen dabe, eta, beraz, material eroale perfektu bihurtzen dira. Oso propietate interesgarria da hori, oso korronte elektriko handiak sortzen diralako, eta horrek oso eremu magnetiko ahaltsuak sortzen ditualako. Gaur egun halakoak erabilten dira erresonantzia magnetikoak egiteko gailuetan, eta CERN-en instalazinoetan, besteak beste. Arazoa da supereroankortasuna sortzea oso garestia dala, materialak oso tenperatura baxuetan bihurtzen diralako supereroale, argitu dau Erreak.

Arazo horri urtenbidea bilatu nahi deutso Erreak ERC Starting Grant laguntzinoari esker martxan jarriko dauen ikerketan. Hiru atal edo fase aurreikusten ditu: Lehenik, kalkulu-teknika barriak garatuko doguz zuzen kalkulatzeko zein tenperaturatan galtzen daben materialek erresistentzia elektrikoa. Bigarren atalean, ahaleginduko gara ulertzen zergaitik diran supereroale onak orain arte ezagutzen diran konposatu batzuk. Eta, azkenik, ikasitako guztiagaz saiatuko gara aurresaten ze material barri izan leitekezan supereroale onak tenperatura altuetan.

Hurrengo bost urteotan ibiliko da lan horretan, epe hori ematen dauelako Europako Ikerketa Kontseiluak. Amesa litzateke giro-kondizinoetan supereroale izan leiteken materialen bat topetea; sekulako iraultzea ekarriko leuke horrek, dino Erreak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu