Getxon amaitu da Euskarabenturea
2018-08-01 08:26 Euskerea berbagaiEhun gazte inguruk Euskal Herria oinez zeharkatu dabe, euskerea ardatz.
Euskarabenturea ekimenaren lehenengo edizinoa arrakastatsua izan da, parte-hatzaileek ibilbidean ikasi eta bizi izandako guztia kontuan hartu ezkero. Maulen hasi eta Getxon amaitu, 400 kilometroko bidean Euskal Herriko lurralde guztietako txokoak ezagutu ditue ehun gazte inguruk. Euskerea izan danez Euskarabenturaren ardatza, eskualde bakotxean euskerearen egoerea zelakoa dan jakin ahal izan dabe eta euskalgintzako kideen bisitak izan ditue, esaterako, Euskaraldikoena.
Euskal Herriko lurralde guztietatik eta diasporatik heldutako gazteek parte hartu dabe Euskarabenturan. Hartara, gazte euskaldunek alkarren arteko hartu-emonak estutu ditue. Ibilbide ia osoa oinez egin dabe eta horrek hainbat balore lantzeko aukerea be emon deutsie, tartean ingurumenari lotutakoak.
Unescok Gizateriaren Ondare izentautako Euskal Herriko leku guztietatik pasau dira abenturazale gazteak: Done Jakue Bidetik, Ekaingo, Altxerriko eta Santimamiñeko kobazuloetatik eta Bizkaia Zubitik. Horrezaz gan, Gernikako Batzar Etxea, euskal uriburuak eta abar bisitau ditue. Errioxara be txangoa egin eben autobusez, Donemiliaga Kukulan gordetako euskerazko berba zaharrak ikusteko.
Bizkaian garagarrilaren 28an sartu zan Euskarabentura, ibilbidearen azken etapak egiteko. Markina-Xemeinera heldu ziran lehenengo, ostean Gernikatik eta Bilbotik pasau ziran, eta azken etapea Portugalete eta Getxo artekoa izan zan. Bizkaia Zubitik zeharkatu eben Itsasadarra eta Andres Isasi musika-eskolako aretoan eskaini eben Euskarabenturaren amaierako jaia.
Eskualde bakotxeko egoera soziolinguistikoa ezagutu ahal izan dabe gazteek Euskarabenturan. Horri esker, euskerearen aniztasunaren eta euskalkien barri bertatik bertara izan dabe eta kontzientzia biztu jake, antolatzaileen arabera. Hurrengo ekitaldietarako, parte-hartzaileen jatorriaren araberako orekea hobetu nahi dabe, baina, orokorrean, balorazino bikaina egin dabe antolatzaileek.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!