Euskaltzaindiak hamabi euskaltzain urgazle barri ditu

Bizkaie! 2018-07-25 08:46   Euskerea berbagai

Euskaltzaindiaren batzorde eta lantaldeetan aspalditik lanean ibili dira danak.

Gotzon Lobera da euskaltzain urgazle barrietako bat (argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Garagarrilaren 20ko Osoko Bilkuran, Euskaltzaindiak hamabi euskaltzain urgazle izentau ditu: Andres Alberdi Gorostiaga, Irene Arrarats Lizeaga, Xabier Peritz Mendizabal Euzkitze, Josu Pikabea Torrano eta Luis Mari Zaldua Etxabe gipuzkoarrak; Jon Aizpurua Espin, Ainhoa Arregi Saratxo, Asier Bidart Meabe, Agurtzane Elordui Urkiza eta Gotzon Lobera Revilla bizkaitarrak; eta Ipar Euskal Herriko Céline Mounole Hiriart eta Allande Socarros Estekondo.

Danak ibili dira Akademiaren batzorde eta lantaldeetan parte hartzen azken urteotan, baina aurrerantzean urgazle be izango dira. Oraingo honetan, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Ipar Euskal Herriko personak aukeratu ditue. 2016an, euskaltzain urgazle barriak aukeratu zituen azken aldian, Arabakoen eta Nafarroakoen txandea izan zan.

Honeek dira hamabi euskaltzain urgazle barriak:

Jon Aizpurua Espin (Durango, 1963). Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kide 2010etik. Euskal Filologian lizentziaduna, Itzulpen masterra eta Hiznet (hizkuntza-plangintza graduondokoa) egin ditu. Eusko Jaurlaritzearen Bikain Ziurtagiriaren ebaluatzaile eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Plangintza eta Azterlanetako zerbitzuburu.

Andres Alberdi Gorostiaga (Getaria, 1950). 2007tik Euskaltzaindiko Zientzia eta Teknika Hiztegian, Corpus batzordean eta Euskara Batuaren Eskuliburuan ibili da. Filosofian lizentziaduna eta Elgoibarko Institutuko euskera-katedraduna izan da. Urte luzez, Elgoibarko Euskera Mintegiko koordinatzaile eta, alkarlanean, Bigarren Hezkuntzako euskera eta literaturako dozenatik gora ikaslibururen egile. Hezkuntza Saileko EIMAko estilo-liburuaren koordinatzaile eta egilekide be izana. Gaur egun, Euskaltzaindiaren Euskara Batuaren Eskuliburua batzordearen koordinatzaile eta erredaktore. Azken idazlanak: Oinarrizko gramatika (2008) eta Ahoskera (2014).

Irene Arrarats Lizeaga (Hernani, 1967). 2007tik Euskaltzaindiaren Hiztegia batzordean, Exonomastika batzordean, Euskara Batuaren Eskuliburuan eta Euskaltzaindiaren Hiztegia, Adierak eta adibideak lantaldean ibili da. Geografia eta Historiako lizentziaduna Deustuko Unibersidadean. 1991z geroztik Euskaldunon Egunkarian estilo-zuzentzaile eta itzultzaile izan zan, eta euskera-arduradun 1999tik itxi arte. 2003tik Berriako euskera-arduradun da, eta estilo-liburuaren zuzendari.

Ainhoa Arregi Saratxo (Bilbo, 1969). Euskal Filologian lizentziaduna. 1993tik UZEIko lexikografia saileko kidea. Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko eta Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak lantaldeetako kide. Lan-arloak: Lexikografia: Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko prestalanak; Hiztegi Batu Oinarriduna (HBO); UZEIren Sinonimoen Hiztegia, Maiztasun Hiztegia, Hitz-bukaeren hiztegia, NafarHitz. Corpusgintza: Euskaltzaindiaren XX. mendeko euskararen corpus estatistikoa eta Lexikoaren Behatokia. Hizkuntza-teknologiak: datu-base lexikalak (euLEX), Hobelex zuzentzaile lexikoa, euskararako analizatzaile morfosintaktikoa (euLEMA, erregelak).

Asier Bidart Meabe (Galdakao, 1973). Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kide. Euskal Filologian lizentziaduna; HIZNET graduondokoa eta Itzulpengintza masterra egin ditu; Hainbat ikerketa-lan: Zamudioko mapa toponimikoa (Zamudioko Udala eta Labayru, 2012); Bediako mapa toponimikoa (Bediako Udala eta Labayru, 2011); Larrabetzuko herri ondarea: toponimia

Agurtzane Elordui Urkiza (Bilbo, 1964). Euskaltzaindiaren Ahoskera batzordeko kide. Euskal Filologian lizentziadua eta doktorea. 1999az geroztik, EHUko irakaslea da, etorkizuneko komunikabideetako profesionalak trebatzen ditu medioen hizkerak dituan bereizgarrietan. Hizkuntza-aldakortasunaren trataera estilistiko eta ideologikoak ikertzen ditu euskarazko ikus-entzunezko ekoizpenetan.

Gotzon Lobera Revilla (Barakaldo, 1959). Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeko kide, 1999tik. Zuzenbidean lizentziaduna eta Euskal Kulturearen graduondokoa. Bizkaiko Foru Aldundiko euskera-gaztelaniako itzultzailea. Zinpeko itzultzailea. EIZIEko lehendakaria izanikoa. Oinarrizko hiztegi juridiko-parlamentarioaren koordinatzailea, Euskaltzaindiaren izenean. Euskerearen Aholku Batzordeko Terminologiako batzorde-ataleko kidea. Bizkaiko Foru Aldundiko Euskerea Sustatzeko zuzendari nagusia izanikoa. Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazinoetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria izanikoa.

Céline Mounole Hiriart-Urruti (Baiona, 1981). Euskaltzaindiaren Gramatika eta Onomastika batzordeetako kidea. Euskal Ikasketetan doktore. Pau eta Aturrialdeko Herrietako unibersidadeko irakasle-ikertzailea Euskal Ikasketen Sailean. Euskerearen historia dau ikergai nagusi, zehatzago, euskal testu zaharren azterketea eta euskerearen garapen diakronikoa. Monumenta Linguae Vasconum ikerketa-taldeko kidea.

Xabier Peritz Mendizabal Euzkitze (Azpeitia, 1966). 2007tik Euskaltzaindiko Herri Literatura batzordeko kidea. 30 urte daroaz Euskal Telebistako pilota-emonaldien arduradun. Bertsolaria eta irrati-esataria. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian hirugarren izan zan 1989an, eta txapeldunorde 1993an. Gazterik erretiratu zan plazetatik. Askotariko telebista-saioak zuzendu eta aurkeztu izan ditu: albistegiak, magazinak eta eztabaida zein alkarrizketa-saioak.

Josu Pikabea Torrano (Donostia, 1958). 2011tik Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua lantaldean ibili da eta Euskaltzaindiko Zientzia eta Teknika Hiztegia egitasmoko kidea da. Euskal Filologian doktorea. Bigarren Hezkuntzako institutuko katedraduna, Euskara eta Literatura arloan. Lexikogintzan (Euskalterm) eta teleprestakuntzan (e-ikasi) ibilia, besteak beste. Hezkuntza Saileko EIMAnet-en sustatzailea. Hainbat artikulu idatzi ditu, eta honako liburuok argitaratu: Frantzizko Laphitz: Bi saindu heskualdunen bizia (1986) [ed. krit.]; Literatur lapurteraren bilakaera: XVII., XVIII. eta XIX. mendeetako lapurterazko testuen bilakabide historikorako lehen urratsak (1991); eta Euskara guztiok (1994).

Allande Socarros Estekondo (Etxebarre, 1957). 2013tik Euskaltzaindiko Euskalkien lantaldeko eta Euskara Batuaren Eskuliburua batzordeko kidea. Zubereraren sustapenerako Sü Azia alkarteko kide; Herria astekariaren Zuberoako barriemole; Xiberoko Botza euskal irratian kolaboratzaile. Xiberoa-Herri Elkargoko presidenteorde eta Euskara batzordeko buru, 2008tik 2016ra. Idazlan batzuk: Ziberoko Egünaria / Euskara lehen eta orai (2017); Züberoa Herria (Jean-Louis Davantegaz alkarlanean, 2013); Euskara Batua-Züberera hiztegi ttipia (1992 / 2017).

Luis Mari Zaldua Etxabe (Urnieta, 1965). 2007tik Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kide. Euskal Filologian doktorea eta Gipuzkoako Parketxe Sarea fundazinoko zuzendaria. Argitalpen batzuk: Urumeako zilegimendietako toponimia (2011); Saroi entitate geografikoaren banaketa, esanahia eta etorkia toponimiaren argitan (2015); Ol(h)a entitate geografikoaz zenbait ohar (2015); Sobre el elemento indoeuropeo pre-latino en la toponimia de Vasconia: los nombres de lugar terminados en -*ama* (2016).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu