XVI. Euskal Encounter: inoiz baino azkarragoa eta jarduera gehiagogaz
2018-07-24 12:12 KultureaEuskaltelen teknologiak ahalbidetzen dauen segundoko 60 gigabiteko internet konexinoa izango da aurten.
XVI. Euskal Encounter, euskal informatika-jai nagusia hilaren 26 eta 29 artean izango da Barakaldoko BEC-en en (Bilbao Exhibition Centre); aurreikuspenen arabera, 8.000 parte-hartzaile baino gehiago batuko dira bertan Ziberseguridadearen gaia ardatz hartuta.
Euskaltel Konekta Fundazinoak antolatu dau ekimena, eta babesleak dira Euskaltel eta Eusko Jaurlaritzea (SPRIren bitartez). Aurten, 5.024 ordenagailu-postu ezarriko ditue eta 50.600 metro koadroko espazioa beteko daben milaka bisitariei ondoetorria egingo jake. Nobedadeen artean, dobakoa eta edegia dan Opengunek pabilioi osoa hartuko dau lehen aldiz, eta inoiz baino jarduera gehiago eskainiko ditu.
Bilboko Azkuna Zentroan egindako aurkezpenean izan dira: Nerea Lupardo, Euskalteleko Harreman Instituzionalen zuzendaria eta Euskaltel Konekta Fundazinoko zuzendaria; Aitor Cobanera, SPRI taldeko Teknologia eta Barrikuntza saileko zuzendaria; eta Sabino San Vicente, Euskaltel Konekta Fundazinoko arduraduna eta Euskal Encounterren antolatzailea.
Euskal Encounter, informatikearen eta teknologia barrien profesional eta zaleak batzen dituan Estaduko topaketa zaharrena, inoiz baino azkarragoa izango da aurten, Euskaltelen teknologiak ahalbidetzen dauen segundoko 60 gigabiteko internet konexinoari esker. Ganera, 26 urtez egindako hitzorduak indartsu datorrela erakutsi dau, 5.024 jesarlekuak inoiz baino denpora laburragoan hartu baititue parte-hartzaileek: aukera libreko 4.000 lekuak 5 segundoan erreserbau dira, eta ganerako 1.024 lekuak ordu bakar batean banatu dira.
Jarduera gehiago sail guztietan
Euskal Encounter hazten doa etenbarik, baita ekintzen kopuruari jagokonean be. Parte-hartzaileek dozenaka aukera izango ditue euren gaitasunak erakutsi zein ezagutzak konpartiduteko arte digital, hardware, software libre nahiz jokoen arloetan.
Ordenagailu-postuak hartuko dituen guneaz gan, Opengune izeneko eremuak publikoarentzat edegiak eta dobakoak izango diran jarduera ugari batuko ditu: prestakuntza tailerrak eta berbaldiak, informatika produktuak erosteko standak, eta robotikaz, errealidade birtualaz zein 3D inprimagailuez gozetako ekintzak.
Horrezaz gan, partyaren nondik norakoak barrutik ezagutu nahi dituenek eguneko sarrerak eskuratu ahal izango ditue BEC-en bertan.
Youtuberren mahai-ingurua
Aurtengo nobedade garrantzitsuenetakoa da dibulgazino zientifikoan eta artistikoan adituak diran youtuber ospetsuen parte-hartzea. Euren berbaldiak, publikoari edegiak, programazinoaren puntu erakargarrienen artean dagoz.
Berbaldien egitarauan, Rodrigo Septién-ek eta Álvaro Pascual-ek hilaren 27an eskainiko daben Destripando la Historia aurkezpena izango da jarduera interesgarri horreetako bat. Euren Youtubeko kanaletan argitaratutako produkzino umoretsu horreetako hainbatek 2 miloe eta erdi ikustaldi baino gehiago ditue. Miloe bat jarraitzailetik gora dituan Quantum Fracture kanaleko Jose Luis Cresporen berbaldia be izango da.
Hurrengo egunean, 280.000 jarraitzaile dituan Xuri Fenton youtuberraren txandea helduko da. Internetek eskaintzen dituan komunikazino tresnak erabilita istorioak kontetako interes bizia eta artea zelan buztartu dituan azalduko dau gazteak.
Aldi berean, youtuber horreek mahai-inguru batean parte hartuko dabe plataforma barrietan eskaintzen diran edukiak kalidadezkoak diran ala ez eztabaidatzeko.
XVI. Euskal Encounter - Egitaraua
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!