'Euskerea Munduan' programea beregan hartu dau Etxeparek

Bizkaie! 2018-07-19 09:15   Euskerea berbagai

Euskal kultureari nazinoartean ikusgaitasun handiagoa emoteko hainbat ekintza bultzatzen dabil Etxepare.

Etxepare Euskal Institutuaren patronatuaren bileran, Iñigo Urkullu lehendakaria izan da mahaiburu. Institutuaren kudeaketeagaz lotutako hainbat gairen barri emoteagaz batera, 2017. urtean gauzatutako jarduerak azaldu ditue bertan eta 2018. urteko ekintza nagusien barri emon da.

Lehendakariaren agurraren ostean, aurreko bilerako aktea ezagutzera emon eta gero, Institutuko zuzendariak, Irene Larrazak, patronatuko kideei 2017. urteko kontuak eta kudeaketa txostena aurkeztu deutseez. Horregaz batera, 2018. urteko 2,59 miloe euroko aurrekontuen barri be emon deutse.

Era berean, urteko jarduera nagusien aurkezpena egin dau Larrazak; alde batetik, bertako erakunde publiko eta kultur eragileakaz koordinazinoa eta lankidetzea hobetzeko, koordinazino eremuak identifikau eta lan dinamika eraginkorragoak jarri ditu martxan Institutuak. Bestetik, hazkunde kualitatiboari eutsi deutso Etxeparek, dagoeneko sortuak dagozan sareak sendotuz eta beste erakunde batzuekaz lankidetzea sustatuz. Horregaz batera, diru-laguntzino deialdietan hainbat aldaketa txertatu ditu kultur sektorearen beharrei hobeto erantzuteko, besteak beste, prozeduren digitalizazino prozesua gauzatu da eta beste diru-laguntzino bat sortu da nazinoarteko liburu azoketan liburuaren sektoreko profesionalen parte hartzea bultzatzeko.

Bestalde, euskal kultureari nazinoartean ikusgaitasun handiagoa emoteko hainbat ekintza esanguratsu bultzatzen dabil Institutua.

Euskerearen irakaskuntzearen alorrean aitatzekoa da Euskerea Munduan programea beregan hartu dauela Etxeparek. Euskal Etxeetan euskerearen irakaskuntzea sustatzea helburu dauen egitasmo hau HABEk kudeatzen eban orain arte eta mundu osoko 75etik gora Euskal Etxek hartzen dabe parte. Mundu akademikoan eta irakaskuntzearen alorrean Etxepare Euskal Institutuaren jarduna irakurletza eta katedra sareagaz osotzen da. Euskerea eta euskal kultura klaseak emoten dira 18 herrialdetako 34 unibersidadetan eta zortzi euskal ikasketen katedrak dagoz beste hainbeste unibersidadetan.

Era berean, nazinoartean euskal kulturearen irudi nabarmen bat erakusteko eta euskal sortzaileen eta heuren lanen ikusgaitasuna areagotzeko ekintza eta komunikazino estrategia barria diseinau dau Institutuak, eta urteko azken hiruhilekoan hasiko da indarrean jarten.

Azkenik, eta kultur diplomaziaren alorrari jagokonez, Etxeparek EUNICen (Europako Kultura Institutu Nazionalen sarea) dauen eragina eta mugaz gaindiko kultura lankidetzea areagotu ditu Institutuak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu