Elebide-Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuak 346 gorabehera erregistrau zituan
2018-07-18 13:12 Euskerea berbagai289 kexak izan ziran eta horreen % 98tan urraketea euskerea erabilteko eskubideagaz loturik egon zan.
Eusko Jaurlaritzeak Elebide-Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuaren 2017ko memoria onartu dau asteon. Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak azaldu dauenez, 2017an hizkuntza eskubideen urraketakaz lotutako 346 gorabehera erregistrau ziran, aurreko urtean baino 230 gitxiago. Izapidetutako gorabehera guztien artean, 289 kexak izan ziran, eta horreen artean 283tan (% 98) urraketea euskerea erabilteko eskubideagaz lotuta egon zan; eta, 6 kasutan, eskubide-urraketea gaztelaniagaz lotuta egon zan. Kexa guztien % 83 (241 kexa) esparru publikoan izandako eskubide urratzeak ziran, eta % 17 (48 kexa) esparru pribatukoak.
Elebide-Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzua 2007an abiarazo eben eta helburua da holan eskatzen daben herritarrei euren hizkuntza-eskubideak babesten laguntzea, informazinoa eta aholkularitzea eskainiz. 2015 eta 2016 urteetan gorabeheren kopurua nabarmen hazi bazan be, oro har egonkor dago urteko intzidentzien kopurua. 2017an Elebiden izapidetutako intzidentzien % 86 kexak izan ziran (herritarrek uste izan dabe hizkuntza eskubideak urratu jakezala) eta ganerakoak konsulta (2), iradokizun (4) edo eskaerak (29) izan ziran.
Kexak esparruz esparru
Kexa guztien % 83 (241) esparru publikoan izandako eskubide urratzeak izan ziran, eta % 17 (48) esparru pribatukoak. Herri administrazino eta erakundeen kasuan, aurkeztutako kejen % 53 EAEko sektore publikoari zuzendu jakozan, guztira 127 kexa (2016an baino 148 gitxiago). Kexa horreen artean, 39 Eusko Jaurlaritzearen kontra izan dira eta 88 Jaurlaritzearen erakunde eta soziedade publikoen kontra. Erakunde publikoen kontrakoei jagokenez, 64 Osakidetzaren kontra izan ziran (igaz 208) eta 10 Lanbideren kontra. Jaurlaritzea eta haren menpeko erakundez harago, Foru administrazinoei 22 kexa zuzendu jakezan; toki administrazinoei, 51; Estaduko administrazinoei, 25; eta bestelakoei, 16.
Esparru pribatuan jasotako 48 kexak: zerbitzu orokorretan, 14; merkataritzeari lotuta 11; kultura eta aisialdia, 10; finantzak eta aseguruak, 5; irakaskuntzea, 2; ostalaritzan, kexa bat; eta, azkenik, ganerako arloetan, 5 kexa.
Kexen tipologia
Igaz Elebiden izapidetutako 289 kexak lau multzo nagusitan sailkatzen dira: idatzizko hartu-emonetan izaten diran urraketak, gehienbat ahoz, hizkuntza-paisajean atzemon daitekezanak (errotuluak, seinaleak...) eta internet eta sare sozialetan ikus daitekezanak. Idatzizko hartu-emonei erreparauta, 108 kexa jaso ziran, kasu gehienetan salatzeko erakundeek gaztelania bakarrik erabili ebela herritarrakazko hartu-emonetan. Ahozko hartu-emonei jagokenez, 42 kexa izan ziran; horreetan herritarrek adierazo eben euskeraz jaramon egiteko eskubidea urratu jakela.
Aurkezteko erea
Gorabehera guztietatik 224 (% 65) webgunearen bidez aurkeztu ziran, eta 109 (% 31) posta elektronikoaren bidez. Guztira, herritarren % 96k bide telematikoen alde egin eben, eta ganerako % 4ek bestelako bideak erabili zituen. Bide ez telematikoei jagokenez, 7 intzidentzia aurkeztu zituen telefonoz, 2016. urtean bezela, eta 2 posta arruntez, aurreko urtean baino 15 gitxiago.
2017. urtean zehar Elebidera jo eben herritarren % 92k (318k) euskerea erabili eben zerbitzu honegaz hartu-emonetan jarteko; eta beste % 8ek (28k), gaztelania. Azken kasu horreetatik, 7 hizkuntza eskubideen araudiaren inguruko konsultak izan ziran; eta beste 21, kejak (nahiz eta 13tan euskerea erabilteko eskubidea urratu jakela adierazo eben). Emakumezkoek aurkeztu zituen 2017. urtean zehar Elebide zerbitzura zuzendutako gorabeheren % 21, eta gizonezkoek % 79.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!