Bilboko Plaza Barria erritmo kulturalen agertokia izango da Aste Nagusian
2018-07-18 08:49 MusikeaJohnny Osbourne jamaikar artisteak abuztuaren 22an kantauko dau Bilbao Reggae Splash-en.
Beste urte batez, erritmo multikulturalak izango dira Plaza Barrian Aste Nagusian. Zapatutik zapatura, hilaren 18tik 25era bitartean, 23:30etik aurrera, Euskadi, Maroko, Espainia, Jamaika, AEB, Ingalaterra, Bretainia, Aljeria edo Frantziako artistek jantzan jarriko ditue hurreratzen diran guztiak.
Larry & His Flask country-rock taldeak joko ditu lehenengo akordeak jaigune honetan abuztuaren 18an; rock and roll talde bat da, bost kidez osotua, hainbat musikaren elementuak bereganatzen dituana: punka, gypsy jazza, folka eta amerikanea. Folk-punk edo punk-grass sailetan be sartu izan dabe.
Ondoren, Dead Broncoren txandea izango da. Talde hau Europa osoan oso ezaguna zan bere country-punk-rockagaz, eta Matt Horan amerikarra da euren liderra. Bost urtez, sustrai amerikarren mobimentuaren aitzindariak izan dira Europan. Orain, proposamen barria dakarre: Driven by frustration.
Abuztuaren 19an, The Electric Swing Circus electro-swing ingelesaren txandea izango da. Taldeak nazinoartean dabil sarri. Agertoki gainean, saucy 20's swing-eko eta stomping elektro beat-eko 6 elementuren fusinoa egiten dabe: kontrabaxu elektrikoa, vintage erakusgarriak, jazz-gitarra ijitoa, teklak, bateria, sintetizadoreak eta elektro beat-ak. Emakumezkoen ekitaldi bikotx ausarta, taldeak ikuskizun liluragarria eta soinu leherkorra bat eskaintzen ditu.
Abuztuaren 20an, Fanfarai Big Band taldearen folk musikeak jarriko dau erritmoa Frantzia, Maroko eta Aljeriako artista eta sustraiakaz. Hiru musikari-belaunaldi, hiru kontinentetan eta 20 herrialde baino gehiagotan grabau ondoren Plaza Barrian agertuko jakuz. Musikari-koroek interpretautako abestiak, Ipar Afrikako erritmo tradizionalak eta jazzez blaitutako soloak.
Bestetik, Gwendal bretainiarren folk zeltak gozetako aukerea ekarriko dau abuztuaren 21ean. Taldeak taldekide bakotxaren rock, jazz, folk eta musika klasikoaren eraginak txertatzen ditu kantuen oinarria sortzeko. Konposizinoak eta moldaketak egitea, ostera, guztien lana da. Taldeak erantzun handia izaten dau beti publikoaren eta kritikarien artean.
Abuztuaren 22an, Aste Nagusiaren erdian, XXVII. Bilbao Reggae Splash helduko da, Estaduko reggae jaialdi zaharrena. Johny Osbourne jamaikar artistea Stepper & Massive All Stars-egaz batera etorriko da. Johnny Osbourne jamaikarra inoizko reggae abeslari garrantzitsuenetako bat da. Haren moldakortasunak lagundu deutso bost hamarkadaz egoten Jamaikako musikearen eszenan, eta haren azpigenero nagusietako batzuen buru be izan da eta artista-belaunaldi batean baino gehiagotan eragina izan dau. Haren ibilbideak hiru adar izan ditu: lehenik, doinu gozoen eta soul estilo landuaren kantari; ondoren, 70eko urteetan kontzientziautako roots reggaeko kantari eta konpositore; eta, azkenik, 80ko urteetako Dancehall estilo hasibarriaren kantari aitzindari. Sing-jay ahots-estiloaren (deejay eta kantari arteko fusinoa) sortzaile be izan zan. Hortik jatorko Dancehall Godfather ezizena.
Abuztuaren 23an, flamenkoaren eta euskal kulturearen arteko buztarketaz gozau ahal izango dau jenteak. Agertoki horretara doanak aukerea izango dau gaur egun flamenkoaren hiru diziplinatan —kantua, jantzak eta gitarrea— ondoen interpretetan daben artisten ordezkaritza zabal batez gozetako: La Kaíta, Guadiana, El Perrete, Javier Conde edo El Peregrino flamenko-jantzaria izango dira gau flamenkoko protagonistak. Aperitibo lez, izen handiko gonbidatu bi izango dira, Euskadin iraultzea ekarri deutsienak flamenkoari: Juanjo Navas eta Sonakai.
Aste Nagusiko egun handian, abuztuaren 24an, Estaduan 40-50eko urteetako musika-arrakasta handienak ekarriko ditu Orquesta Radio Topolino-k; edade guztietako entzuleek ondo pasetea helburu hartuta, errepertorio zabala ekarriko dabe: pasodoblea, foxtrota, txa-txa-txa, tangoa...
Euskal Kantarien Jirabireak hainbat kantautoreren eskutik emongo dau kontzertua abuztuaren 25ean: Gontzal Mendibil, Gorka Knorr, Urko eta Txomin Artola. Euren kantu asko euskal kulturako herri-ereserki bilakatu dira. Jenteak kantu klasikoak kantau ahal izango ditu hareekaz batera.
Ehun kontzertu baino gehiago
2018ko Aste Nagusi osoan, Udalak ehun jarduera musikal baino gehiago programau ditu Bilboko hainbat lekutan. Jarduera horreek dobakoak eta gustu guztiak asetzekoak dira, gaur egungo taldeetatik hasi eta bilbainada klasikoetara. Ondokoak dira kontzertuetako zortzi espazioak:
Abandoibarra: kontzertuak eta herri-ikuskizunak.
Europa parkea: kontzertuak, DJak eta ikuskizunak.
Plaza Barria: munduko musikak.
Gizakunde eleizea: musika klasikoa.
Bilborock: tokiko metala eta pop-rocka.
Casilda Iturrizar parkeko Pergolan: bilbainadak eta goatekeak.
Areatzako kioskoa: Bilboko Udal Banda.
Areatza: berbenak, bandak eta fanfarreak.
Gustu musikal guztiak sartzen dira Aste Nagusian. Eszenatoki gehienetako espazioak bete egiten dira ia gauero, batez be, Gizakunde Eleizea, Plaza Barria eta Bilborock aretoa.
Aste nagusiak dobako 400 jardueratik gora eskaintzen ditu bederatzi egunotan, eta danen ezaugarriak dira kalidadea, aukera ugaria, bardintasuna, partaidetzea eta dobakotasuna.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!