F2P Campus Gasteizek hautatu ditu parte-hartzaileak

Bizkaie! 2018-07-16 09:48   Kulturea

Garagarrilaren 16tik ekimenaren lehen edizino honetan parte hartuko daben sei taldeak iragarri ditue.

F2P Campus Vitoria-Gasteizko arduradunek, Eusko Jaurlaritzeak sustatzen dauen eta BIC Arabak eta Basquegamek Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren laguntzaz antolatzen daben munduko Free-to-Play (F2P) bideo-jokoen lehen campus-azaleratzaileko arduradunek, gaur, garagarrilaren 16tik aurrera ekimenaren lehen edizino honetan parte hartuko daben sei taldeak iragarri ditue: Ukraina, Korea, Euskadi, Malaga eta Bartzelona (2 talde) dira 3 hilez euren proiektu barriak Artium - Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoaren instalazinoetan garatuko dituen 21 personen jatorrizko lekuak. Hautaketea mundu osoko 12 herrialdetatik aurkeztutako 22 hautagaitzaren artean egin da; horrek erakusten dau F2P Campus Vitoria-Gasteizen lehen edizino honek nazinoartean izan dauen harrera bikaina.

Euskal uriburuan sustatuko ditue bideo-jokoen garatzaile horreek guztiek euren proiektuak, Free-to-Play industriaren, jokatzen hasteko aurretiazko ordainketarik behar ez daben bideo-jokoen, munduko aditu onenen arteko ia hogei bat adituren laguntzinoaren bidez; Parte-hartzaileek mentore horreen aholkuak jasoteko aukerea izango dabe; mentoreak eredu dira jagokezan eremuetan eta bideo-joko arrakastatsuak diseinau eta garatzen parte hartu dabe, besteak beste, Candy Crush, Assasins Creed edo Cut the Rope 2, esan dabe campuseko arduradun teknikoek.

Giant Fox, Rise of Titan-egaz, eta Garage 51, Yokai Fury-gaz, F2P Campus Vitoria-Gasteizen hautaketa-taldeak aukeratutako talde bi dira; Bartzelonan dabe egoitzea. Lehenengoa 4 kidek eratzen dabe eta, bigarrena, 3 lagunek. Proiektu biak dagoz, dagoeneko, garapen-fase oso aurreratuan, eta urte-amaierarako abiarazotea aurreikusten dabe.

Gogoo da Koreako taldearen izena; taldean 4 kide dira eta Princess Maker aurkeztu dabe, Asiako merkatuaren oso gustukoa dan proiektua, aintzat hartuta sektore honetan merkatu handienetakoa dala. Ukrainatik Vitaliy heldu da; 3k osotzen dabe taldea, 2 ukrainarrak dira eta bestea txekiarra. Bideo-jokoa Dungeon Card Hero izenekoa da. Hypeful Malagatik 4 kidegaz heldu dan taldea da, eta Big Box proiektua aurkeztu dabe; taldekideen artean, youtuber ezaguna dago, ia 300.000 jarraitzaile dituana. Azkenik, Irundik Etorki Games heldu da, 3 kidek eratzen daben euskal taldea; Tribal Snap bideo-jokoa aurkeztu dabe. Proposamen horreetako gehienak eskuko telefonoetarako dagoz pentsauta, nazinoarteko merkatuan garapen gehieneko plataformarako.

Horreek guztiak astegoien honetan hasi dira Lakua auzoan bizileku izango dituen apartamentuak beteten, eta Artiumen atondutako lan-espazioa ezagutzen hasiko dira. Datozen 3 hileotan, Jon Beltran de Heredia eta Raúl Herrero F2P Campuseko zuzendari akademikoen tutoretzapean lan egingo dabe, eta hainbat mentoreren maisu-eskolak jasoko ditue, besteak beste, Kim Krogh King Suediako estudioetako zuzendarietako batenak, Stephane Assadourian-enak, Eugene Yailenkorenak edo Joony Koo-renak, besteak beste.

F2P Campus Vitoria-Gasteizek hainbat marka eta erakunderen laguntzinoa dauka, besteak beste, Vital Fundazinoa, Artium bera edo Euskaltel.

Campusaren aurkezpen ofiziala datorren eguenean, garagarrilaren 19an, izango da, Artiumeko ekitaldi-aretoan; bertan, talde guztiek parte hartuko dabe eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Ramiro González Arabako diputadu nagusia eta Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkatea izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu