22 taldek F2P bideo-jokoen munduko lehen campusean parte hartuko dabe
2018-07-05 12:05 KultureaTopaketea Artium-en hasiko da hilaren 16an, eta 19an, partaide guztien aurkezpen ofiziala egingo da.
12 herrialdetako 22 talde Gasteizko F2P Campusean parte hartzeko lehiatuko dira, Eusko Jaurlaritzeak sustatu eta BIC Araba eta Basquegame erakundeek —Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren babesagaz— antolatutako Free-to-Play (F2P) bideo-jokoen lehen campus azeleratzailean. Urtean 116.000 miloe euro baino gehiago mobiduten dituan sektore honetan ekimenak eragin dauen interes handia erakusten dau kopuru horrek. Taldeek euren hautagaitzak www.f2pcampus.com web-orriaren bitartez aurkeztu ditue, on-line sustapen-kanpaina handi bat egin ondoren eta campusa Bartzelona lako urietan antolatutako hainbat ekitalditan edo Nordic Games-en —Malmo-n (Suedia) egiten dan industria honetako azoka garrantzitsuenetako bat— aurkeztu eta gero. Datozen egunetan ezagutzera emongo ditue bideo-jokoen industriaren sektore honetako aditu nagusietako batzuk Euskadiko uriburuan batuko dituan lehen campus honetan parte hartzeko antolakuntzeak aukeratutako 6 taldeen izenak.
Lehiatzen daben taldeen ia erdiak Espainiakoak dira, 10 hain zuzen be. Errusia da eskaera gehien egin dauen bigarren herrialdea (4). Ganera, Hego Korea, Erresuma Batua, Finlandia, Grezia, Txekiar Errepublikea, Montenegro, Holanda, Ukraina, Eslovakia eta Estoniako taldeak be badagoz. Gasteizko F2P Campusaren sustatzaileak oso gustura dagoz harrera bikain honegaz, batez be lehen edizinoa dala kontuan hartuz. 'Gure ustez campusera bertaratuko diran mentoreen kalidadea eta uria bera —batez be eurak batuko diran Artium, Arte Garaikidearen Euskal Zentro Museoaren instalazinoak— izan dira hainbeste eskaera jasoteko erakargarritasun nagusiak'.
Mundu-mailan erreferentzia diran mentoreak
Azkenean aukeratuko dituen sei taldeek euren bideo-jokoen proiektuak Gasteizen landuko ditue, arlo horretan munduko aditu nagusietako batzuen aholkularitza eta babesagaz. Aditu horreek, udan zehar, Euskadiko uriburura etorriko dira proiektu horreek bertatik bertara ezagutzeko. Bide batez, free-to-play bideo-jokoetan interesautako persona guztiakaz topaketa edegiak egiteko aukerea aprobetxauko dabe: 'Aukera bikaina da esparru honetako profesionalak Gasteizera hurreratzeko, nazioarteko guru horreek ezagutzeko eta eurakandik ikasteko', azpimarratu dabe antolatzaileek.
Gasteizko F2P Campus-etik igaroko diran hogei bat adituren artean, Kim Krogh —Suediako King estudioetako zuzendarietako bat—, Candy Crush jokoaren asmatzaileak, Stephane Assadourian —Assassins Creed serieko sortzaileetako bat— edo Eugene Yailenko —CATS edo Cut the Rope 2 lako jokoen diseinatzailea— azpimarratu behar dira.
Campusa urriaren lehen egunetan amaituko da Demo Day bategaz. Bertan partaideek euren proiektuetan emondako pausuak erakutsiko ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!