Gotzon Aurrekoetxea: 'Buruan be zeozer euki behar da ganorazko lanak egiteko'

Koldo Isusi Zuazo 2018-07-16 08:05   Barriketan

Garagarrilaren amaieran, 27an eta 28an, VII. Mikrofilm Short Festival izango da Plentzian; film laburren lehiaketea ez eze, berbaldiak, proiekzinoak, erakusketak zein kontzertuak atondu ditue eta urtetik urtera gero eta jente gehiago hurreratzen da. Gotzon Aurrekoetxeak emon deuskuz azalpen guztiak:


1.- Nondik nora sortu zan Mikrofilm Short Festival, film laburren jaialdia sortzeko idea?

Gure lagun Alex Arana Etxebarria plentziarra motor istripuan hil jakun 2011. urtean eta zeozelan omenaldia egin gura izan geuntsan. Musikea eta zinemea oso gustoko zituan berak eta alkarregaz film laburrak eta egiten genduzan; orduan, zer hobarik holako jaialdia egitea baino. Aurten zazpigarren urtea izango da eta oso pozik gagoz jentearen erantzunagaz.


2.- Genero baltza darabilzue. Zergaitik?

Genero baltzaren estiloa eta tonoa asko gustetan jataz, nire pasinoa da; zinemea eta literaturea buztartuta, estilo klasikoa, telebistan 80 eta 90. hamarkadetan jarten ebena, entretenimendua ardatz hartuta, detektibeak, polizia ustelak, berbarako, Humphrey Bogart eta berbarako txikitatik nire eragin nagusienak izan diranak, Coen anaiak, David Linch, El silencio de los corderos egin eban Jonathan Demme eta bestelako batzuk. Personaia bat hil egin daiteke baina hilteko kapazidadea be badauka, traidorea edo faltsua, suberterik ez daukana, politiko zein polizia ustela... Giro horrek engantxau egiten zaitu eta hortik alde egitea ez da erraza, ganera, ez dot alde egin gura.


3.- Zer dauka Plentziak holako jaialdi bat egiteko? Zelako garrantzia dauka inguruneak?

Nire ustez Plentzia Bizkaian dogun uririk politena da eta ezin hobea holako genero baltzeko gorabeherak kontetako. Plentziako Alde Zaharra motibazino garrantzitsua izan da niretzako ze hor festibala egitea zeozelan ingurune hori suspertzeko eta ezagutzera emoteko baliogarria izan da. Hondartzea eta portua be ez dira makalak baina alde hau sustatzea be bazan gure helburuetako bat. Eleizearen torrea argiztatuta ikustea, proiekzinoak bertako hormatan ikustea
lakorik ez dago, esperientzia ederra, benetan.


4.- Zinema lehiaketea baino gehiago da Mikrofilm, izan be, erakusketak, berbaldiak zein kontzertuak be izaten dira. Zer nabarmenduko zeunke egitarauan?

Programazinoa zehazteko momentuan nahikoa argi geunkan ganerako festibalakaz konparauta zeozer desbardina gura genduala, nazinoarteko izakerea emon geuntsan baina tartean euskal zinemagileak be gura genduzan, lehia horretan asko ikasten dalako. Formatuan, ekintza osogarriak be behar zirala ikusi genduan eta horregaitik etorri ziran erakusketak, berbaldiak zein kontzertuak. Talentua erakutsi ez daben figurak be erreskatau gura izan doguz, akomodadorea eta holakoak.

Ganerakoan, efektu berezien zein kameren erakusketak egin izan doguz eta aurten, Ilusioen feria izenburupean, zinemea zelan sortu zan erakutsi gura izan dogu, analogikotik digitalera.

Musikearen aldetik, Bilbon 1923an egindako film labur bat daukagu, goitik behera musikatu doguna.

Horrezaz gan, Rafa Rueda, Kimu Txalapartea eta Nerea Alberdi & Alvaro Segovia be gurea izango dira.

Swing jantzarien topaketea be antolatu dogu zapaturako. Eta ezustekoak be izango dira.


5.- Zenbat film labur heldu jatzuez eta nondik?

Urtetik urtera gero eta lan gehiago hartzen doguz eta bildurtxua be emoten dau ze bialketa bat munduko edozein txokotatik egitea erraza da baina sarritan ikusi dogu oinarriak irakurri barik bialtzen dituela. Aurten gustora gagoz ze genero baltzagaz, suspenseagaz, thrillerragaz eta terroreagaz lotutako gauzak heldu jakuz. Danetara, 600 inguru izan dira baina kontuan hartu lehiaketan 18 baino ez dirala izango.


6.- Gaur egun ia edozeinek egin leike film labur bat, you tuberrak be ugaldu egin dira. Zergaitik dago hain zaletasun handia?

Sare sozialetan be edozein dabil baina egia da produkzinoan gehikuntzea igarten dala azken urteotan. Demokratizau egin dira ikusentzunezkoak, gero eta errazagoa da teknologiara hurreratu eta saiakerak egitea. Gaur erabilten doguzan eskuko telefonoakaz gauza handiak egin daitekez baina kalidadezko produktuak egitea beste gauza bat da. Alde onak eta txarrak dagoz hor, izan be, edozeinek egin leike labur bat baina oso gitxik egingo dabe kalidadezko produktua. Teknikeagaz bakarrik ezin lei gauza handirik egin, buruan be kapazidadea euki behar da ganorazko lanak egiteko.


7.- Mikrofilm jaialdiak Plentzia eta Uribe Kostako eskaintza kulturala aberasten ete dau...

Bai. Emon izan deutsaguz buelta batzuk horri. Jairik jai ibiltea da aukera bat baina kultura arloan, hutsunea dago. Eragilea edo suspertzailea lehen be esan deutsut zein izan zan baina egia da beste hausnarketa batzuk be erabili doguzala. Publikoa dogu beti gogoan eta badakigu ikusentzunezko kultureak zeresan handia daukala. Zeozer esateko daukanari lagundu egin behar jako.

 

8.- Zein izango da epaimahaia?

Ibon Antuñano, Itziar Atienza eta Sara Cozarren zeregina izango da filmeen kalidadea balorau eta saritzea. Ibon Antuñano (Bilbo) Bartzelonara zuzendaritza eta argazki zuzendaritza ikastera joan zan. Bertan zuzendu eban Una Bala izeneko bere lehenengo film laburra eta jarraian nazinoarteko hainbat sari irabazi zituan. Horren ondoren, bideoklipak grabetan hasi zan (Berri Txarrak, Sober, Antonio Carmona...) zinemeagaz tartekatuz. Gaur egun, bai zineman zein publizidadean, argazki zuzendari moduan lan egiten dau.


Itziar Atienza, barriz, euskal aktorea da, egun Madrilen bizi dana. Bere lehenengo urratsak Vaya Semanita umorezko saioan emon zituan eta ordutik antzerki, telebista ta zinemea buztartu ditu. Tanttaka antzerki konpainiagaz hainbat lanetan ibili da, Ipar Haizearen Kontra eta aurrerago 2016an Donostian egindako Uda Gau bateko Ametsean. Telebista zein zineman be ibili da, Bypass eta Igelak euskal filmeetan edota La Punta del Iceberg, Plan de Fuga pelikuletan besteren artean. Telebistarako Presunto Culpable telesaila dauka estrenetako, Antena tres katearen azken fikzinoetako bat.

Azken buruan, Sara Cózar 1980an Ordizian jaiotako aktorea da. 2001ean ekin eutson ibilbide profesionalari telebistan eta antzerkian. Zortzi urtez jarraian ETBko Goenkale telesailean lanean ibili zan, ondoren Mugaldekoak, D.B.H, Aitaren Etxea, Ero eta Bero, Kontrako Eztarria, Que Vida Más Triste telesaietan. Mi Querido Klikowsky eta Euskolegas-en be agerpenak egin zituan.

 

9.- Erakundeen partetik badaukazue laguntzinorik?

Bai, Plentziako Udala da gure babesle ofiziala eta laguntzaileak be ugari doguz, onena webgunean begitutea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu