Liburubila aurkeztu dabe gaur

Bizkaie! 2018-07-12 12:12   Kulturea

845.000 liburu, 16.250 liburu digital edota 67.267 ikus-entzunezkoren inguruko informazinoa dakar.

Euskadiko Irakurketa Sare Publikoaren edo eLiburutegiaren datu baseagaz lotuta dago, 845.000 liburu, 16.250 liburu digital edota 67.267 ikus-entzunezkoren inguruko informazinoa emoten dauelarik.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Liburubila aurkeztu dau gaur, Euskadiko Irakurketa Sare Publikora, eLiburutegira eta kultura edukien inguruko beste hainbat atarira loturiko bilatzaile barritzailea. Proiektuaren helburua da erabiltzaileei informazinoa eskaintzea, era errazean, topau dleikiezan kultur edukiei eta horreek topetako lekuei buruzkoa. Eduki digitalen kasuan, Liburubila bilatzaileak horreetara berehala joteko aukerea eskaintzen dau; ganerako edukien kasuan, maileguak ordenagailutik eskatzeko aukerea be emoten dau.

Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuordeak eta Mikel Aizpuru Kultura Ondarearen zuzendariak aurkeztu dabe ekimena, Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikoan izandako ekitaldian; Liburubila erakunde publikoek herritarren eskura jarten daben edukien eskaintzaren atea da. Erabiltzaileek milaka liburu, liburu digital, formatu digitaleko film, irakurteko arazoak dituen personentzat egokitutako audioliburuak, diskoak, dokumentu historikoak, dokumentu grafikoak edo ordenagailuko artxiboak toauko ditue. Bilatzaile honen bidez, zuzenean konsultauko ditue, mailegu bat erreserbau edo eduki horreek non topau geinkezan jakin, esan dau Muñozek.

Liburubila bilatzaileak 845.000 liburu, 16.250 liburu digital, 67.267 ikus-entzunezko artxibo (film fisikoak –gehienak DVD formatuan– edo film digitalak –eLiburutegiaren bidez, 1.600 baino gehiago–), 70.671 audio (gehienak liburutegien sarean eskuragarri dagozan diskoak), 11.000 dokumentu digitalizatu, 4.500 irudi eta ordenagailuko 8.646 artxiboren ganeko informazinoa eskaintzen dau.

Bilatzailea Euskadiko Irakurketa Publikoaren Sarera eta haren katalogora lotuta dago. Euskadiko Irakurketa Publikoaren Sarea 205 liburutegik eta 304 sukurtsalek (udalerri batek udal-liburutegi bakarra dauka, baina hainbat sukurtsal izan leikez) eratzen dabe; gehienak udal-titulartasunekoak dira, baina badagoz udal-titulartasunekoak ez diranak be (Eusko Jaurlaritzea, Euskadiko Artxibo Historikoa, HABE, Lazkaoko Beneditarren Artxiboa, Zarauzko Photomuseuma...). Liburubilak zuzenean konektetan dau liburutegi horreen guztien datu-baseagaz, bai eta eLiburutegiaren –Estaduko liburutegi digital handiena–, Liburukliken edo Ondareneten bidez konsultau daitekeen eskaintza jaso dituen katalogoakaz.

Tresna horren bidez, bilaketa-aukera desbardinak dagoz (egilearen, obrearen edota berben arabera), eta informazino zabala eskaintzen dau: funtsak konsultetako aukerea emoten dau, tituluak momentu horretan maileguan dagozan ala ez ezagutu, informazinoa esteken bidez orientau, katalogoan sartutako eta gure interesekoak diran titulu barriak egiaztatu, maileguak erreserbau... Eduki digitalizatuen kasuan, Liburubilak sarbide zuzena eskaintzen dau horreetara, eta erraz lotzen dau bilaketea konsumo digitalagaz.


Leihatila bakarra

Proiektu honen bidez, leihatila bakarra kontzeptua, kasu honetan digitala, liburutegien eta mediateken mundura eroan nahi izan da: Proiektu aitzindaria da Estaduan, eta haren jatorria Finlandian sustatutako antzeko ekimena da. Bilatzaile hau garatzeko, urtebeteko lana behar izan dogu, esan dau Joxean Muñozek. Bilatzaile hau Euskadiko Irakurketa Publikoaren Sareko liburutegietan erabilten dabiz dagoeneko, baina edozein herritarrek erabili leike bere ordenagailu, tablet edo eskuko telefonoetatik.

Sailburuordeak esan dauenaren arabera, helburua da egon badagozan eduki eta dokumentu kopuru handia antolatzea eta herritarrek horreetara errazago jo ahal izatea: Liburubilaren bidez, modu antolatuan aurkeztu ahal izan dogu Euskadiko Irakurketa Publikoaren Sarean eta beste atari batzuetan, besteak beste eLiburutegian, dogun kultura-eduki eta dokumentu-material kopuru handia. Leihatila bakarraren bidez eskainiko dogu. Material hori guztia, orain, eskuragarriago dago herritarrentzat, eta, holan, kultura-konsumoa erraztu eta hari bide emon ahal izango jako, esan dau Muñozek.

Sailetik kulturearen konsumo digitalaren inguruan egiten dagozan sustapena be aitatu du: Esaten dugun moduan, eduki digitalen kasuan be egile-eskubideak kontuan hartzen dituan eta jagokozan lizentziak ordaintzen dituan kultura-konsumoaren aldeko apustua egiten dogu. Holako konsumoa eskaintzen dau eLiburutegiak eta, Liburubilari esker, herritarrakandik hurrago dago gaurtik aurrera. Digitalizazinoak kulturea sustatzeko aukera barriak eskaini leikezalakoan gagoz, eta biltzaile hau horren adibide da, adierazo dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu