Markina-Xemeingo II. Jazzaldia gaur hasiko da

Bizkaie! 2018-07-12 10:44   Musikea

Gaur Eurkorleans Dixie Band ibiliko da kalerik kale, 19:30ean hasita.

Igazko jaialdiak oso harrera ona izan ebanez, aurten, Markina-Xemeingo Jazzaldiaren II. edizinoa antolatuko dugu. Jaialdi hau urtetik urtera indartu eta erreferente legez finkatzeko helburuagaz dabiz beharrean antolatzaileak.

Aurten egutegira egokitzearren, kontzertuen egunak aldatu ditue eta, beraz, II. Jazzaldia hilaren 20an, 21ean eta 22an izango da.

Igaz bezela, gure asmoa Markina-Xemeinera kalidadezko taldeak ekartea da. Batez be kontuan izango dogu Euskal Herriko jazz taldeen parte hartzea, baita oholtza gaineko emakumeen presentzia be.

Horrezaz gan, ekitaldiak balio erantsia dauelakoan dagoz antolatzaileak, izan be, Markina-Xemein eta inguruak ezagutzeko aukerea emoten dau, eta jazza eskualdera dakar, jaialdi-mueta hau uriburuetan egiten baita. Honen harira, Musika, mundua, herrira. Herria, harria mundura berba jolgetea egokia iruditu jaku idea hau islatzeko.

 

Musika, mundua, herrira. Herria, harria mundura

Jaialdi honegaz, alde batetik musikea eta mundua dakarguz herrira, Markina-Xemeinera. Hau da, kontzertuen bitartez, munduko leku desbardinetako musikari eta musika estiloak dakarguz gure herrira. Kultura eta garai desbardinen lekuko dira eta horreen aberastasunaren zati bat ezagutzeko aukerea emoten deuskue. Hau, kanpotik dakargun aberastasuna da.

Baina, jaialdi honegaz, Markina-Xemeinek be zeozer eskaintzen dauela uste dogu; zer eskaintzen dogu? Gure herria eta berton dogun ondare historiko kultural aberatsa (eta ezezaguna) ezagutzeko aukerea emoten deutsegu jaialdiaz gozetan datozen bertoko zein ingurukoei.

Ondare hau, Arretxinagako ermitako harri ezagunen bitartez adierazo dogu. Harri horreek dira aurtengo karteleko protagonista nagusiak, JAZZ berbearen erdian kokatu doguzanak.

Historian, jazz-musikari apartak izan dira. XIX. mendearen amaieran jaio zan musika-estilo hau, AEBetan, herrialdeko esklaboak emantzipau ziranean. Hasieran jantza-musika herrikoia besterik ez bazan be, gero arte-mueta bat bilakatu zan, mundu osoan goraipatua.

Horrexegatik uste dogu oso garrantzitsua dala ezagutzera emotea: musikea bera, beraren aldaerak (swinga, blusea, dixielanda...) erroak eta historian egindako ekarpenak.

Egun, goi mailako artista askok genero hau hautatzen dabe; batzuetan, barruratzeko gatxa izaten da, inprobisazino eta espontaneotasun handia erabilten dalako, baina kultura desbardinak harremanetan jarteko oso bide aproposa izaten da.

Jazz-musikari handienetako bat Charlie Parker (1920-1955) izan zan. Bird ezizenez ezaguna, saxofonista eta konpositore estadubatuarra saxofoi altu jotzaile onenetakotzat joten da. Jazz-kritikarien esanetan, historiako musikaririk garrantzitsuenetakoa da, Louis Armstrong, John Coltrane eta Miles Davisegaz batera.

Aurten, omenaldi txiki bat eskaini nahi deutsagu Charlie Parkerri, garagarrilaren 21eko kontzertuagaz. Roberto Pachecok, Charlie Parker with strings aukeztuko deusku. 1949 eta 1950 artean Charlie Parkerrek estudioan grabautako lanak eskainiko deuskuez zuzenean. Hamar musikari izango dira taula gainean, horreetako batzuk Euskadiko Orkestra Sinfonikoko eta Musikeneko kideak.

Informazino gehiago hemen.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu