'Nola soinu halan zeinu' kartelak iragarriko dau 2018ko Aste Nagusia
2018-07-09 13:40 KultureaAurten 175 kartel aurkeztu ditue, aurreko edizinoan baino % 9,4 gehiago.
Bilboko kaleak barriro beteko dira musikaz, folkloreaz, antzerkiaz eta su artifizialez abuztuaren 18tik 26ra, 2018ko Aste Nagusian edade eta gustu guztietarako programautako 400 jarduerei esker. Aste Nagusiak 40 urte beteko ditu aurten.
Nola soinu hala zeinu izango da 2018ko Aste Nagusiaren irudia. Egilea Jone Etxaburu Garai da eta berak irabazi dau Bilboko Udalak urtero deitutako Aste Nagusiko Kartelen Lehiaketea, ganerako proposamenen aurretik. Botuen % 32 hartu dau. Irabazleak 3.000 euroko saria jasoko dau.
Bilboko Udaleko Jaietako Saileko zinegotzi ordezkari eta Jaietako Batzordeko presidenteak, Itziar Urtasunek, epaimahaiko ganerako kideak ondoan zituala, irabazlea nor dan iragarri dau Udaletxeko Prentsa Aretoan.
175 hautagai, igaz baino % 9,4 gehiago
Aurten 175 kartel aurkeztu ditue, aurreko edizinoan baino % 9,4 gehiago. Kartel gehienak Bilbotik heldu diran arren, beste hainbat lekutatik be bialdu ditue proposamenak, besteak beste, Iparraldetik, Nafarroatik, Bartzelonatik, Madriletik, Sevillatik eta Coruñatik.
Epaimahaiak sei kartel finalista aukeratu zituan eta hilaren 2tik 6ra bitartean, herritarrek euren botoa emon dabe. 2018ko Aste Nagusiko irudi irabazlea sistema mistoaren bidez aukeratuko da; herritarren botazinoak izan dau pisurik handiena (% 66ko balioa izan dau).
1.300.000 lagun baino gehiago Bilboko Aste Nagusian
Aste Nagusia iragarriko dauen kartela aukeratzeko lehiaketea inflexino-puntua da atzerako kontaketan, izan be, igazko jaietan dobako 400 jarduera baino gehiago antolatu zituen eta guztira 1.300.000 personatik gora izan ziran Bilbon (160.000 baino gehiago egunero).
Urtero-urtero, Bilboko Aste Nagusiak eguneko programazinoa sendotzen dau herritarren onarpenagaz eta parte-hartzeagaz, Txikigunean, euskal jantzen eta herri-kirolen ikuskizunetan, kaleko antzerki-saioetan eta bilbainadetan, edo Bilboko Konparsek antolatutako Lehiaketa Gastronomikoan. Gauez be, jente ugari egoten da uriko zortzi eszenatokietan egiten diran kontzertuetan eta su artifizialetan (jaietan jenterik gehien batzen dauen ikuskizuna).
Kontuak kontu, Aste Nagusia jai-eredu honen erreferentzia bihurtu da atzerrian, kapaz dalako bederatzi egunetan Europako hegoaldeko aisialdi eta kulturearen arloko dobako eskaintzarik handienetako bat antolatzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!