Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak hamaikakoa aurkeztu dau gaur 'Euskaraldia' ekimenerako

Bizkaie! 2018-07-05 13:43   Euskerea berbagai

Talde honen bitartez proiektua langileen artean zabaldu eta hiztunen aktibazinoa sustatuko da.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Euskaraldia, 11 Egun Euskaraz ekimena sustatzeko bere 11koa aurkeztu dau gaur, Eusko Jaurlaritzako Lakuako egoitzan. Talde honen lana izango da ekimena Saileko langileen artean zabaldu eta euskereren erabilerea errazten laguntzea Euskaraldia izango dan 11 egun horreetan. Euskaraldiak apirilaren 18an bere lehen hamaikakoa aurkeztu ebanetikk antzeko taldeak euskerearen lurralde osoan zabaldu dira, eta Eusko Jaurlaritzako sail guztiek beren hamaikakoak aurkeztuko ditue.

Ondokoak dira Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko 11koa osotzen daben lagunak:

- Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua.
- Miren Dobaran, Hizkuntza Politikako sailburuordea.
- Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria.
- Almudena Otaola, Kabinetearen eta Hedabideen zuzendaria.
- Jon Redondo, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria.
- Mikel Aizpuru, Kultura Ondarearen zuzendaria.
- Raquel Carmona, Hizkuntza Politika Sailburuordetzako langilea.
- Ramón Suinaga, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako langilea.
- Jabier Oses, Zerbitzu Zuzendaritzako langilea.
- Olaia Fernández, Kabinetearen eta Hedabideen Zuzendaritzako langilea.
- Amaia Gezala, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzako langilea.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak hamaikakoak egingo dauen ekarpena azpimarratu dau: Euskerearen erabilerea Kultura eta Hizkuntza Politika Sailean oso nabarmena da. Euskerea hizkuntza nagusia da lankideen arteko hartu-emonetan eta lanerako lehen hizkuntzea be bada; halan da be, gauza asko falta dira eta Euskaraldiaren 11 egun horreek aprobetxau nahi doguz beste aurrerapausu bat emoteko. Han eta hemen zabaltzen dagoz Euskaraldiaren 11koak, eta gure Sailean be talde bat euki nahi izan dogu. Haren eginkizuna izango da ekimena lankideen artean zabaltzea, hiztunak suspertzen laguntzea eta euskerearen erabilerea erraztea, lankide ‘ahobizi’ zein ‘belarriprest’-en bitartez.


Lehen hamaikakoa

Euskaraldiak apirilaren 18an aurkeztu eban bere lehen hamaikakoa, Bilboko Itsas Museoan. Ondokoak dira lehen talde hori osotu ebenak: Alex Txikon, alpinistea; Dani Alvarez, kazetaria; Pedro Miguel Etxenike, fisikan doktorea; Toti Martinez de Lezea, idazlea; Eneko Sagardoy, aktorea; La Basu, musikaria; Aretz Iginiz, errugbilaria; Cris Lizarraga, Belako taldeko abeslaria; Mikel Arrasate, Karrikaluze alkarteko kidea; Arianne Unamuno, Pil-pilean alkarteko kidea; eta Zuriñe Gil, Geu alkarteko kidea.

Lehen 11ko hori aurkeztu ebenetik, hainbat uri, herri, erakunde edota alkarte talde aurkezten dabiz. Hamaikakoa modu personalean eta borondatez Euskaraldia: 11 Egun Euskaraz ekimenean parte hartzea erabagi daben lagunek osotzen dabe. Holako taldeak funtsezkoak izango dira proiektua erantzun handikoa izan daiten.

Zemendiaren 23tik abenduaren 3ra arte izango da abian Euskaraldia Euskal Herri osoko ehunka udalerritan. Ekimen honen helburua da hizkuntza ohituretan eragitea euskerearen erabilerea eta hiztunen aktibazinoa bultzatzeko. Euskaraldiaren asmoa da 11 egunez euskerea era aktiboagoan erabiltea ariketa horrek 12. egunetik aurrera eragina izan daian. Proiektuaren oinarrian azken urteotan hainbat herritan izandako aktibazino esperientziak dagoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu