Dobako ticketing sistema digitala martxan dago udan Gaztelugatxerako joan-etorriak egiteko

Bizkaie! 2018-06-29 09:07   Kulturea

Ekimenak bisitari jarioa kontroletea dau helburu, eta esperientzia pilotu moduan egingo da.

Bizkaiko Foru Aldundiak Gaztelugatxen jarduketak egiten jarraitzen dau biotopo babestu horretako bisitaren esperientzia hobetzeko helburuagaz. Proposamen barriaren arabera, biotopo babestu hori turismoari eta jarduera ekonomikoari tira egingo deutsen agente bihurtu behar da. Udeari begira, martxan jarriko dau ticketing plataforma digitala, bateragarri izango dana Urizarretako eta Ermuko jatsieren hasieran kokatutako kontrolguneetan tiketak batzeagaz. Kasu bietan bisita-tiketak doban emongo ditue. Ekimen horrek bisitari jarioa kontroletea dau helburu, eta esperientzia pilotu moduan egingo da, Aste Santuan hasitako banaketearen osogarri.

Gaurtik aurrera, ticketing plataforma horretara sartu ahal izango da Foru Aldundiaren webguneko Gaztelugatxeri buruzko atalaren bitartez, edo zuzenean klik eginda hemen. Plataforma horretan tiketa erreserbau ahal izango da, erabiltzaileak ezarritako egun-orduetarako. Biotopo babestuko bisitari jarioak erreguletan dituen langileei erakutsi beharko jake tiket hori, papelean inprimiduta nahiz tresna mobikor batean deskargauta.

Webgune horretan bertan lekuari buruzko informazinoa eskaintzen da bai ikuspuntu turistikotik bai ondarearen, historiaren eta ingurumenaren ikuspuntutik. Kontu praktikoak azaltzen dira (zelan heldu garraiobide publikoetan, erabil daitekezan aparkalekuak, non dagozan komunak, zelako oinetakoak behar diran, aholkuak beherantz oinez hasteko orduan...), bai eta ibilbideak eta sarbideak be, eta bistan jarten da historia eta ondare-elementuen balioa eta leku hori gune babestu bihurtzea eragin daben elementuena.

Ticketing sistema barri hori abian jarteaz gan, foru erakundeak beste barrikuntza batzuk jarriko ditu martxan udan, besteak beste, seinaletika barria jarriko da Gaztelugatxera doan errepidean, leku horretara zelan heldu azaltzen daben seinaleak hobetzeko.

Hobekuntza-erispide hori berori aplikau da Gaztelugatxeko oinezkoentzako sarbideetan, azken hileotan zaharbarritze obrak egin baitira Ermutik eta Urizarretatik datozen bideetan. Lehenengoak igazko zemendian hasi eta aurtengo apirilean amaitu dira; eta hor behegainean laprast egitea gatxagoa da orain. Urizarretan, barriz, lanak aurtengo apirilean hasi, eta asteon amaitu dira. Alde horretan, behegaina hobetu, bidea egokitu egin da, jatorrizko trazadurea eta zabalerea errespetauta, eta harri-zolea jarri da Matxitxakoko harria erabiliz. Era berean, udagoienean arbolak landatuko ditue bide horretan.

Ganera, datorren irailaren 30era arte, Aste Santuan legetxe, Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarri dau Bizkaibuseko A3517 linearen zerbitzu barria, ordu erdiko maiztasuna eskaintzen dauena iraileko zapatu-domekatan eta garagarril eta abuztuko egun guztietan. Autobusak Bakiotik Bermeorantz urtengo dabe 06:45etik 21:15era arte, jaiegunetan izan ezik; jaiegunetan 08:45 - 21:15 bitartean ibiliko dira. Eta Bermeotik Bakiorantz, 07:40 - 20:40 bitartean (jaiegunetan, 09:10 - 20:40 bitartean).


Informazino puntuak

Uda honetarako Aldundiak jentearentzako arretarako lau gune atondu ditu. Lurralde osoari eta Gaztelugatxeko inguruari buruzko informazino turistikoa emoteko gunea Urizarretako sarrera ondoko aparkalekuan egongo da, eta beste hiru gune egongo dira sarrerak kontroletako puntuetan; horreetan lekuneari ingurumen eta turismo-informazinoa eskainiko da. Sarrerako hiru kontrolgune horreek Urizarretatik eta Ermutik bajatuteko bideen hasieran eta Doniene ermitara igoteko eskailerarako bidean dagoan plazatxuaren inguruetan kokatuta dagoz. Azken puntu horretan lehenengo laguntzetarako botika-kutxa bat egongo da, eta bertatik erregulauko dira eskaileretako bisitari jarioak, tarte horretan pilaketak ebitetako, ahal dan neurrian.

Trebatutako beharginek eskainiko dabe biotopoari buruzko informazinoa, eta landa garapenerako Jata Ondo eta Urremendi alkarteetako ordezkariek emongo dabe informazino turistikoa. Horretarako lankidetza-hitzarmena sinatu da alkarte horreekaz.

Komunak jentearentzako arretarako gune nagusiaren inguruetan egongo dira, Urizarretako sarbidean, eta Urizarretatik eta Ermutik bajatuteko sarbideen alkargunean. Baimenik euki ezean errepide zaharretik ibilgailuetan sartzeko debekuari eutsiko jako; beraz, errespetau egin beharko da sarbide horretan jarritako egurrezko itxiturea.

Azken asteotan, ermitara doazen eskailerak konpontzeko obrak be hasi dira baina lanok etenda egongo dira garagarrilean eta abuztuan, oporraldi horretan bisitarien joan-etorriari trabarik ez egiteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu