40.000 lagun XVII. Euskal Eskola Publikoan
2018-06-29 08:23 Euskerea berbagaiHurrengo hitzordua 2019ko bagilaren 2an, Errenterian.
Euskal Eskola Publikoaren XVII. Jaiak egun handien etxurea erakutsi eban Lekeition. Euskal Herriko bazter guztietatik etorritako 40.000 lagunek borborka jarri eben herria, antolaturiko gune guztietako ikuskizun eta ekintzetan parte hartuz, danona eta danontzako dan Euskal Eskola Publikoaren erakusgarri.
Lekeitioko herriaren borondatezko laguntzino barik ezingo geunken jai hau antolatu. Bidelagun izan zaituegun ehunka herritar, alkarte, erakunde, tokiko komunikabide, merkatari eta enpresen urte guztiko auzolana herri lana bihurtu dozue. Guzti guztiei, eskerrak bihotzez zuon laguntzino eta babesagaitik.
Gure poza adierazo nahi geunke, ohikoak bihurtzen doazen jarrera eta eraso sexista jazoerarik egon ez dalako. Euskal Eskola Publikotik gizarteko erronka barriei egokitzen jarraituko dogu, bardintasuna eta hezkidetzea ardatz hartuta, eta gure bitarteko guztiak jarriko doguz holako jazoerei aurrea hartzen saiatzeko prebentzino lanean sakonduz.
Jai egunean bertaratutako guztien errespetu eta gizalegezko jokabide erabatekoa nabarmendu behar dogu. Ez zan aparteko istripu edo larrialdi egoerarik sortu, holako egunetan ohikoak diran jazoera gitxi batzuk baino ez ziran izan. Aparkaleku eta trafiko antolaketearen kudeakeeta ezin egokiagoa izan da Udaltzaingoa eta bolondresen aldetik. Herriko eta inguruetako hotel eta ostatuetan be, eragin oso positiboa izan dau jaiak.
Alabaina, Urte osoan antolatutako ekintza eta ekimenetan lortutako parte-hartzea itzela izan arren, guztien artean nabarmentzen da, Xabier Amurizak idatzi eta Unai Egia-Iñigito Txapelpunk tandemak musikatu dauen kantua. Jentaurrean aurkeztu zanetik, ekintza guztien inguruan jantzan jarteaz gan, kantuarentzat sorturiko bideoklipak 45000 ikustaldi izan zituan jaiaren egunean eta gaur egun, zoramena eragiten jarraitzen dau. Euskal Herriko eskoletako ikasle, irakasle eta familia guztiei zor jake neurri handi batean kantuaren upealako erantzuna.
Horrezaz gan, Zapran Gagoz, edalontzi ekologikoaren ekimena nabarmendu behar dogu. Jaiaren Koordinazino taldetik berrerabilpena eta birziklapenerako deia egin genduan, milaka edalontzi banatuz eta ekimenaren erantzun ederra azpimarratu behar da jaia amaitzean guneen garbitasuna ikusita. Hau guztia kontuan hartuz, Lekeitioko herritarrei eta Euskal Herriko bazter guztietatik hurreratu zinien lagun eta familia guztiei eskerrak emon nahi deutsueguz bihotz bihotzez.
Lekeition erakutsitako konpromiso, alkartasun eta indarrak harro egoteko arrazoiak emoten deuskuz. Euskal gizarteagaz batera pausu garrantzitsua emon dogu Euskal Hezkuntza Sistemearen ardatz izatea nahi dogun Euskal Eskola Publikoaren alde. Orain, makina bat taupada hur dagoz honi guztiari jarraipena emoteko prest. Pausu bat aurrera, aurrerapausu handia izan daitekeelako, gora egungo Euskal Eskola Publikoa!
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!