Garagarrilaren 24an jakingo dogu Basque Culinary World Prize 2018 nork irabaziko dauen

Bizkaie! 2018-06-29 08:05   Jan edanak

Basque Culinary World Prizek chef-belaunaldi barri baten lana goraipatu nahi dau, gastronomiaren indar eraldatzailearen eredu baitira.

Basque Culinary World Prizeko batzorde teknikoa Basque Culinary Center-en batu da, Donostian, saria jasoteko dagozan 10 finalistak hautatzeko. Sari berezi eta global hori Eusko Jaurlaritzeak eta Basque Culinary Centerrek emoten dabe, Euskadi-Basque Country estrategiaren barruan, eta hainbat alorretan (barrikuntzan, teknologian, ingurumenean, osasungintzan, elikagaigintzan eta garapen sozial edo ekonomikoan) ekimen eraldatzaileak dituen sukaldariak saritzea dau helburu.

Nazinoarteko adituek 42 herrialdetatik heldutako 140 hautagaitzak balorau ditue. Kopuru horreekaz, beraz, gainditu egin dira aurreko edizinoetako datuak, bai parte-hartzaile kopuruari eta bai horreen jatorrizko herrialdeei jagokenez be.

Hamar finalistak aukeratzeko oinarri legez, izentautako proiektuek gizartean daben eraginaren erispidea erabili dau batzorde teknikoak. Hamar finalisten izenak garagarrilaren 2an emongo ditue ezagutzera, Enrique Olvera chef mexikarraren Cosme jatetxean, New Yorken.

Hirugarren edizinoan, Basque Culinary World Prizek chef-belaunaldi barri baten lana goraipatu nahi dau, gastronomiaren indar eraldatzailearen eredu baitira. Sariaren irabazleak 100.000 euro jasoko ditu gastronomiaren ahalmen eraldatzailea islatzen dauen bere hautazko proiektu batera bideratzeko.

Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak esan duenez: Hirugarren edizino hau beharrezkoa da Basque Culinary World Prizek sustatu nahi dituan balioak indartzen jarraitzeko: kalidadea, bikaintasuna, konpromisoa eta eraldaketeagazko bokazinoa. Euskadi Basque Country estrategia integralaren esparruan, sari honek Euskadiri lagundu deutso gastronomiaren alorreko bikaintasunaren erreferente izaten, eta bidea emoten deusku munduaren aurrean bizi-kalidadea eta gizarte-kohesinoa dituan herrialde legez aurkezteko.

Joxe Mari Aizegak, Basque Culinary Centerreko zuzendariak, ondokoa gaineratu dau: Mundu osoko sektoreko profesionalek parte hartu dabe, eta inspirazino-iturri diran ehunka persona ezagutzeko aukerea izan dogu. Hirugarren edizino honetan, Basque Culinary World Prizek argi itxi dau indar handia dauela sukaldaritzearen munduaren inplikazino handiagoa lortu dauelako, parte-hartzaile gehiago izan diralako eta irismen geografiko zabalagoa izan dauelako baina, gehienbat, fenomeno boteretsu bat errotzen dagoalako.

Kontuak kontu, epaimahaia Modenan batuko da garagarrilaren 23an, Basque Culinary Centerren Nazinoarteko Kontseiluaren urteko topaketan, hamar finalisten artetik irabazlea hautatzeko.

2018ko epaimahaiaren presidentea Joan Roca da eta, besteak beste, Leonor Espinosa, Basque Culinary World Prizeren 2017ko irabazlea eta hainbat diziplinatako aditua be tartean da.

2017an, Basque Culinary World Prize saria Kolonbiako Leonor Espinosa sukaldariari emon jakon FunLeo Garapenerako gastronomia fundazinoaren proiektuagaitik. Leonor Espinosak, Bogotako Leo eta Misia jatetxeen arduradunak Kolonbiako herrien antxinako jakinduria aldarrikatzen dau, indigena eta afrokolonbiarrena batez be, eta sukaldaritzako barrikuntzea zein hazkunde-prozesuak sustatzen ditu.

María Fernanda Di Giacobbe venezuelarrak eskuratu eban saria Basque Culinary World Prizeren lehen edizinoan, 2016an, Jatorrizko Kakaoa proiektuari esker, hau da, Venezuelan kakaoaren inguruan –nortasunaren, kulturearen eta aberastasun ekonomikoaren iturri lez– eratutako hezkuntza, ekintzailetza, ikerketa eta garapen-sareari esker. Sare horretan aukerak emon deutsez ekonomia-egoera ahulean dagozan emakumeei, eta babesa emon deutse txokolatearen alorreko mikroenpresaburu bihur daitezan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu