Urrezko Hirukia Dimensión agentziari emon deutso EHGAM-ek
2018-06-28 12:35 KultureaBere buruaz beste egin eban Ekai gazte transexualaren gurasoei aitamen berezia egin deutse.
LGTB+ Harrotasunaren Egunagaz bat eginaz, Urrezko Hirukia eta Trapuzko Espartina sarien barri emon dau EHGAM alkarteak gaur. Askapen sexualaren prozesuan lagundu daben persona, erakunde edo alkarteek egindako ekarpena nabarmentzeko emoten dabe Urrezko Hirukia. Trapuzko Espartinea, ostera, kontrakoa da, gay, lesbiana eta transexualen eskubideak zapaldu dituenei emoten jake eta, jarrera hori salatzeko.
Aurten, Urrezko Hirukia Dimensión publizidade-agentziari emon deutsie, bere kanpainetan homosexualidadearen errealidadea naturaltasunez sartzen dauelako. Laboral Kutxarentzat eta Topa jatetxearentzat egindako iragarkiak azpimarratu ditu, batez be, EHGAMek. Alkarte horretako kide Imanol Alvarezek azaldu dauenez, iragarkiok normalizau egiten dabe berez gizartean normala dan gauza bat.
Dimensón agentziaren izenean, Maite Anasagastik hartu dau saria eta, eskerrak emoteaz batera, azalpen hau emon dau: Aniztasuna iragarleak eskatzen deuskun proiektuaren barruan sartzen ahalegintzen gara, errealidade baten parte dalako. Publizidadearen mundua balore atzerakoiak eta estereotipoak zabaltzeko tresna eraginkorra izan dala onartu dabe Dimensiónekoek, baina gizartearen alderdi guztiei adi dagoan sektorea dala ahaztu barik, eta, hortaz, aniztasunaren erakusle.
Bestetik, aurtengo edizinoan aitamen berezi bat egitea erabagi dau EHGAMek, bigarren Urrezko Hiruki baten parekoa. Ekai, bere buruaz beste egin eban gazte transexualaren kasua gogoan, haren gurasoei emon deutsie aitamena, Ana eta Elaxarri. Animoak emoteko eta egindakoa eskertzeko da sari hau, Alvarezen arabera. Gurasoek ziurtatu dabe semeak hasitako burrukeari eutsiko deutsiela.
Azkenik, Trapuzko Espartina nori emongo deutsien be esan dau EHGAMek, gero bila inor etorten ez dala onartu arren. Hainbat alorretako jenteari emongo deutsie aurten: La Manada auzi ezaguneko epaileei, José Ignacio Munilla Donostiako gotzainari eta Espainiako Adin Txikikoen Fiskaltzeari, Madre no hay más que dos dokumentala debekatzeagaitik.
Urtero hautagai asko egoten dira Trapuzko Espartinarako, baina beti dira antzekoak: Epaileak, alderdi jakin batzuetako politikariak eta eleizgizonak, dino Imanol Alvarezek. Aurten, danak sari bakarrean batu doguz.
LGTB+ Harrotasunaren Eguna dala eta Bilbn gaur egingo dan manifestazinorako deia be egin dau EHGAMek. Era horretako manifestazinoak Bilbon egiten hasi ziranetik 40 urte bete diranez, keinu historikoa egingo dabe, eta Zabalburun hastea pentsau dabe, hasierako urteetan legez. Hitzordua 20:00etan jarri dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!