Unibersidadeetako 829 ikaslek 317 artikulu barri gehitu ditue Euskarazko Wikipediara
2018-06-27 13:08 KultureaTxikipedia proiektua be sortu da euskal wikilariei esker, 8-13 urte bitarteko umeentzako entziklopedia.
Eusko Jaurlaritzeak eta Euskal Wikilarien Kultura Alkarteak igaz sinatutako akordioari esker, EAE-ko unibersidadeetako 829 ikaslek 317 artikulu barri gehitu ditue azken ikasturtean Euskerazko Wikipediara eta beste 716 artikulu hobetu. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak prozesu honen barri emon dau gaur goizean, Euskal Herriko Unibersidadearen Donostiako campusean. Unibersidade publikoa, hain zuzen, protagonista izan da dinamika honetan eta lan gehiena fakultade honetako ikasleek egin dabe. Hitzarmen honen barruan, 8-13 urte bitarteko umeentzako Txikipedia ekimena be sortu da.
Zupiria sailburuagaz batera izan dira Eusko Jaurlaritzako Euskera Sustatzeko zuzendari Estibaliz Alkorta, EHUko Euskera errektoreorde Jon Zarate eta, Euskal Wikilarien Kultura Alkartearen izenean, Galder Gonzalez eta Edurne Agirre. Munduan gehien irakurten dan entziklopedia da Wikipedia eta upealako zabalkundea dauka euskal gizartean. Egunero-egunero 70.000 euskerazko artikulu zabaltzen dira euskaldunon tablet, eskuko telefono edota ordenagailuetan. Hori dala eta, funtsezkoa da eduki anitza izatea, kalidadezkoa eta zehatza, adierazo dau Zupiriak.
Sortu edo hobetu diran artikulu askok lotura zuzena dabe igaz sinatutako akordioari esker abian jarritako Kalidadezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat proiektuagaz, hitzarmenaren ardatza. Ekimen honen jatorrian Wikipedia guztiek euki beharreko 1.000 artikuluen zerrendea eta antzeko nazinoarteko proiektuak dagoz. Hasieran 1.000 artikulu hobetzeko erronkea jarri genduan, baina laster jaubetu ginan zenbaki zehatz hori baino harago joango ginala. Danetara, 1.710 artikulu dagoz zerrendan, eremu guztietakoak. Ikasturtearen hasieratik, unibersidadeetako ikasleakaz batera eta beste bide batzuen bitartez, ehunka artikulu barri egin dira edo hobetu dira; horreetako asko zerrenda horretako gaiak dira eta beste askok lotura zuzena dabe zerrendan dagozanakaz, azaldu dau Galder Gonzalezek.
Esangura horretan, 1.710 artikulu horreetatik 264 egiteko dagoz eta 781 laburrak dira (5.000 byte baino gitxiago). 'Akordioa 2019ko abenduan amaituko da. Ganera, 1.710 gai horreekaz lotutako gaiak be gehituko doguz', azaldu dau Zupiriak.
Unibersidadearen parte-hartzea
Proiektu hau egiteko eta helburuak beteteko, metodologia zehatza sustatu da 2017-2018 ikasturtean. Lehenengo pausua egin beharreko lan guztia argitaratzeko lekua atontzea izan zan. Horretarako, Hezkuntza Ataria izeneko gunea sortu zan. Atari dinamiko honek 1.710 artikuluen zerrendarako sarbide erraza eskaintzen dau, baita lehiaketen jarraipenerako banerra, ikasleentzako baliabideak eta egiten dagozan proiektuen jarraipen loturak be.
Euskerazko Wikipedia elikatzeko prozesuan parte hartzen eben lagunei bidea errazteko asmoz, tutorialak eta esku-orriak be euskeratu dira. Laguntza orrialdeak be gaurkotu dira. Ekimenaren nondik norakoak azaltzeko, proiektuaren dinamizatzaileek 46 ikastaro emon ditue.
Unibersidadeakaz batera egin edo hobetutako lan gehienak UPV/EHUko ikasleen parte-hartzeari esker egin dira. Gitxienez 829 ikaslek hartu dabe parte eta egin edo hobetutako 1.033 artikulu horreen bitartez (317 egin eta 716 hobetu) miloe bat berba baino gehiago gehitu dira Euskerazko Wikipediara. Artikulu horreek 256.000 ikustaldi izan ditue sei hilebetetan eta 330 irudi barri be gehitu jakez.
Prozesu honetan parte hartu duten ikasle gehienak unibersidadeko laugarren mailan dagoz (% 52,6), eta beste % 21,1 hirugarren mailan dago. Ikasleen % 85 baino gehiagok balorazino ‘ona’ edo ‘oso ona’ egin dau ariketa honetaz, eta guztien % 94,7k errepetiduteko prest dagozala esan dabe.
Lehiaketen bitartez
Euskarazko Wikipedia hobetzeko asmoz, eta Euskal Wikilarien Alkarteak Eusko Jaurlaritzeagaz sinatu eban akordioaren barruan, aurten beste ekimen bat jarri da martxan: hilebeteko lehiaketea. Ekimen horren bitartez wikilari barriak lortu dira gitxi garatutako gaiei heltzeko.
Txikipedia
2018-2019 ikasturtean zehar sustatu dan beste proiektu nagusietako bat Txikipedia ekimen aitzindaria izan da, 8-13 urte bitarteko umeentzako Euskerazko Wikipediaren barruko bersinoa. Hasieran helburua zan 8-13 urte bitarteko umeentzako Frantzian sortutako Vikidia sustatzea, baina horrek zenbait arazo ekarzan. Testuinguru horretan sortu zan Txikipedia sustatzeko idea. Umeentzako entziklopedia honek lotura zuzena dauka Euskerazko Wikipediagaz eta Norvegiako wikilariek proiektua sustatzen lagundu dabe.
Euskerazko Wikipedia gaur
Euskerazko Wikipediak 294.000 artikulu ditu gaur egun eta 25.895.000 artikulu irakurten dira urtero. Igazko bagilean Eusko Jaurlaritzako eta Euskal Wikilarien Kultura Alkartearen artean akordioa sinatu ebenetik 12.410 artikulu barri sortu dira, horreetako asko lankidetza honek ahalbidetutako bideei esker. Akordioa hiru urtekoa da (2017-2019) eta Eusko Jaurlaritzeak 200.000 euro inbertiduko ditu urte bakotxean Euskerazko Wikipedia hobetzeko.
Munduko entziklopediarik irakurriena da Wikipedia, eta mundu zabaleko 300 hizkuntzatan argitaratzen da. Artikulu gehien dituen hizkuntzen artean 31. postuan dago euskerea, igz egoan postu berean. Halan da be, kalidadeari jagokoenez hiru postu igon ditu eta 52. postuan dago gaur egun.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!