Euskerearen Astea egingo dabe Frisian

Bizkaie! 2018-06-27 10:59   Euskerea berbagai

Garagarrilaren 1etik 8ra euskerea izango da protagonista Holandan, Frisiako Leeuwarden urian.

Holandako Frisian dagoan Leeuwarden urian euskerearen inguruko astea egingo da 2018ko Europako kultur uriburua dala eta antolatutako jarduera programa zabalaren barruan. Afuk (frisiera eta frisiar kulturea sustatzen dituan erakundea), Euskaltzaleen Topagunea eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko alkarlanari esker garagarrilaren 1etik 8ra euskerea izango da protagonista Language Pavilionen. Egitasmoak Europako hizkuntza txikien aniztasuna erakutsi, hizkuntza horreeen arteko hartu-emonak estutu eta hizkuntza aniztasunaz kontzientzia hartzea ditu helburu.

Language Pavilion uri erdiguneko Prinsentuin parkean dagoan egurrezko eraikina da. Publikoari zabalik dagoan gune honetara hurreratzen diranek Europako hizkuntza txikiak ezagutzeko aukerea dabe musikea, antzerkia, poesia, irakurketak, berbaldiak, aurkezpenak, gastronomia eta bestelako kultur adierazpideen bidez. Martia eta urria bitartean, astero, Europako hizkuntza txiki desbardin bat da protagonista.

Holandako eskualdeetako hizkuntza eta dialektoen, eta gaelikoa eta sorbierea lako hizkuntzen ostean euskerearen txandea izango da garagarrilaren hasieran. Ahozko literaturea, kantagintza tradizionala eta bertsolaritzea izango ditu ardatz euskerearen asteak, eta, besteak beste, berbaldiak, tailerrak eta kontzertuak egingo dira Xabi Paya bertsolaria eta Joxan Goikoetxea musikariaren eskutik.

Garagarrilaren 1ean hasiko da euskerearen astea sorbiar kulturea (aurreko asteko protagonista) eta euskal kulturearen arteko topaketeagaz. Kultura bi horreetan oinarritutako emonaldiak eskainiko ditue egun horretan.

Hilaren 4an, Language Café (Hizkuntzen Kafea) egingo dabe. Language Pavilionen astero egiten daben jarduera honetan Xabi Paya eta Joxan Goikoetxeak euskal kantagintza tradizionalean oinarritutako kontzertua eskainiko dabe.

Ekitaldi nagusia eguenean izango da, garagarrilaren 5ean, eta zati bi izango ditu: Lehenengo zatian, Frisiako hainbat artistak bertako abestiak joko ditue. Bigarren zatian, euskal artistek Bost berba izeneko emonaldia eskainiko dabe. Kontzertu honetan, euskal kulturara leiho bat zabalduko dabe, horretarako historia eta bost berba zehatzek izan daben bilakaerea erabiliz (arbola, trena, gerrea, emakumea eta hizkuntzea). Berbon bidez publikoak Euskal Herriaren bilakaerea ulertzeko aukerea izango dau, esaterako, arbola berbeak Gernikara bidaiatu eta hainbat gai jorratzeko aukerea eskainiko dau: foru sistemea, Picassoren koadroan islatutako bonbardaketea... Berba horrek berak Argentinara bidaiatzeko aukerea eskainiko dau, Pedro Mari Otañoren bertsoak atxakia hartuta. Izan be, Rosarion, bere etxe aurrean egoan onbuari (Argentina ipar- ekialdeko arbola tipikoa) bertsoak jarri eutsozan.

Garagarrilaren 6an, Xabi Paya eta Joxan Goikoetxeak bost jarduera labur eskainiko ditue, bertsolaritzea, kantagintza tradizionala eta ahozko literatureari lotuak. Lehenengo tailerrak lehen bertsoen grabaketea izango dau aztergai, 1926an, eta euskal ahozko literaturearen analisirako material honek dauen garrantzia azalduko dau. Beste tailer batean, Shakespearen soneto famatuak euskerara itzuli eta abesti garaikideen letra bilakatzeko egindako sormen prozesua landuko dabe.

Frisiarrek bertsolaritzan daben interesa aintzat hartuta eta Joxan Goikoetxearen esperientzian oinarrituz, bertsotarako melodiak zelan sortu erakusteko tailerra be egingo dabe. Era berean, egun horretan Language Pavilionera hurreratzen diranek bertsolaritzearen sekretuak ezagutzeko eta euren hizkuntzan bertso bat sortzeko aukerea izango dabe.

Azkenik, historian zehar bertsolari desbardinek euren bertsoetan nazinoaren idea zelan islatu daben azalduko dabe beste tailer batean.

Egun horretan bertan, Donostia Kulturaren Beste Berbak - Other Words egitasmoak ekitaldi bat antolatu dau Language Pavilionen: Visions of the Basque Country trough Frisian eyes (and words).

Euskerearen asteak garagarrilaren 8an izango dau amaierea. Egun horretan Man islako gaelereari emongo deutso lekukoa. Ondorengo asteetan malterea, kornubierea, galegoa eta asturiarra be pasauko dira Language Pavilionetik, besteak beste.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu