Eusko Legebiltzarreko Euskaraldiaren hamaikakoa martxan
2018-06-27 10:07 Euskerea berbagaiBost legebiltzarkide eta sei behargin aukeratu ditue.
Zemendiaren 23tik abenduaren 3ra egingo dan Euskaraldia: Hamaika Egun Euskaraz ekimenagaz bat egiten dabiz Euskal Herri guztiko udal, erakunde eta alkarteak. Eusko Legebiltzarrak apirilaren 19ko batzarrean erabagi eban Euskaraldia babestea eta orain bere hamaikakoa aurkeztu dau. Eusko Legebiltzarreko aniztasuna aintzat hartuta, ordezkaritzea daben bost talde politikoetako legebiltzarkide bana dagoz, baita lan administratiboetan ibilten diran sei behargin be. Honeek dagoz Eusko Legebiltzarraren hamaikakoan: Aitor Urrutia (Euzko Abertzaleak), Jasone Agirre (EH Bildu), Julen Bollain (Elkarrekin Podemos), Eneko Andueza (Euskal Sozialistak), Laura Garrido (Euskal Talde Popularra), Natxo Apaolaza, Ainhoa Arbaiza, Aintzane Martín, Andoni Larrañaga, Elena Llona eta Elena Vera.
Zerrenda horretan ikusten danez, gizon eta emakumeen arteko orekea gorde dabe. Ganera, Euskaraldian parte hartzeko orduan, Belarriprest zein Ahobizi izango diranak dagoz. Euskeraz ondo jakin ez, baina besteek euskeraz egin deien erraztuko dabenak dira Belarriprest. Euskeraz ahal dan guztietan egiteko konpromisoa hartuko dabe, bestetik, Ahobizi rola dabenek.
Izan be, euskeraz ondo dakienak zein ulertzeko gauza diranak inplikauta, 16 urtetik gorako herritarrak euskerearen erabilerearen alde aktibetea da Euskaraldiaren asmoa. Hamaika egunez, erabilerea handitzea da helburua, hori ohiturak aldatzeko abiapuntu izango dalakoan. Hortaz, ariketa sozial praktiko bat da, eguneroko jarduna euskalduntzeko sortua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!