Merkealdia produktuen prezioan, ez kalidadean, ezta kontsumitzaileen eskubideetan be
2018-06-27 09:35 KultureaMerkealdiaren liberalizazinoa indarrean dagoanetik, saltoki asko udako sasoiaren hasierako eguna (garagarrilak 1) baino lehen hasi dira deskontuakaz.
Merkealdia erosketa probetxagarria egiteko aukera ona izaten da, beti be arrazoizko jarraibide batzuei erreparauta, besteak beste, zentzuzko aurrekontua eta erosketa zerrendea zehaztea komenidu da, erosiko dan produktu bakotxean kalidadeari eta deskontuari erreparau...
Hona hemen EKA/ACUV-en aholkuak:
- Erosketa zerrendea eta aurrekontua. Lehen pausua aurrekontua eta erosketa zerrenda bat zehaztea da, aurretik behar edo nahi doguzan produktuak eta gure ekonomiak erosketa horretarako ixten deuskuna be ondo pentsauta.
- Kontuz txartelagaz. Kredito edo debito txartela erabilten badogu, zentzudun gastu mugea be ezarri behar da, izan be, txartelagaz pagau ezkero, eskudiruagaz baino gitxiago konturatzen gara egiten gagozan gastuaz. Jakin behar da merkealdian saltokiek txartelagaz ordaintzea galarazo leikiela, horixe nabarmen ohartarazota.
- Ondo erreparau etiketeari, prezio bikotxari. Karteletan iragarten diran deskontu deigarriak ez dira beti saltokiko produktu guztietan ezartzen. Ondo begiratu behar da beraz gura dogun artikuluaren etiketea, izan be, horrek merkealdiko salneurria zein aurrekoa (edo ezarritako deskontu portzentajea) azaldu behar ditu.
- Kalidadea be begitu. Merkealdian saltzen diran artikuluek ezin dabe akatsik euki eta salgai egon behar izan dira merkealdia hasi baino hilebete lehenagorarte gitxienez. Produktu akastunak saldoetan edo likidazinoetan saldu daitekez, ez merkealdian. Halan da be, erosi aurretik komenidu da aztertzea akatsik ez dagoala egiaztatzeko.
- Bermeetan murrizketarik ez onartu. Merkealdian Bermeen Legea ez doa oporretan. Produktu barriek urte biko bermea izaten jarraitzen dabe, eta bigarren eskukoek, urtebetekoa. Idatzizko edo eustarri iraunkorreko bermea beharrezkoa da bizitza luzeko produktuetan (etxeko elektrotresnak, erremintak, altxariak, jostailuak, instrumentuak, ibilgailuak...).
- Artikulua aldatzeko edo itzultzeko aukeraz galdetu. Merkealdian zein denporaldi normalean merkatariak erositakoa aldatu edo dirua bueltau behar dau produktuak akatsen bat dauenean edo saltokiaren edo produktuaren publizidadean kontsumitzailearen aldetik justifikazino beharrik bako aldaketea edo diru itzulpena iragarten badira. Dana dala, produktu bat erosi baino lehen komenidu da ondo egon arren alda daitekeen galdetzea, merkatari askok hori onartzen dabelako.
- Tiketa hartu eta gorde. Erosketaren tikea edo frogagiria hartu eta gorde egin behar dogu beti, izan be, ezinbestekoa da erreklamazino bat aurkezteko, adibidez produktua akastuna dalako edo ondo ez dabilelako.
- Uko egiteko eskubidea urrutiko salerosketan. Produktu galkorren, personalizatuen eta beste salbuespen batzuen kasuak kenduta, Internet eta telefonoaren bidezko salerosketan 14 egun naturaleko epean gauzatu behar dan uko egiteko eskubidea daukagu (erositakoa bueltau eta dirua berreskuratu), erabakia justifiketako beharrik barik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!