Miren Artetxe: 'Kolektibotasuna giltzarria da edozein eraldaketa sozial sustatzeko'

Bizkaie! 2018-06-26 09:05   Barriketan
Miren Artetxe Sarasola eta Ane Labaka Mayoz | Ikusi handiago | Argazki originala

UEUren 46. Udako Ikastaroen barruan Bertsolaritzea genero ikuspuntutik aztertzeko ikastaroa hasi zan atzo Iruñean. Miren Artetxe Sarasola eta Ane Labaka Mayoz bertsolariak dira ikastaroko arduradunak.


1.- Bertsozale Alkartean Genero Taldea sortu zala hamar urte dira. Bertsolaritzea genero ikuspuntutik begiratzen badogu zeintzuk izan dira zuen ustez mugarriak?

Miren Artetxe: Aitatu dozuna da bat, jakina. Euskal Herriko Bertsozalek genero perspektibea lantzen hasteko erabagia hartu izana eta horretarako neurriak martxan jarri izana bada zeozer.

Horrezaz gan, izan dira bestelako mugarriak be. 2003an, emakume bertsolariak Askizun alkartu ginanekoa, adibidez. Gutako askok lehen aldiz berba egin genduan beste emakume bertsolariakaz emakume eta bertsolari izateaz. Ordutik behin baino gehiagotan batu gara, modu informalean. Eta topaketa horreetako eztabaidetatik asko ikasi dogu danok.

Bestetik, Uxue Alberdi eta Ainhoa Agirreazaldegik lehen aldiz bertsolaritzea ikuspegi feminista batetik begiratu izana begi-zabaltze bat izan zan, akademiako lanak edo mobimentu feministea urrun geratzen jakuzanontzako.

Bai saretzeak eta bai irakurketa feministeak tresnak eskaini deuskuez bizi doguna egitura baten barruan ulertzeko. Eta hortik aldaketak eragitera be igaro gara. Azken urteotan, esaterako, asko zabaldu dira Ez Da Kasualidadea lako saioak edo gehienbat emakumez osotutako saio feministak be, eta horreetan bizi dogunak be zer pentsau handia emon deusku. Ahalduntze bertso-eskola deiturikoa be sortu da Genero Taldearen babesean, eta ederra da plazatik kanpora be bertsogintzeari buruzko gogoetak eta bizipenak konpartidutea.

Hedabideei begira, azken txapelketea be mugarri izan dala dirudi. Eta azken aldian generoaren gaia pil-pilean dago bertso-munduan be. Horregaitik batu nahi izan dogu Iruñean, gai honen inguruko irakurketak konpartidu, eztabaidatu, eta galdera barriak sortzeko.


2.- Kolektibotasuna giltzarria izan da...

M.A: Bai, berebiziko garrantzia izan dau alkar ezagutzeak eta gure bizipenak alkarbanatzeak. 2003an batu ginanean askok ez genduan alkar ezagutzen. Pentsau, saio bakotxean neska bat baino gehiago egotea ez zanez ohikoa, askok ez genduan inoiz alkarregaz kantau.

Garrantzitsua izan da alkarrizketaz alkarrizketa jaubetzea geure ezintasun lez ulertzen doguzanak, sarri ez dirala geureak bakarrik. Eta emakume lez bizitako hainbat egoera deseroso konpartiduteko guneak sortu izana be bada askatzaileat.

Kolektibotasuna giltzarria da edozein eraldaketa sozial sustatzeko. Bertsolaritzea sistema bardinzaleago, inklusiboago eta aberatsago izan daiten beharrezkoa izango da modu kolektiboan ekimenak bultzatzea, erabagiak hartzea... Aldaketak berez etorriko dirala pentsetan dau askok. Banakako ibilbideen baturea bera izango dala aldaketearen muina. Eta jakina, banakako ibilbideek sekulako garrantzia dabe. Hor dago Maialen Lujanbio, eta hor dagoz bere bi txapelak. Bere eraginez, besteak beste, bertsogintzearen kanona bera dago aldatzen, adarkatzen, aberasten... Gu ume ginala existiduten ez zan erreferentzia bat da bertso-eskoletan dabilzan gazteentzat. Baina, batek lortzeak ez deutso baitezpada besteei bidea errazago egiten. Aldaketea ez da hain automatikoa, zoritxarrez.


3.- Zenbat geratzen da Estitxu Eizagirrek gizonkera batua deitu eban horretatik?

M.A: Bertsolaritzea, gaur egun ulertzen dogun moduan, gizonek garatu izan dabe, orain gitxi arte. Gizon bertsolariek euren ikuspuntutik kantau izan dabe, euren moldeetan eregi ditue bertsolarien arteko harremanak, antolatzaileakazkoak. Ez da sinplifikazino absurdo bat. Emakume zein gizon lez irakurriak desbardin hezi gaitue, gizarteak ez deuskuz gauza berak eskatzen ez eta mobimentu tarte berak eskaintzen. Esangura horretan, gizonentzat neutroak ziran egiteko moldeak ez ziran hain neutroak emakumeontzat. Mundu horretan sartu nahi eban emakume bertsolariak moldean sartu beharra eukan. Eta odo etorria zan. Baina ez zan inklusinorako beharrik ikusten.

Asko aldatu da bertsolaritzea, batez be eremu formalenetan; txapelketan, esaterako. Gaien mamina zein formulazinoa asko egokitu dira. Bertso-saio feministetan edo gazte-mobimentuaren ingurukoetan be oso kontuan hartzen da genero perspektibea oholtza gainean. Gizonkera batuak gero eta leku gitxiago dauka, beraz, oholtzan. Baina, esango neuke nahikoa bizirik dagoala oholtzatik kanpo. Badogu horri buruz zer gogoetatu.


4.- Ez da kasualidadea emakume bertsolariak euren buruagaz zorrotzagoak izatea...

M.A: Bertsolaritzan gabilzanok ez gara mundu isolatuan bizi. Emakume eta gizon bezela irakurten gaituenetik emakume eta gizon bezela sozializatuak gara, horrek dakarren guztiagaz. Jakina da neskei eta mutilei oso txikitatik esleitzen jakezala ezaugarri desbardinak. Maiz pentsatu arren izakera kontuak dirala, berezkoak, geure-geureak, uste doguna baino -eta onartu nahi geunkena baino- gehiago izaten da ikasia. Neskoi ez jaku espazio publikoa hartzen erakutsi, esan jaku egiten doguna egiten dogula, txukun eta egoki egiteko.

Eta bertsotan bat-batean egitea gorputza oholtzaren erdian jartea da. Eta berbea hartzea. Eta akatsak egitea. Eten barik. Neskoi oro har gehiago kostetan jaku gaizki egitea. Ikusi besterik ez dago lurraldekako txapelketetan parte hartzen daben gizon/emakumeen eta aurreragoko faseetara sailkatutako gizon/emakumeen ehunekoak zelan aldatzen diran. Bertsotan egiten ausartzen diran neskak ez dira txarrenak izaten. Bertso-eskoletan, ume eta nerabe garaian kopurutan bardintsu ibili dira neskak eta mutilak bertso-eskoletan. Eskolarteko txapelketan be emoitza bardintsuak ditue. Eta ikaragarria da 18 urtetik aurrera bertsotan egiten daben neska eta mutil kopuruen arteko aldea.

Bada hor zer landua. Norberak bere buruagaz, bai, baina, baita modu kolektiboan be. Ezin dau bertso-munduak gizartearen eragina erabat neutralizau, baina, saia daiteke bere egitura propioei jagokenez, modu kontzientean eragiten.


5.- Ane, zuk genero ikuspegitik bakarrik ez umoretik be landu dozu gaia. Umorearen inguruan baino umoreen inguruan berba egin beharko geunke. Zeintzuk litzatekez?

Ane Labaka: Orain hiru urte inguru ikergaitzat umorea hautatu neban, bertsolari lez plaza desbardinetan kantauta, baneukalako intuizinoa umore mueta desbardinak be lekutzen zirala, bertso-giroaren, plazearen, bertsokideen arabera. Azken aldian bertsolaritza singularrean beharrean pluralean deklinau behar litzatekeela dinogu, bertsolaritzeak dagozala, gero eta ezpalduagoa eta anitzagoa dala bertsolaritzea. Honi erantzunez, bertsolaritzeak dagozan bezela umoreak be badagozala argudiatzen ahalegintzen naz ni.

Umorea poterea da, lotura estua dau potere-harremanakaz eta harremanok kontuan hartuz umorea hiru noranzkotan (behintzat) eregi daitekeela babesten dot. Lehena, goitik beherako umorea litzateke, potere posizinoan dagoanak azpiratuari buruz egiten dauena. Bigarrena, kontrakoa, behetik gorakoa, menperatuak menperatzailearen poterea zalantzan jarteko erabili leikena. Hirugarrena, eta nire ustetan interesgarriena, parez pareko umore deitzen deutsadana. Kasu honetan parez pareko loturea legoke umore subjektuaren eta objektuaren artean eta enpatiaz egingo leuke barre hartzaileak. Bertsolaritzearen barruan, umore hegemonikoa (orain arte plazako jardunean nagusi izan dana, maskulinoa eta goitik beherakoa) eta bazterreko umoreak edo subersiboak (behetik gora eta, batez be, parez pare eregiak) bereizten dodaz.

Umorea, beraz, hegemoniak edo arauak marketan dauen hori indartzeko eta betikotzeko edo, kontrara, hausteko eta iraultzeko erabili daiteke.


6.- Gai-jartzailetzan bide berriak zabaldu dira, baina bestelako umorea egiteko, bestelako diskursoak eregitekoo, buruan atzeko partean doguzan tiraderetan arakatzeko egiten dan ahalegina balioesten al dau publikoak (epaileak txapelketan) eta alderantziz, umore matxistea, arrazistea, ezaugarri fisikoetan oinarritua... zigortzen al da behar beste?

A.L: Aurreko galderan ninoan moduan, bertsolaritzea eta plaza mueta desbardinak dagoz egun. Horreetako zenbaitetan (giro feministetan eta), bestelako saiakera guztiak txalotuak eta balioetsiak dirala esango neuke. Publikoa horretara ohitu dala eta hori eskatzen dauela.

Halan da be, saio hegemonikoetan, tradizinoak eta aurrez egin danak pisu handia dauka oraindino. Publikoa beti ez da kapaz bertsolariak bestelako bide bat jorratzeko egindako ahalegina balioesteko eta, ganera, beti egin izan diran moduko txisteak, esaterako, balioetsi eta txalotu leikez oraindino, horretara ohitu dalako, holan izan dalako beti. Umorea, ganera, dibersinoagaz eta gozamenagaz lotuta ulertzen dogu. Gogoetatik edo seriotik dabilen bertsolari bat entzutean entzuleak askoz errazago atzemongo dau bere ideologiako marra gorriren bat igaroten badau. Umorearen kasuan, barriz, gorputzetik bertatik erantzuten da askotan, barre egiten jako kantau denari, euforiaz txalo jo, eta hausnarketarik izatekotan ondoren etorten da hausnarketea.

Epaile lanetan dabilenari, ostera, gaiokaz lotutako formazino zehatza jasotea jagoko eta modu kolektiboan epaile taldeek kasuotarako protokolo bateratuak diseinau beharko leukiez. Dagoeneko hainbat jarrera eta edukik lekurik ez daukiela begitantzen jat.

Egia da txapelketako markoan legebidezkotzen dirala maiz kanonak, bertso-moduak eta bertsoa neurtzeko eta balioesteko parametroak. Txapelketara doan entzulea be inoiz baino epaileago joaten da, bere jarrerea desbardina da bere herriko urteroko bertso-saiora daroanagazko.


7.- Gorputza be presente egongo da ikastaroan...

A.L: Jakina, ikastaroak bertsolaritzearen eta genero-ikuspegiaren inguruko eztabaida lerro nagusiak batzea dau helburu eta gorputzearena emakume bertsolariok oso presente daukagun gaia da.

2001ean Joxerra Garziak, Andoni Egañak eta Jon Sarasuak bertsolaritzeari buruzko teoria osotuenetako bat plazaratu eben. Komunikazinoaren arloan kokatu eben bertsolaritzea, erretorikoaren generoari atxikita. Berbearen kirol nazionaltzat be hartu izan da.

Egun, ikuspegi feministatik, bertsolaritzearen definizino barriak aldarrikatzen gabiz eta, hain zuzen be, aurreko definizino eta ulerkera horrek gorputzeari lekurik ez egitea kritiketan da askotan, izan be, bertsolaritzea burutik bururako lehia moduan ulertu izan da.

Uxue Alberdik, esaterako, bete-betean helduko deutso gai honi ikastaroko bere hitzartzean. Emakume bertsolarien gorputzen gainean egiten diran irakurketak eta sorkuntzarako mobimentu tartea izango ditu berbagai eta aitagarria da Alberdik berak egindako batze lana, izan be, gai honegaz lotutako lehen pertsonan idatzitako testigantzak eskatu deuskuz hainbat emakume bertsolariri eta gorputz bakotxak jasandako eraso eta erresistentzien inguruko lagin bat osotu ahal izan dau. Batze lan horreetatik gorputzen inguruan hausnartzeko gako barriak sortuko dirala pentsetan dot.

8.- Bertsolaritzearen mobimentua ez dago gizartetik kanpo eta bertsolaritza barruko zein kanpoko begirada feministak izango dira ikastaroan.

A.L: Bai, hasieratik izan genduan argi hau holan izango zala eta bertsolaritzearen barruko adituez gan kanpokoei be parte hartzeko eskatuko geuntsela. Bertsolaritzeak azken urteotan genero-ikuspegitik azaldu daitekeen bilakaerea emon badau, neurri handi batean praktika eta diskurso feministei leku egiten asmau dauelako izan da.

Bertsolaritzea gizartearen isla da eta gizarteko beste ezein alorretan emakume batek izan leikezan mugen barri emoteaz gan, gizarteko beste alor askotan emondako aurrerapausu, eztabaida eta ekarpenak be islatzen ditu. Orain urte batzuetatik hona, ganera, bertsolaritzeagazko interesa agertu dabe beste hainbat diziplinek, berbarako, antropologia feministeak. Akademiaz gan, beste kultur adierazpideetan dabilzan emakumeen ahotsei leku egitea be aberasgarri begitandu jaku, ganerako kultur-sistemetan zer jazoten dan ezagutu ahal izateko.

Nabarmena da gaur egun bi norabidetako alkar elikatze moduko bat dagoala feminismoaren eta bertsolaritzearen artean. Ganera, interesgarria da nabarmentzea bertso-eskolan dabilzan emakume bertsolari gazte askorentzat bertsolaritzea izaten dala feminismoranzko sarbidea eskaintzen deutsena eta, alderantziz, mobimentu feministeak bertsolaritzan interes hori agertu dauenez, egun bertsolaritzara feminismotik heltzea be posible dala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu