2018ko Bai Euskarari Sariak Talleres Mitxelena, Fideslan, Jon Garaño eta Aitor Arregirentzat

Bizkaie! 2018-06-25 12:50   Euskerea berbagai

Alor sozioekonomikoan euskereak aurrera egin behar dauela azpimarratu dau Rober Gutierrezek.

Udako solstizioaren giro magikoan, sorginak eta sua lagun, egin dabe 2018ko Bai Euskarari Sariak banatzeko ekitaldia. Aurreko urteetan legez, hiru ataletan egon dira sarituak: Zerbitzua eta lana euskaraz kategorian, Fideslan aholkularitza enpresea aukeratu dabe. Zerbitzua euskaraz mailako saria Talleres Mitxelena kooperatiba industrialak jaso dau. Hirugarren sarian persona bi saritu ditue, Handia pelikulearen zuzendari Jon Garaño eta Aitor Arregi, euskal kulturea eta zinemearen industria eten barik hazteko lan egiteagaitik.

Bai Euskarari Ziurtagiriaren proiektuak hamazortzi urte bete barri dituan edizino honetan, erakundeen ordezkaritza zabala egon da: Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Gipuzkoako Hizkuntza Bardintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabal, Arabako Foru Aldundiko, Udalbiltzako eta Batzar Nagusietako kideak, euskalgintzako komunidadea, enpresak eta alkarteak.

Rober Gutiérrez Bai Euskarari Alkarteko zuzendariak nabarmendu dau hamazortzi urteotako lorpenek aurrera jarraitzeko adorea emoten deutsiela. Euskal Herri osoko ia 1.400 enpresa, saltoki eta era guztietako entidade baino gehiago egiten dabizan lana, konpromisoa, eredua eta eragina txalotu ditu. Ahalegin horri autortza publikoa egin behar jakola uste dau, balioa emon behar deutsagu egiten dabizen lanari.

Ganera, alor sozioekonomikoan saltoa egiteko momentua dala dino, euskereak enpresa munduan leku handiagoa irabazi deian. Bide horretan Bai Euskarari Alkarteak egindako ekarpena azaldu dau. Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da, gero eta eragin eta arrakasta handiagoa daben proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen gabiz Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jarteko. Enpresarean, Lansarean lan-ataria eta aplikazinoa eta abar aitatu ditu.

-Talleres Mitxelena: Industria eta teknologia sektoreko Hernaniko kooperatiba euskalduna da, mende erdia baino gehiago daroa Euskal Herriko eta munduko bezeroentzako pieza industrial handi eta bereziak egiten. Persona gogotsuak, inplikatuak, motibaduak dira, eta % 100 euskaldunak. Euskeraz bizi eta lan egiten dabe bertakoek, sariak emoteko ekitaldian adierazo dabenez. 2012an lortu eben Bai Euskarari ziurtagiriaren Zerbitzua euskaraz mailea eta hizkuntzearen aldeko proiektu askotan parte-hartzen dabe.

-Fideslan: Enpresa-kudeaketan eskarmentu zabaleko profesional taldea da, enpresa estrategietan adituak dira. Hango beharginek modu naturalean integrau dabe euskerea, eta bezeroei zuzentzeko orduan euskerazko aholkularitzea oso ondo baloretan dala adierazo dabe. 2012an Bai Euskarari ziurtagiria lortu eben eta 2015ean heldu ziran maila gorenera, Zerbitzua eta lana euskaraz mailara.

-Jon Garaño eta Aitor Arregi: Pelikula baten zuzendari bi baino askoz gehiago dira. XIX. mendean bizi izan zan Altzoko Handia mundu zabalean ezagutarazo dabe, euskeratik abiatuta. Bai Euskarari Alkarteak hazten eta euskal kulturearen sendotzen segitzeko eskatu deutse.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu